Oier Etxeberria
Oier Etxeberria

2024-01-18

Haizea buruan

Haizea buruan –

Eusebio Eizmendi “Txapel”, Errezilgo Antxiturbi goikoa baserrian jaio zen 1893. urtean. Antxiturbi goikoari, Txapel ere deitzen zaio, eta horrek erantsi izango zion goitizena bertako seme bertsolariari. Antxiturbitik Zepai baserrira harrikada bat bidera dago, eta hangoa zen hain zuzen ere Akilino Izagirre “Zepai”, 1906an jaioa eta Txapelen kantukiderik ohikoena. Bata sestagilea zen ofizioz, eta basoko zein hargintza lanetan jardungo zen bestea. Dirudienez Zepai ahots ederragatik nabarmentzen zen, Txapel zuzentasunagatik bezala. Elkarrekin bikote arrakastatsua osatu zuten.

 

Haizea buruan
Txapel eta Zepai, Elgoibarren, 1933. urtean. (Indalecio Ojanguren)

 

Urtero, Santo Tomas bezperan, Txapelen omenezko jaialdia antolatzen da Azpeitian. Aretoa betetzen bada ere, gutako gehienok ez daukagu zuri beltzeko silueta haien xehetasun handirik; onak edo erdipurdikoak, bertsolari zirela besterik ez. Suposatu liteke ordea, bere izenean omenaldi bat daraman figurak egingo zuela zerbait motibo horretarako.

Nola Txapel hala Zepai baserriak, Azpeitia, Errezil eta Zestoa inguruko Txillarramendi auzo edo bailaran daude, Sañu edo Arauntza ere deitzen zaion gaindegi baten hegalean. Inguru hori bereziki emankorra izan zen XX.mendeko bertsogintzan, urruti gabean baitaude Lizasotarren, Orandaren edo Basarriren arrastoak ere besteak beste.

Paraje pendiza eta bereziki haizetsua da, non abeltzaintza eta nekazaritza ofizio duten baserri mordoska dagoen. Esaterako, 2000. urtearen bueltan Antxiturbiri berritu pasada eman zioten, eta geroztik jendea bizi da bertan, beren oilo, untxi eta baratzearekin. Dabiltzan behor eta ahuntz taldeekin, oraingoz ez da bazterrak sasiak hartu beldurrik.

Honakoa, Zepaik kantatutakoa da, mendian artzainen batekin topo egindako batean:

 

“Arrapatua zera / bakiña bat larre / eta kontari dago / eztala ezerre; /an eztezu egingo / emen aña parre, /patu baño naio du / inpernuan erre.”

 

Azken boladan, berriro nabarmendu dira larreen lapurrak, eta ez preziso artzantzan erabiltzeko intentzioz. Duela hilabete batzuk eman baitzuten Piaspe proiektu eolikoaren berri. Haren arabera, 2027.urterako Statkraft enpresa norbegiarrak Sañuko zelaietan 5 aerosorgailu martxan jartzea aurreikusten du. Oleta eta Izazpi mendien inguruan ere, Cylda Energy konpainia Buruzai parke eolikoa eraikitzekotan da. Horrelakoetan ohikoa denez, gertuko bizilagunak sendoago ari zaizkie berriztagarri izeneko instalazioei aurka egiten. Baina hala ere, antzeko makroproiektuen adibideak asko dira urrutira joan beharrik gabe.

Zepaik bertsoa kantatutako artzainak ez bezala, Stratkraft eta Capital Energy empresak prest daude desjabetutako baserritarrei larreengatik kalteordain ekonomikoa emateko. Helduleku askodun eta konponbide errazik gabeko komeriak dira kilovatioenak. Haatik, argi dago epe luzeko jasangarritasuna ezin dela orain arteko energia iturriak itxura berdeagokoekin ordezkatzetik lortu, baldin eta eredu energetiko-soziala lehengoan mantentzen bada.

Imajinatu nahian ari nintzen, zer pentsatuko ote luketen Eusebiok eta Akilinok, etxe atarian 205 metroko hirusta birakaria eraikiko baliete. Akaso ingurumenarekin ezaxolan, ongi iritziko liokete, plazetan kantatzeraino:

 

“Statkraftek diruak / sartu zettit poltsan / ta etxea erosi / diat Mirakontxan”

 

Haizea buruan
Antxiturbi goikoa duela urte batzuk

 

Baina apustu egiteaz, zentzuzkoagoa litzateke gaur egungo beraien auzotarren ildora lerratzea, Boinas Elosegui beltz bana soinean horrelako zerbait esanaz:

 

“Ondorenak ez digu / barkatuko inoiz / haizeak janzten badu / mendia hormigoiz”

Haizea buruan Haizea buruan