Mikel Etxezarreta: "Oso berezia izan da Aztirin egokitu izana"
Mikel Etxezarreta (Olaberria, 2003) bertsolaria da eta martxoaren 16an, Aztiri Sarian entzuleen saria irabazi zuen, Gabirian. Aurreko egunean, martxoaren 15ean ere Ordizian aritu zen.
Mikel Etxezarreta –
Maider Insausti, Goiberrin.
Noiz hasi zinen bertsolaritzan eta zein izan da zure ibilbidea, laburrean?
Hamar bat urte izango nituen hasi nintzenean. Gurasoek betidanik transmititu izan didate bertsolaritzarako zaletasuna baina lehen aldiz eskolan bertsolaritza klaseak izan genituenekoa izan zen. Ondoren, bertso-eskolara joan ginen arreba eta biok, lehenik Lazkaora eta ondoren, Ordiziara. 13 bat urterekin alde batera utzi nuen praktika nahiz eta zaletua izaten jarraitu. Gero, batxilergora iristean berriro heldu nion eta Beasainen hasi nintzen bertso-eskolan. Lagun artea bertsozalea dut eta afari eta bazkari ondorengo bertso-saioek berrartzera bultzatu ninduten. Gabirian ere ostegunero elkartzen gara afaltzeko aitzakiarekin eta saio batzuk egiten ditugu. Bigarren batxilergoan nengoela nire lehenengo eskolartekoan kantatzeko aukera izan nuen, baina nahiko saio txarra egin nuen.
Martxoaren 16an Aztiri Sarian entzulearen saria irabazi zenuen. Zer moduko esperientzia izan zen?
Oso gogotsu joan nintzen. Osinalde Saria antolatzen ibiltzen gara eta oso berezia izan da niretzat Aztirin egokitu izana. Oso saio polita tokatu zitzaidan gainera eta eroso eta gustura aritu nintzen bertsotan. Gora behera batzuk izan nituen, baina orokorrean saioarekin oso gustura geratu nintzen.
Aurreko egunean Ordizian aritu zinen bertsotan. Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Iker Zubeldia eta June Aiestaranekin batera.
Niretzat sekulako plazera izan da oholtzan bertsolari puska hauekin batera eserita egote hutsa. Gainera nahiko itxura polita eman nuen eta kantukide horiekin beti da dena errazago. Asko disfrutatu nuen oholtzan.
Etorkizunera begira zein dira zure helburuak bertsolaritzan?
Ez dut helburu finkorik gaur-gaurkoz. Disfrutatzen dudan bitartean bertsotan jarraituko dut. Gainera, nik bertsoa lagun arteko zerbait bezala ulertzen dut eta hori balioan jartzen dut. Sariketak iristen badira ondo, baina ez da nire lehentasuna oraintxe bertan.