Aner Peritzek irabazi du 52. Osinalde Bertso Sariketa
Peritzek hirugarren eta, beraz, azken aukera zuen horretarako iragan larunbatean ospatutako txapelketan. Aitor Tatiegirentzat izan ziren bertso onenaren eta entzuleen saria.
Aner Peritzek irabazi du 52. Osinalde Bertso Sariketa –
Saio fina eta dotorea egin zuten apirilaren 6an Gabiriko finalera heldu ziren sei bertsolariek: Aner Peritz, Aitor Tatiegi, Eki Mateorena, Maddi Aiestaran, Bittor Altube eta Aitor Ugarte.
Peritzek saio borobila egin zuen, eta entzule askoren iritziz aurretik joan zen nabarmen. Zalantzan zeuden bertsozaleek Tatiegiren izena aipatzen zuten, eta horren erakusle izan zen oñatiarrak bai bertso onenaren eta bai entzuleen saria jaso izana. Azkenean epaileek bertaratu ziren bertsozale ugariren erabaki bera hartu zuten. Peritz bigarren geratu zen iazko edizioan, eta aurten lehen postua eskuratu du.
Kartzelako lanean, ofizioka Eki Mateorenarekin hamarreko txikian botatako lehenengo bertsoak merezi izan zion bertso onenaren saria Tatiegiri; “elkartzeko ez al da / egiten orea / nere denbora eta / zure zaporea” amaitu zuen, “badakizue ez dela komeni, buruhaustea besterik ez dizuela ekarriko, baina bion arteko tentsio sexuala handiegia da” gaiari. Lehenxiago, kartzelako lehen ariketan, hitz banari kantatu behar izan zien; Mateorenak ‘zaporea’-ri eta Tatiegik ‘denbora’-ri.
Epaile lanetan Asier Iriondo, Asier Ibaibarriaga, Lurdes Murua, Aratz Igartzabal eta Eresti Oiarbide aritu ziren. Ane Etxezarretak aurkeztu zuen saioa.
Goierri Telebistak saio osoa grabatu zuen, hemen duzue ikusgai.