Katebegiz katebegi
Udaberri garaian izango zen, 1960ko hamarkadan, igande eguerdietan Loiolako Herri Irratiak bertsolarien saioak emititzen zituenean.
Katebegiz katebegi –
Gure amak sukaldeko leihoak zabal-zabalik jarri, irratiaren bolumen gurpiltxoa topera eraman, eta han jarduten zuten bertsolariek kanta eta kanta. Propaganda ekintza bat zen gure atte-amentzat: entzun zezala jendeak kaletik bertsolarien euskara.
Ormaiztegin bagenuen bertsolari bat: Bixente Mujika Etxaburu. Aldizkari honetan bertan (Bertsolari, 2018-02-15) kontatuta dauka Euxebio Igartzabal gabiriarrak, gure herriko LETAG motor fabrikan lanean hasi zenean, Etxaburu tokatu zitzaiola enkargatu. Eta hauxe esan ziola behin hark: “Lazkao Txiki historiara pasako den bertsolaria dek”. Lazkao Txiki eta Bixente lagunak ziren, antagonikoak gorpuzkeraz: Etxaburu gizon luze eta sendoa zen; bikote bitxia osatzen zuten ormaiztegiarrak eta lazkaomenditarrak.
ETBko Hemen eta Munduan saioan nenbilela, Estepan Aldamiz-Etxebarria zuzendariak txapelari buruzko erreportaje bat proposatu zidan. Egin nituen grabazio ugarien artean bat Ordiziako Azokan izan zen; jakinekoa da –edo zen behintzat orduan, 80-90eko hamarkaden artean– txapel erabiltzaile ugari aurkituko nituela. Eta tartean, txapelik gabe baina hitz egiteko prest, han topatu nuen Lazkao Txiki. Sekulako korte ona eman zidan, txapelari buruz, zehazki txapel zikiratuari buruz; alegia, txapelak txortena galtzen duenean, zikiratuta geratzen dela, eta ez duela ezertarako balio. Lazkao Txiki, bertsotan ez ezik, maisua zen hizketan, filosofatzen.
Bertsolarien mundutik gordetzen dudan oroitzapenik dramatikoena Zeruko Argiako erredakzioan bizi izan nuen, 1976ko irailaren 8an, astelehena. Bulegora sartu, eta ikusi egin behar zen Mikel Atxagaren aurpegia: aurreko egunean, Urepelen eskaini zioten omenaldiaren erdian hil zen Xalbador bat-batean. Xabier Letek tragedia horretatik sortu zuen Xalbadorren heriotzean kanta.
Bertsolaritzarekin eduki dudan lan harremanik estuena Gipuzkoako Diputazioaren Euskarako Zerbitzuan nenbilela izan zen. Imanol Murua zen artean Kulturako diputatu, eta egun batean etorri zen esanez gaztetxoentzako bertsolari txapelketa antolatu behar genuela. Esan eta ekin. 1981ean ospatu zen Gipuzkoako Eskolarteko Lehen Bertsolari Txapelketa. Larunbata zen, eta Kutxak Donostiatik Hernanira bidean daukan landetxe handi hartan egin zen, goizetik hasita. Irabazleak Jon Sarasua gazteen artean, Jon Iñaki Izarzelaia txikietan. Debagoienekoak nagusi, Almen ikastolaren inguruan Patxi Goikoleak egiten zuen lanari esker, besteak beste. Sarasuatarren artean, Jonez gain, Aitor eta Iñaki ere izan ziren lehian; eta gerora ezagun egingo ziren beste izen batzuk: Danel Goikolea, Felix Iñurrategi, Xabier Euzkitze… Ezin dut erabat ziurtatu, baina nik praka motxetan imajinatzen ditut gehienak. Txapelketan parte hartu zuten guztiak saritzeko, Iparralderako bidaia prestatu zuten antolatzaileek, eta han Xanti Iparragirre –errefuxiatua zen orduan– izan genuen gidari.
Errepasoa egin eta konturatu naiz gizonezkoak bakarrik aipatu ditudala orain arte. Milia Lasturkoaren garairaino joan gabe, iragan mendean hasi ziren jendaurrera ateratzen emakumezko bertsolariak: Kristina Mardaras iurretarra lehenengo, eta geroxeago Arantzazu Loidi, Aretxabaletakoa, Almeneko uztakoa.
Kontraesanetik libre ez dagoen aitorpen bat egin beharrean nago: bertsolarien mundutik gehien ukitu nauen obra? Ba prosaz idatzitako liburu bat da: Uztapideren Lengo egunak gogoan (Auspoa, 1975). Artean kazetari ikasketak egiten nenbilen; udako gau batean heldu nion liburu horri, eta ezin izan nion jaregin bukatu arte. Kazetaritzarako baliagarria zen idazkera sotil eta zehatza aurkitu nuen Manuel Olaizolaren kontaeran.