Aroa Arrizubieta txapeldun

Aroa Arrizubieta txapeldun –

Ruben Sanchez Bakaikoa, ARGIAn.


700 entzule finalean: Gure ohiko kopurua da 2002an Arabako Txapelketaren aro modernoa hasi zenetik. Arabako euskaldun kopuruari dagokion zenbakia da (bestalde, gudari batzuk izan ezik, ez da etortzen beste herrialdetako jende askorik –hau ez hartu labankadatzat, nik uste lasaiago kantatzen dugula bakarrik, jejj–). Ez dakitenentzat: 1984an jokatu zen lehen Arabako Txapelketa. Aiaraldeko eta Gasteizko bertso eskolan urte bat zeramaten bertsolari-ekin eta Abel Enbeitak bultzaturik. Hain izan zen ostia handia, ezen ez ziren/ginen ausartu berriz antolatzera 2002ra arte. Bitartean, txapelketa ofiziala Bizkaiko neba-arreba euskaldunekin egin genuen, eta guretzat San Prudentzio sariketa sortu genuen, Floridako kultur etxean egiten genuena (Urrea emango nuke final hura ikusteagatik, zeinen txiki handiak ero haiek!).

Aroa Arrizubieta txapeldun

Iñaki Viñaspre: Atzo lehen bertsoan bi hanka luze egin zituen eta sumatu nuen bertsoa ez zitzaiola etortzen, tiraka ari zela. Egun mierda batzuk tokatzen dira tarteka. Normalean Iñakik saioak fuerte hasten (eta bukatzen) ditu, gure Lizaso da. Saiora erdi tontotuta joaten bazara, Viñaspre jaunak berehala ernatzen zaitu, eta ez bazara ernatzen, segiko du dinbi-danba. Astea gaixorik eman du, baina asteartean Zaballa espetxera joan zen bertso eskola ematera (eta txutxeak jatera). Hasiera txarra izanagatik, ez zuen etsi, eta saioaren erdialdetik aurrera hobetu zuen. Bi agur zoragarri ere utzi zizkigun, lehena dragoi bolaren pertsonaiak bertsolariei eta gai-emaileari egokituz, eta azkena Zaballako bertso eskolari eta preso guztiei eskainia.

(Iñaki Viñaspre) Hasiera txarra izanagatik, ez zuen etsi, eta saioaren erdialdetik aurrera hobetu zuen. Bi agur zoragarri ere utzi zizkigun

Zaratak: Nire aurrean ezkerrean zegoen gizon buru zuriari bi aldiz hots egin zion mugikorrak. Gero, beste mugikor batek ere hots egin zuen. Jendea altxatu zen altxatu behar ez zenean, eta Ilaski Serrano eta Manu Bendalaren eitb-ko emankizuna marmar eran entzuten zen antzokian. Soilik falta izan zitzaigun erdaldun bat oihuka.

Asier Otamendi: Finaleko beteranoa, guardia zaharraren azken gerlaria. Esan zidan ondo pasatzeko helburua jarri ziola bere buruari, baina gaizki egin zuela lo eta saioan estututa egon zela. Asiertxo, maitia, zenbat finaletan kantatu duk? Zer nahi duk dutxan bezala kantatu? Estutasunak estutasun, Asier da burtsako balore seguru horietako bat, bertsoa ondo betetzen duena beti. Ez du izaten egun txarrik. Estutasunak, batez ere Aroarekin Gazte Asanbladako kide izatea eta Paularekin Barbieren Ken izatea egokitu zitzaionean sumatu zitzaizkion. Kolokan jarri zioten adineko gizon estatusa bakarkakoan jarri zuen ifrentzuz: bere kuadrillako gizon erasotzaile bati kantatu zion, chaupeau!

(Asier Otamendi) Esan zidan ondo pasatzeko helburua jarri ziola bere buruari, baina gaizki egin zuela lo eta saioan estututa egon zela

Ipuinak: Finaleko gaiak aproposak izan ziren, txapelketetako ohikoak. Baina saioak gora egin zuen seiko motzean ipuinak agertu zirenean: Asterix eta Obelix korrikan, Edurne Zuri eta Mari Errauskin auto stopean eta Barbie eta Ken Barbie-karabanan. Apustu bat zen, arriskua zuen: oso oso ondo atera zen. Zorionak gai jartzaile taldeari.

Peru Abarrategi: Aurreko txapelduna zen. Oso oso saio ona egin zuen, Mari Errauskin hobeto ezagutu balu buruz burukora pasako zen. Peruk oso ondo kantatzen du bertsoa, transmititzen dizu kantatzen ari dena: adineko pertsona ikusten duzu AHTri begira, anaia pipertua anaia okuparekin edo bere ezkontzatik korrika alde egin duen ezkongaia: “Ta hoteleko ohe barruan ongi pasatzen saiatu / azken hamabi urteetan ez dut gau hontan beste gozatu”. Txapela jantzi zuenean Zaindu ezazue Araba bertso gogoangarria utzi zigun Peruk, eta atzo berriz ere bustiarazi zizkigun begiak azken agurrarekin: udan hil zitzaien aitari, anaiei eta amari kantatu zien (“Ez zaude bakarrik, ama”).

