Irailean hasiko da Hitzetik Hortzerako denboraldi berria
Irailaren 14an hasiko den denboraldiak iazkoak baino sei programa gehiago izango ditu, eta apiril amaieran emitituko da azken atala. Mirari Martiarenak segiko du aurkezle lanetan.
Programa audientzia gehien izaten den denbora tartean eskainiko da, larunbat gauetan, 21:00etan. Hitzetik Hortzerako lan taldea hasi da dagoeneko sukalde lanetan.
Denboraldi berriak izango dituen berritasunen artean dago Manex Pagola musikariaren parte hartzea, musika elektroniko eta tradizionala nahastuko baititu bertsolariek sortuko dituzten sortak musikatzeko. Bertsoaldiak programaren oinarri izaten jarraituko dute eta astero-astero Euskal Herriko bi herri ezberdinetan izango da Hitzetik Hortzera bertso jaialdi, otordu edo ekitaldi bereziak jasoz.
Txikitik handira atalean, bertso eskoletako gaztetxoek bertsolaritzari buruzko euren hausnarketak egiten jarraituko dute.