Estitxu Arozena: "Plazaz plaza asko formatu dira feminismoan, hortik heldu da loraldia"
Leitzan jokatutako Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalean, 1995eko apirilaren 2an, jantzi zuen Estitxu Arozenak lehenengoz txapela. Lehen emakumea izan zen txapela irabazten, eta hura gogoratzeko aitzakiaz mintzatu gara berarekin.
asko formatu dira feminismoan –
Iraia Oiarzabal, NAIZeko Artefaktuan.
Kokatu gaitezen 1995eko apirilaren 2an. Nafarroako txapela jantzi zenuen lehenengoz, gero gehiago etorriko ziren. Lehen emakumea izan zinen txapela irabazten. Orduan, ze oihartzun izan zuen?
Nik uste dut gerora hartu duela beste dimentsio bat. Kontziente ginen, bai, denbora generaman kantatzen, baina txapela irabaztearena bazen garaipenaren ikur hori, ez? Irudi bezala, emakume bat txapela jantzita, bai, izan zen lehenbizikoa. Gero, aita ere hor zegoen eszenatokian, finalean berarekin kantatu nuen. Lehen emakumea izatearen kontzientzia, nahiz eta denborarekin gehiago handitu, momentu hartan ere bagenuen.
Akaso gerora mediatikoki gehiago indartu da emakumearen presentzia eta pisua?
Orduan ere ‘Egin’ egunkariak uste dut jarri zuela «Nafarroako lehen erregina». Gaur egun egia da sare sozialekin informazioa azkarrago dabilela, baina orduan ere, euskal kulturaren inguruan informatu nahi zuenak, bazuen non egin. Ez zen txapela bakarrik izan, izan ziren bertze lorpentxo edo hedapen batzuk ere.
Egun salto bat eman da. Bizkaiko azken finalean ikusi genuen irudia izan daiteke horren adierazle. Irakurri izan dizut, bestalde, Nafarroan, adibidez, oraindik aldea nabarmena dela. Ze irakurketa egiten duzu?
Aipatu duzun adibide horrekin, Nafarroako bertsolariek azkeneko finalean Nafarroako bertsolaritzaren loraldi baten aurrean gaudela aipatzen zuten. Eta gero Bizkaira joan eta han bai sentitu nuen nik loraldia. Ez dakit nola erran, kontrastea han ikusi nuen. Egia da Bizkaiko finaleko argazki hori, loraldi hori ikusteko, bertze hainbeste gauza gertatu behar izan direla. Batez ere gurekin konparatuta, formazio feminista handiagoa dago. Guk egin genuen intuizioz, egin genuen gogoz… 90eko hamarkada zen, guk egingo genuen edo ez zuen inork egingo. Sentsazio hori denok genuen. Hortik formazio feminista bat izatera aldea dago, baita diskurtsoan, edukietan, bertsoetan ere… plazaz plaza aunitz formatu dira. Uste dut hortik heldu dela loraldiarena ere.
«Guk egin genuen intuizioz, egin genuen gogoz… 90eko hamarkada zen, guk egingo genuen edo ez zuen inork egingo»
Loraldia zentzu askotan, gainera: genero ikuspegitik, belaunaldi berri baten sarrera potentearekin…
Bai. Zaila da zaharrak ikustea. Irudi hori oraindik ez dugu, amona zahar inprobisatzailearena. Hori ere interesgarria izango da, naturaltasunez iristen den edo ez.
Gizonen kasuan, adibidez, ez zaigu arrotza egiten irudi hori.
Horregatik, are gehiago, aunitzen iruditegian horrela da oraindik, pixka bat murriztu den arren.
Kopuruez harago, beti esan izan da bertso mundua oso, eta kakotx artean sartuko dut hitza, ‘gizonena’ dela. Edo bestela esanda, nola egin nahi izan duten arrotz emakumeentzat.