(Peru Abarrategi) Peruk oso ondo kantatzen du bertsoa, transmititzen dizu kantatzen ari dena

Epaileak: Bertso saio baten ostean norbait hasten bazait belarria jaten epaileak direla eta, alde egiten dut. Garai batean bizkaitarrak eta gipuzkoarrak ibiltzen ziren bateko eta besteko zenbat epaile jarri, Araban ere batzuk ibili ohi ziren epaileengatik kexu. Benetan norbaitek uste du –akatsak akats– epaileek nahita zigortzen edo saritzen dutela norbait? Alabaina, epaileak izan behar dira bertso munduaren lagin, eta atzo ez ziren izan. Bost gizon ziren, eta gazteenak berrogei urte paseak. Hemendik bi urtera, epaile-talderako bi hiru ezgizon eta bataz besteko adina jaistea lortzen ez badira, kanpotik ekarriko nuke epaileren bat (baina Arabaren gutxieneko ezagutza bat ere eduki beharko lukete).

Paula Amilburu: Atzo gure señorak atera nahi zuen aurreko finalak utzi zion arantza, bada, buruz burukora pasatzeko berdinduta geratu zen Aroarekin. Sekulako saio ederra egin zuen “besoak zabal-zabalak ta zorrotzak azkazalak”. Atzoko bertso puntuatuenak kantatu zituen, eta publikoak gehien barre egin eta txalotu zituenak. Trabatxoren edo beste izan zuen kantuan, esaterako, bakarkakoan. Emakume dibortziatuaren rolean, puntu erantzunetan eta Barbie gisa mundial ibili zen. Ken Otamendik lehen bertsoan “Barbi usaina ardi usaina” bihurtu zela bota zion, eta Paulak: Usainezko nire pussy / ardi usaina nagusi / ta zurea zer? Enbalautako / ai txitxi burduntzi / Ni ikutzeari utzi/ Hau ez indar ez luizi/ Egin zintuzten bizkar gehiegi / eta gerri gutxi”. Eta azkena: “Gauza hauek nola azaldu? / Egin zaitez zure kargu / Gizona egin zintuzten eta behar zara landu / Orain behar zaitut saldu / Barbiak Barbi behar du / bollerismoa probatzekotan ez da inoiz berandu”.

(Paula Amilburu) Buruz burukora pasatzeko berdinduta geratu zen Aroarekin. Sekulako saio ederra egin zuen “besoak zabal-zabalak ta zorrotzak azkazalak”

Pankartak: Zaballako bertso-eskolakoek pankarta egin zuten: Viñaspre txapeldun / ganbarak apurtu!. Beste bat: Ari, ari, ari Perutxo txapeldun (Non dago errima?) eta Gasteizen Donostin tonbolan zurekin (What???). Inertziaren garaian hausturaren aroa (pankartetan ere batek irabazi behar eta honek irabazi zuen) eta, azkenik, Ubi est petasus? In Paula caput (nik erabili nuen latina euskara itzultzailea, dena ezin zaio irakurleari mastekatua eman).

Manex Agirre: Mon ami, mon ami… Atzo Manexek egin zuen betirako inbidia emango didan erretirada bat. Ederra, mingarria, Saharako teak bezala. Nik inoiz entzun diodan finalik onena kantatu zuen. Manex da bertsolari bat ideia ederren bat etortzean bertsoa asko gozatzen duena, baina ideia ona etorri ezean, batzuetan kostatu izan zaio. Atzo, ordea, bertsoz bertso segurtasunez eta transmititzen ibili zen, eta tarteka distiraz: Gizon dibortziatu samurra, anaia okupa kabroia, Obelix graziosoa, edota etorkinak korrikaren barruan ezkutatzen sasimuga pasatzeko. Gauzak horrela, buruz burukorako aurrena zihoan eta alde politaz. Buruz burukoan Iparragirreren doinuan oso ondo ibili ziren Aroa eta biak, gero ganbaratik (ganbarak apurtuuuu!) entzun zuen Aroaren bakarkakoa oso txalotua. Bere txanda zen, hirugarren txapela hortxe zeukan, orduan hurbildu zen eszenatoki ertzera, aulki ertzera, mikro ertzera… txapel ertzera. Hain saio ona egin zuen, ezen poto eta guzti Aroarengandik puntu bakar batera gelditu baitzen. Aber, Manuel, imajinatu irabazi bazenu, zer lerro buru idatzi behar nuen, Manex Agirre hirugarrenez txapeldun poto eta guzti? Zein lekutan geratzen dira beste bertsolariak, Arabako bertsogintza? Joan zara oso oso dotore, maitia.

