Titi feria
Titi feria –
Itxaro Borda, ARGIAn.
Orain arte pantaila txikiko izarlokek zuten ariketa horretara laprast egiten. Bularrak erakustea zeregin heroikoa dela frogatu digu hainbat emakume mediatikok, hondar hamarkada hauetan. Batzuek horrexegatik aski eta nahiko ordaindu ere omen dute. Ekintza artistikoa ere izan da frankotan, gure gizarte pornografikoen ahalke edo lotsa faltsua salatzeko. Ez dut izenik emango, izenak ematea itsusia delako.
Euskaldunok ez gabiltza gibelkoi. Mendeetan, bereziki emazteen gorputzak, ahalkez tapaturik atxiki ditugu, baina gaur egun halako askatasun haize batek bulkatzen gaitu gure intimitateaz hitz eta bertso egitera, hilekoak, aluen hezetasun zirraragarriak edo larrua jo ondoko isuri misteriotsuak aipatzera, hots, ahoan bilo kizkurrik gabe. Eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketako agurren orduan, bata eta bestea ausartu ziren, gutxiago ezin egin, beren titi-bularren bat erakustera, jendetza zoratuaren txaloen erdian…
Nire arima jansenista ari zait belarri zulora galdezka: bertsozaleak neurri horretarainoko biluzteak eskatzen al ditu? Noraino, neskak?