Oihana Arana: «Nire ustez, performance 'mamarratxo' apur bat falta zaio bertsolaritzari»
Señora bertso eguna egingo dute estreinakoz, etzi, Soraluzen. Oihana Arana antolatzaileak nabarmendu du denetariko ‘señoren’ abanikoek haize berriak ekar ditzaketela bertsolaritzaren mundura.
Oihana Arana –
Mikel Elkoroberezibar Beloki, BERRIAn.
Señora bertso eguna egingo dute estreinakoz, etzi. Soraluze (Gipuzkoa) señoraz beteko da, eta denetariko jarduerak izango dituzte: bertso poteoa, bertso sortaz girotutako bazkaria, bertso saioa, kalejira —Elektropottottek girotuta— eta Eire musika taldearen eta DJ Txilardegiren kontzertuak. Antolatzaileetako bat da Oihana Arana bertsolaria (Eskoriatza, Gipuzkoa, 2001).
Zer da señora izatea?
Señora kontzeptuarekin gatazkak eduki ditugu hasieratik, eduki dezakeen karga sinbolikoarengatik edo gaztelaniatik datorren hitz bat delako. Baina, gure ustez, señora kontzeptua oso zabala da: izateko modu asko barnebildu ditzake, eta, batez ere, oso lotuta dago ahalduntzearekin eta politikoki zuzena ez izatearekin. Aldarrikatzen dugu señora izateko modu asko daudela, eta bakoitzak daukala señora izateko bere modua.
Hiru aldiz antolatu duzue Señora sariketa, eta hau izango da lehen Señora bertso eguna. Jauzi bat da bertsolaritza transfeministarentzat?
Ez dakit sekulako jauzia den, baina uste dut pauso bat gehiago dela. Guri interesgarria iruditzen zaigu lehiari beste leku batetik begiratzea, eta hortik ikertzea gure lekua bertsolaritzan zein izan daitekeen. Lehiarik bako espazioetan helburua ondo pasatzea, elkartzea eta pentsatzea denean, askoz gauza interesgarriagoak sortzen dira. Hiru urte hauetan Señora proiektuak bere sarea lortu du, eta komunitate hori elkartzeko eta elkar ezagutzeko espazio bat sortzea da egun honen helburua.
Nolako giroa sortu nahi duzue?
Giro informaletan sortzen dira askotan gauzarik interesgarrienak. Ematen du hausnartzeko eta proiektu berriak sortzeko beti behar direla gorbatak eta mahai handi bat, eta nik sinisten dut gauza interesgarrienak sortu daitezkeela bazkariko mahaia jasotzen ari garen bitartean.
Zergatik behar du bertsolaritzak transfeminismoa?
Zergatik behar du munduak transfeminismoa? Nire ustez, aurrera jarraitu ahal izateko eta pertsona batzuen bizitzak errazagoak edo politagoak egiteko. Señora sariketaren oinarria da, eta asko hartzen da kontuan datozen bertsolariak eta ingurua zaintzea. Kontuan hartzen da epai irizpideen barruan bertsolariek oholtzan elkarrekin dauzkaten harremanak zelakoak diren, eta zelan tratatzen duten elkar. Pertsona batek beste bati ez-dakit-zer erantzuten badio eta ariketa izorratzen badio, nahiz eta oso bertso onak izan, agian bertsoak epaitzeaz arduratzen denak balorazio ona egingo du, baina zaintza alorra epaitzen duenak, txarra. Señora sariketa ez dugu egiten erabakitzeko zein den bertsolari onena.
Transfeminismoak bertsolaritza behar du?
Nik uste dut bertsolaritza ez dela hain garrantzitsua; transfeminismoaren barruan anekdota bat da. Hala ere, diskurtso transfeministak bertsolaritza zirkuitu hegemonikoen barruan agertzea oso interesgarria da. Nerea Ibarzabal, Saioa Alkaiza, Miren Artetxe eta abar egotea euren herrialdeetako txapelketetako buruz burukoetan eta irabazten, bada bertsolaritzak transfeminismoan egin duen bidearen ondorio bat. Transfeminismoari beste bozgorailu bat eskaintzen dio bertsolaritzak horrelako plaza erraldoi batean.
Mota guztietako señorak egongo dira Soraluzen. Menopausia ere egongo da ziurrenik. Abanikoa jarrera kontua da, performancea, eta Señorak bilatzen du. Nire ustez, performance mamarratxo apur bat falta zaio bertsolaritzari. Gero, aitortzen dut gatz gutxi dudala. Bertsolaritza oso zurruna da, baina Señora proiektuaren haustura proposamen hori, leiho hori, irekita dago. Haize berriak ekar ditzake abaniko batek.
LOTSABAKO
Señora bat?
Onintza Enbeita.Doinu bat?
Gallo Rojo, Gallo Negro.Jarriko ez zenukeen gai bat?
Perretxikoak biltzera joan zarete.