2024-03-26
Fundamentua egitea
Pasa den astean ostatuan trago bat eskatzen ari nintzela, zer eta ondoan ezagun bat jarri zitzaidan. Ezaguna diot, biok genuelako elkarren berri baina parranda giroan baino ez genulako hitz egin ordura arte. Larunbat ilunabarra zen, eta igartzen zitzaion lagunekin bazkariren bat edo suertatu zitzaiola (edo poteo eraginkorra izan zuela), mingain lodiz hasi baitzitzaidan hizketan.
Fundamentua egitea –
Zer, bazabiltza bertsotan?. Eta nik ba bueno, zeozer baietz. Berez erantzunen niokeen urtarrilean ez nuela saiorik izan, otsailean bakanen bat, eta martxoan lau edo bortz izan ditudala. Martxoaren 8aren bueltan ohikoa dela emakumeok gehiago kantatzea eta basamortuko oasi baten gisakoa izaten dela. Eta apirilean ba bueno, harea eta harriak berriz ere. Baina tira, nola zetorren ikusita, hobe filosofeatzen ez hastea.
Baina zu zer, saiatzen zara zerbaitetan?. Eta nik irri erdi bat. Bertsozaleak ez diren lagunek galdetzen didatenean ea astegunetan lanean eta ikasten aritu ondotik zergatik joaten naizen ortziral arratsean nire etxetik ordu batera dagoen herri batera kantatzera, ez dut ongi jakiten zer erantzun. Batzuetan kostatzen zait azaltzea nekatuta egon arren eta joateko gogorik ez izan arren baietz, berez gustatzen zaidan zerbait dela. Saiatzen naiz ongi egiten eta ahal den azkarren amore ez ematen. Saiatzen naiz ahal dudan neurrian entzulea eta nire burua asetzen.
Eta nola da posible bertsolari hau sariketa honen finalera pasa izana eta zu ez?. Harridura aurpegiz galdetu zidan orain bi aste izan nuen kanporaketa hargatik. Iaz Nafarroako Txapelketan presioarekin izan nuen nahikoa enkontru. Nik neure buruari jartzen diodana aparte utzita, sentitzen nuen (eta batzuetan zuzenean aipatzen zidaten) inguruak nahi zuela ni finalera heltzea. Plaza batzuk eginak nintzen ordurako, eta nolabait ingurukoek ikusten zuten nigan bazegoela gaitasunik Anaitasunan kantatzeko; pixka bat saiatuta lor nezakeela. Nire burua zigortzen nuen ni ez nintzelako hori sinesteko gai, eta igual horrek eragina izan zuen nire txapelketako ibilbidean. Sariketako kanporaketa hartara ere ez nintzen bereziki finaleko pasearen egarriz joan. Bizitza honetan egun, bolada, gogo eta aspirazio ezberdinak izaten ditu norberak.
Baina Ekhiñe, egiten duzu fundamentua? Egonezinez eta arduraz balego bezala bota zidan azken galdera hura. Ez omen zuen ikusten nigan gauzak egiteko benetako gogo hori, leihakortasun hori, jokorako afan hori. Zerbait falta omen zitzaidan gauzak lortu nahi banituen. Bai, bai. Egiten dut. Hartu nuen tragoa barratik, eta eman nuen buelta erdia. Erran gabe doa zer pentsatu nuen nik eta jakin behar nuen zerbait erran izanaren zein sentsaziorekin gelditu zen mutila.
Hipotesiak egiten ari naiz, ea parrandan ikusten garen hurrengoan zein aholkurekin datorren inoiz jendaurrean aritu ez den fenomeno hau.