(Manex Agirre) Hain saio ona egin zuen, ezen poto eta guzti Aroarengandik puntu bakar batera gelditu baitzen

Xabi Ricoren palestinoa: Ikusi nuenean Xabi eszenatokira sartzen eta bertsoa kantatzen bere ahots dardartiz eta palestinoarekin, berriz ere hunkitu nintzen! (Esan zidan nahi izan zuela bertsolari guztiak ateratzea palestinoarekin, baina protokoloa, hau, hura eta zera… ez gaude Iñaki de Juanak gose greba egin zuen sasoian). Xabi bertso eskola sortzaile, Xabi irakasle, Xabi esperantozale, Xabi eta liburu denda, Xabi eta UEU, Xabi euskaldun berri bertsolaria… Berak jarri zion txapela Aroari. Lehenago Arabako bertso eskoletako ordezkariak atera ziren sariak ematera (gure ohitura da). Izan ere, aspalditxo daude bertso eskolak Aiaraldean, Gasteizen, Aramaixon, Lautadan, Mendialdean, Errioxan… Bakarrik far west alaves-a falta zaigu konkistatzeko, baina Zaballako bertso eskola bidean dagoenez, laster helduko gara.

Aroa Arrizubieta: 23 urterekin lortu du Arabako bere lehenengo txapela: “Imajinatu haur bat eskola den ziegan / lotsatia, ixila, laugarren ileran / zeinak irakasleen lehenengo galderan / erantzuna dakien gainera primeran / eta hala ere ixilik jarraitzen duen han / ez dezan iskanbila sortu besteengan /ba nik ausartuko den ume horren eran / ea nola erantzun asma dezakedan”. Oso oso sendo aritu zen lan guztietan, eta arrazoietan bikain. Gainera, buruz burukoan handiago egin zen ez zion bertigorik eman, kontrakoa: bere azken hiru bertsoak, nire ustez, izan ziren bere onenak. “Bizitzak bigarren aukera eman dizu” zen gaia eta suizidatzen saiatutako gazte baten larruan kantatu zuen:

(Aroa Arrizubieta) Oso oso sendo aritu zen lan guztietan, eta arrazoietan bikain. Gainera, buruz burukoan handiago egin zen

“Ikasi eta gero ekingo nion berriro lanari / eta gainera bronkak entzuten nizkion sarri aitari… / eta ez nekienez esaten guztia kontu kontari, / …. ez nion ikusten zentzurik bizitzeari”.

“Inork ere ez zuen entzuten nire garraxi ixila / eta nioen “bizitzen ez badakit, hobeto nengoke hila” / ez nekien ondo kudeatzen nire barne iskanbila / eta googlera sartu nintzen irtenbide baten bila / esan bezala irentsi ditut 14 kaja pastilla / eta neurekiko pentsatu dut nahikoa izan dadila”.

“Baina googlen kopuru horiek beti nahikoa ez dira / orain ospital batean nago zapai zuriei begira / nahiz eta hau amaitu zedin zen hasierako desira / dirudienez berriro ere itzuliko naiz bizira / beste aukera bat eman baitit eta behin eukita tira / beste aukera bat eman badit igual zerbaitegatik da”.

Gauzak horrela, 2024ko Arabako bertsolari txapelduna… Aroa Arrizubieta Barredo!

Aroa Arrizubieta txapeldun

(Saioko argazki galeria ikusteko, sakatu hemen)

Eta txapeldunaren agurrarekin utziko zaituztet:

Promesa handiz, ahoak betez

ari dira bonbak lehertzen,

eskubideak murrizten eta

jendea etxegabetzen,

nola nahi dute honen aurrean

geldi geratu gaitezen?

nahiz ta betatzen ari zaizkigun

berdin Bilbon zein Gasteizen,

sinesten dugun horretan tinko

dihardugu GKSen,

politiko ta enpresen,

aurrean altxatuz ezen,

egungo gazte belaunaldien

zeregina ez ote zen

borrokatzea bihar gaur baino

hobeto bizi gaitezen!

 

Zorionak, Aroa!

Aroa Arrizubieta txapeldun  Aroa Arrizubieta txapeldun  Aroa Arrizubieta txapeldun  Aroa Arrizubieta txapeldun  Aroa Arrizubieta txapeldun  Aroa Arrizubieta txapeldun  Aroa Arrizubieta txapeldun  Aroa Arrizubieta txapeldun  Aroa Arrizubieta txapeldun  Aroa Arrizubieta txapeldun  Aroa Arrizubieta txapeldun