Jon Martin: «Xabier Leteren pentsamenduen soinekoa bertso doinuak izan ziren»

Xabier Leteren pentsamenduen soinekoa bertso doinuak izan ziren –

Mikel Elkoroberezibar Beloki, BERRIA egunkarian.


Xabier Lete «euskal kantagintzan eta literaturan dagoen erreferente handienetakoa» da, Jon Martin ikerlariaren ustez. Hari buruzko liburu bat argitaratu berri du: ‘Xabier Lete. Bertsorik sakonena’.

 

Xabier Leteren pentsamenduen soinekoa bertso doinuak izan ziren
JON URBE / FOKU

 

Xabier Lete abeslari eta poeta Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean izan zen. Fisikoki ez, baina bai poetikoki; adibidez, Nerea Ibarzabal txapeldunak «pozik prestatuko nuke/ jardin eder bat zuretzat» Habanera doinuan kantatu zuenean. Letek eta bertsolaritzak asko eman diote elkarri, Jon Martin ikerlariaren arabera (Oiartzun, Gipuzkoa, 1981). Xabier Lete. Bertsorik sakonena liburua argitaratu berri du, eta iaz aurkeztu zuen tesia: Xabier Leteren kantagintzaren azterketa: gaiak eta ahozkotasuna du izena.

Xabier Lete bertsolaria ere izan zen?

Bertsoak idazten dituzten guztiak bertsolariak baldin badira, dudarik gabe, bai. 1960ko eta 1970eko hamarkadetako bost bertso jartzaile onenen artean sailkatuko nuke.

Zerk bultzatu zaitu Lete ikertzera?

Oiartzuarra izateak, akaso. Eta amak txikitan kantatzen zizkidan haren bertsoek. Kantautore zalea izan naiz beti. Nire ustez, Xabier Lete euskal kantagintzan eta literaturan dagoen erreferente handienetakoa da. Tesi bat egiteko, asko gustatzen zaizun gai bat aukeratzea komeni da, eta, kasu honetan, betetzen zen hori.

Leteren abestiak ulertzeko, zer izan behar da kontuan?

Behintzat badaude bi Lete desberdin. Bata: jolastia, ironikoa eta ahozkotasunari oso lotua. Horren adierazleak dira Teologia, ideologia eta Gizon arruntaren koplak. Beste kanta mota bat badago poetikoagoa, nahiz eta kanta mota horietako asko bertso doinuan izan. Izan daitezke Negu hurbilak edo Haizea dator ifarraldetik bezalakoak. Modu batera idatzi edo bestera idatzi, haren estiloa aldatu egiten zen apur bat. Interesgarria da ikustea nola Txirritaren bertsokerak zuzeneko eragina duen Leterenean.

Hara!

Txirritarentzat posible ez liratekeen pentsamendu asko formulatzen ditu, baina Txirritaren formulazio bera erabiltzen du. Horren adibide handienetako bat da oraindik gaur egun Xabier Leteren abestietako asko jende askok ez dizkiola esleitzen Xabier Leteri, eta pentsatzen dutela herrikoiak direla. Xabier Letek idazten zituen kantak eta letrak askotan ja idatzita zeudela ematen zuten. Hain ziren beharrezko, ezen inebitableak ematen zuten.

Gainera, zentsurak zeharkatu zituen haren lehen urratsak.

Dudarik gabe. Kontuan hartu behar da zentsurak zuzenean zentsuratzen dituela zenbait esaldi, baina badago zentsura krudelago bat, eta autozentsura da. Poetak zehaztasuna galtzen du. Badu horrek abantaila txiki bat, eta hori da hartzailearen bizkar gelditzen dela interpretazioa. Horrela, ingurune homogeneoetan, hartzaileak oso ondo deskodetzen du mezua: kapaz da lorea edo zuhaitza dagoen lekuan herria ulertzeko.

Haren obra herrikoitzat jotzea ona da?

Bai, eta, aldi berean, zer kondena, ezta? Alegia, artista batek gogoratua izateko eskubidea ere eduki beharko luke. Batzuetan, haren lanaren meritua difuminatu egin da. Herri bezala, ez dugu beti asmatu sortzaileei dagokien aitortza egiten, eta uste dut Lete dela horren adibide bat. Segur aski, adibide handiago bat badaukagu, eta Lourdes Iriondo izango litzateke.

Zer eman zion bertsolaritzak Leteri?

Haren pentsamenduak gorputza baldin baziren, haren pentsamenduen soinekoa bertso doinuak izan ziren.

Eta Letek bertsolaritzari?

Doinutegi oso-oso garrantzitsu bat —garrantzitsuenetakoa, segur aski—. Habanera bezalako doinuek edo Izarren hautsa bezalako metrikek eta estrofek bertsolaritzan izan duten eragina Leteri zor zaio, edo, behintzat, Leteren zaleei. Nik uste dut bertsolaritza pertsona askori esker dela gaur egun dena, baina Leteren bertsoek, zortziko handiek jarri ziotela kalitate gailurretako bat.

LOTSABAKO

Xabier Leteren zure abesti kuttuna?
Seaska kanta da kuttunena.

Bertsotan, zenbat aldiz erabili dituzu Habanera eta Izarren hautsa doinu moduan?
Gutxiegitan!

Xabier Leteren pentsamenduen soinekoa bertso doinuak izan ziren Xabier Leteren pentsamenduen soinekoa bertso doinuak izan ziren Xabier Leteren pentsamenduen soinekoa bertso doinuak izan ziren