Oihana Iguaran
Oihana Iguaran

2024-01-12

Ideologia

Ideologia –

Adierazpen askatasunaz hainbeste hitz egiten den honetan, badirudi entzun nahi ez ditugun diskurtsoetan dagoela muga. Kasualki, lerro jakin bateko ahotsek sentitzen dute «dagoeneko ez dago ezer esaterik» edo «umoreari ez zaio tokirik geratzen horrela hasten bagara». Aldi berean, gorroto diskurtsoak presentzia zabala eta erro sakonak ditu eguneroko paisaia diskurtsiboan, eta ahotsik ez zuenak isiltasunera kondenatuta jarraitzen du.

 

Ideologia
Arg: PhotoMIX-Company

 

Izango da, marra gorriak, ideologia bezala, besteengan ikusten ditugula.  Ideologia sudurra bezalakoa baita: besteena nabarmena zaigu, gurea ez dugu ikusi ere egiten (eta usaimenera joz, denok dakigu gurearen aldean jasangaitza dela parekoaren izerdi usaina).

Bertsolaritzari ez zaio gutxitan leporatu ideologikoki lerratua egotea. Euskaraz eta Euskal Herriko ikuspegiarekin egiten den jardun bat bera da lerratzaile, hori aurpegiratzen duten askoren espektruan, ziurrenik. Alegia, jakina da euskalgintzarekiko edo euskararen aurkako oldarraldian ze lubakitan kokatzen gaituen praktikak.

Iazko txapelketen amaieran, ordea, irakurri dut bertsolarien arteko kontsentsu ideologikoa hautsi ote den. Ez dakit ez ditugun ideologia eta alderdi politikoak nahasten. Izan ere, azken urte mordoan beti sortu dira botere-ardatz desberdinen arteko tenkaldiak, bertsotan bertan eztabaidatu izan direnak oholtzan. Eta beste tentsio batzuk, elkarrekin bilduz, formatuz eta landuz kudeatu ditugunak oholtzetatik kanpo.

Ulertzen dut, bi alderdi desberdinen aipua oholtzatik egiteak ekarri duela kontsentsu ideologikoa hautsi izanaren iritzia, baina ez zait iruditzen azken bi hamarkadetan baino aniztasun ideologiko handiagoa dagoenik hargatik. Eta ongi etorria eztabaida, nola ez.

Galdera hemen litzateke nork eta ze asmorekin leporatu dion bertsogintzari lerratuta egotea. Ulertzen dut hori ere nondik etor daitekeen, instituzioek antolatutako saioetan euren politikekiko kritiko agertzea ez delako atsegina gainera hori ordaindu behar duenean. Baina, lehengoan kide batek esaten zidan bezala, ze kultur ekintza antolatu dezakete bozka ematen dieten pertsonekin?

Unai Iturriagak behin beste galdera batekin erantzun zion bertsolarien lerratze horri: arku ideologikoa askoz zabalagoa al da instituzioetan kulturgintzatik pasata asesore jardun diren horien artean?

Ba hori, aurrekoen sudurra deigarria zaigula, ispiluan gure burua begiratzeari uko egiten badiogu. Boterea izatera ohitu denak botere osoa ez izatea desboteretze bezala bizi du. Botere mediatikoen jabe denak kontrolatu ezin duen eremu horretan ikusten du arazoa (eta ideologia).

Ideologia