Bere 10. urteurrena ospatu du Harituz elkarguneak
Bere 10. urteurrena ospatu du Harituz elkarguneak –
10 urte luzez bertsoak kantatzen, entzuten, kantarazten, grabatzen, dokumentatzen, irakasten, ikasten eta sortzen aritu dira. Hainbat jarduera antolatu dituzte urteurren borobila ospatzeko asmoz.
Bertsoaren transmisioan jarraituko du lanean elkargunean. Hamaika ekimen antolatu dituzte urtebetetzea ospatzeko: Pello Errota bertso-sariketa urrian, (H)arituz bertso-jaialdia azaroan, eta Gure Bertso Zirkua abenduan; horrez gain, bertso-saioak grabatzen eta dokumentatzen jarraitzen dute, eta baita emititzen ere, azaroan 300 programa beteko baititu (H)ari Naizela irratsaioak. Tolosaldeko bertsolarien ikerketa lerroa ere martxan jarri dute, lehengoen berri izan dezaten oraingoek eta gerokoek ere. Eta noski, ohiko bertso eskolak eta saioak ere antolatu dituzte.
Hamar urte atzera, bertsoaren jiran ari ziren, batean eta bestean, Tolosaldean, baina sortzaileen aburuz, hutsune bat zegoen:«…ez geneukan ezer ofizialik; bertso eskola ibiltari bat bakarrik, eta hor ere ahal zuena egiten ari zen bakoitza», azaldu du Beñat Iguaran Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneko kide eta bertsolariak. «Belaunaldien arteko eten bat» sortzen ari zela ere nabaritu zuten taldean. «Gazte askorik ez zetorren, ez geneukan 20 urtetik beherako bertsolaririk bertso eskoletan, eta errealitate horren aurrean zerbait egin nahiak elkartu gintuen». Beñat Iguaranek aitortu du garai hartan Mikel Artola alegiarra «egoskortu» zela pixka bat zerbait egin zezaketela sinetsita —Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko langilea da gaur egun—. «Eta egin egin genuen».
Hasieratik, elkargune izateko jaio zen Harituz. «Ez bertsolariena bakarrik; eragileena, zaleena… denena», zehaztu du Oihana Iguaranek, Harituzeko kide eta bertsolariak. «Bertsotan egiteko eta elkartzeko premiak sortu zuen proiektua, guztiok kohesionatzeko beharrak. Baina, hasieratik, eragiteko asmoa ere bazeukan Harituzek: gai jartzaileen artean, tokian tokiko antolakuntzan zebiltzanen artean… Denborarekin planifikatu dugu dena, pixkanaka».