Uste dut hor elementu gehiago daudela. Gauza bat da errimatzeko eta kantatzeko gaitasuna, horrek ez luke generoaren araberako diferentziarik egin behar. Baina gero, adibidez, emakumeei esker transmititu den hainbertze doinu, hainbertze bertso zahar… hori beti hor egon da. Bat-bateko bertsolaritza zer da? Lehia da, plazan da, jendaurrean da, zure herritik kanpo da, etxea utzi beharra da… Ibilbide hori, ibiltzeko mapa hori… hori bai, hagitz gizonezkoentzat gordea izan da mendeetan zehar. Gaur egun ere oraindik badira elementuak gizonentzat errazagoa izan dadin. Gauzak ez dira egun batetik bestera aldatzen, eta bide horretan uste dut norabide zuzenean goazela.
Gizartean ikusten dugun errealitatea da. ‘Kontrako eztarritik’ liburuan Uxue Alberdik bertsolarien artean jasotako testigantzen bidez horren adierazle diren hainbat egoera identifikatzen ditu.
Nik momentuan ez nuen sufritu edo ez nintzen sufrimenduaren kontziente izan. Nik era batera bizitu nuen, eta gero kontatu digute hau eta hura pasatzen zela. Baina pasatu zen momentuan edo rolak hartzerakoan, ni behintzat ez nintzen erasana sentitu. Agian ezkutu bat jarri behar duzulako gauza askorengatik, ez bakarrik urduritasunagatik eta bat-batekotasunagatik. Ezkutu bat genuen, baina agian ez ginen kontziente. Gero, denborarekin, eta urteetan zehar botatako bertsoak entzunez, erraten nuenaz lotsa sentitu dut. Baina noski, 30 urte beranduago, bertze formazio batekin, irakurriak, hitz eginak, hausnartuak eta ateratako ondorioak kontuan hartuta. Baina momentuan ez nuen gaizki pasatu, hain berria zen, hain gazteak ginen eta hain inkontzienteak, zentzu aunitzetan, ez horretan bakarrik, gauza aunitz eskapatu zitzaizkigun.
«Bat-bateko bertsolaritza zer da? Lehia da, plazan da, jendaurrean da, zure herritik kanpo da, etxea utzi beharra da… Ibilbide hori, ibiltzeko mapa hori… hori bai, hagitz gizonezkoentzat gordea izan da»
Hezkuntzan egiten duzu lan. Ze aldaketa bizi izan ditu bertsolaritzaren irakaskuntzak azken urteetan?
Gu ia intuizioz ari ginen aspaldian, baina uste dut bertsoa erakusteko moduan aldaketa nabarmena izan dela metodologikoa. Lehenago, bertsoa idatzi eta hori azkar egitearen prozesua ikastea zen. Gaur egun gehiago da lehenengo testu motzak eta gero eta luzeagoak eta konplexuagoak bat-batekotasunetik eta ahozkotasunetik lantzea. Materiala ere aldatu da. Ni kasetearekin hasitakoa naiz, bideo-gelara astean behin joaten ginen, eta gaur egun gela guztietan ditugu eskura tresna ezberdinak.
Ikasle kopuruari dagokionez, orokorrean agian izen emate gehiago egon dira bertso eskoletan urteotan, baina nik uste dut proportzioan zailagoa dela, duela 15 urte herri txiki-ertain batean zegoen aisialdi eskaintza eta orain dagoena aunitz aldatu delako. Uste dut hor baditugula erronka batzuk, transmisioa da gure atala, eta orain arte eskolatze honetan emaitzak lortu baldin badira ere, beti alertan egon behar dugu, gizarte hain aldagarri honetan hizkuntza ohiturak eta aisialdi ohiturak asko ari direlako aldatzen.
Identifikatu dituzu hainbat erronka. Ze mezu bidaliko zenieke bertso eskoletan dabiltzan neska-mutilei?
Bertsolaritzaren plazer estetiko horretaz goza dezatela. Aunitzetan ahazten zaigu zertan ari garen. Noski, hizkuntza baliabide izugarri bat da, baina kezkatu egiten nau euskal erreferentziak galtzeak. Gozatzen badute, gero errazago kantatuko dute plazan, kontzienteago. Zertan ari garen transmititzea falta zaigu, filosofikoki ere bai.