[Lore Jokoak] Lehen bertsolari mediatikoa: Iparragirre

Lehen bertsolari mediatikoa –

MITO BIHURTUTAKO BARDOAREN ITZALA

 

Iparraldean bertsolaritzaren presentzia mediatikoari lehen bidezidorra ireki ziotena Abadiaren Lore Jokoak izan baziren, Hegoaldean, garai bertsuan, Iparragirrek sortutako interesak irekiko dizkio kantu errimatuari prentsaren ateak.

 

Lehen bertsolari mediatikoa
Joxe Mari Iparragirre

 

Urretxukoaren inguruan gazteleraz topa daitezkeen lehen testuak, 1855ekoak, Pedro Egaña gasteiztarrak zuzendutako Madrilgo La España egunkarian topa daitezkeen Iparragirreren kontzertuei buruzko albisteak dira[1]. Hortik aurrera, 1876an Bilintxen agoniaren berria zabaldu arte, aldi honetan gazteleraz prentsan alorrari lotzen zaizkion testu guztiak Iparragirreri buruzkoak izango dira.

Aipatu den gisan, Pierre Topet Etxahun da prentsan izen abizenekin ageri den lehen bertsolaria. Bere epaiketen inguruko testuez eta Jean Baptiste Xahok eskaintzen dion artikuluaren ondotik desagertu egingo da, ordea, prentsarentzat, 1920ko hamarraldian Pierre Lhandek berreskuratu arte[2].

Iparragirre izango da, bada, benetako pisu mediatikoa izango duen lehen bertsolaria.

Sekulako dimentsio mediatikoa du urretxuarrak: 1858an Argentinako El Nacional eta La Tribuna dira han emandako hainbat kontzerturen berri dakartenak; 1864an hainbat egunkarik jasoko du Pedro Egañak Senatuan emandako diskurtsoan Iparragirreren figurak hartzen duen pisua; baina Argentinako El Correo Español egunkariak bideraturiko Ameriketako itzulerarekin, 1876 eta 1878 artean, loratuko da pertsonaia mediatikoa. Bertsolariak lortuko duen oihartzuna harrigarria izango da: aldi horretan, 1851tik 1878ra bitartean, Lore Jokoen inguruan guztira topa daitezkeen testuak 55 dira; aldiz, Iparragirreri buruz topa daitekezkeenak, 67.

 

Lehen bertsolari mediatikoa

 

Bertsolaritzak berak baino lehenago lortu zuen toki esanguratsu bat medioetan, eta bertsolaritzaren historian ez da izango horrenbeste orrialde eskaini zaion beste bertsolaririk. XIX. mendean bertsolaritzaz bildu den lautik bat Iparragirreri buruzkoa da, eta, harrigarriagoa dena, XX. mendean ere beste ezein bertsolarik baino presentzia mediatiko garrantzitsuagoa izango du.

Urretxuarraren mitoa hainbat osagairekin kozinatu zen. Honela, batetik, bere biografia abenturazale, bohemio eta gorabeheratsuak etengabe elikatu zuen figura erromantiko gisa izan zuen oihartzuna. Eta, bestetik, bere sorkuntza ezagunenarekin, Gernikako Arbolarekin, foruzaleen ikur bihurtu zen berehala[3]. Karlistaldiek zeresan handia eman zuten hainbat hamarkadatan zehar Espainian, baina baita Espainiatik kanpo ere, eta testuinguru horretan, gatazkaren inguruko azalpenei kolore pixka bat emate aldera ziurrenik, Espainian lehenengo eta nazioartean gero, indartsu zabaldu zen ikur honen oihartzuna

 

Lehen bertsolari mediatikoa
Ricardo Becerro de Bengoa (1845-1902). Gasteiztar hau izango da Iparragirreri buruz gehien idatzi zuen kazetaria eta bere kronikak dira urretxuarrari buruzko garaiko testurik ederrenak.

 

Iparragirre aipatzen duten testuetan, bada, bere bizitzak izan dezake protagonismoa, edo foralismoak, (edo legitimismoak, edo abertzaletasunak aurrerago), edo bere figuraren garapen gisa garai ezberdinetan batzuek eta besteek buruturiko lanak… Bertsolaritzari ez zaio toki handirik gordeko, baina horrek ez du esan nahi bertsolaritza aipatuko ez denik. Bertsolari, bardo nahiz trobalari gisa definitu, askotan esaten da euskal inprobisatzaileen tradiziotik sortua dela eta, zenbaitetan, tradizio honi lerroren bat eskaintzen zaio. Edota bere musikaz ari direnean, esaterako, euskal doinuei egiten zaie erreferentzia, eta zenbaitetan bide horretatik ere iristen dira bertsolaritzaraino. Beraz, esan daiteke Iparragirrek ekarpen handia egin ziola bertsolaritzak medioetan izandako ikusgarritasunari.

Azkenik, azpimarratzekoa da, Iparragirre euskal askatasunen ikur gisa egin bazen ezagun, eta gerora bertsolaria generikoki ere ikur gisa baliatu izan bazen, ‘herriaren ahotsa’ eta gisako irudikapenen bidez, bistakoa dela alor horretan ere urretxuarraren figurak bidea ireki zuela.


 

[1] Urretxuko bardoaren lehen erreferentzia Parisko La Presse egunkariak eskaintzen du, Gernikako Arbola sortzearekin (1853) bere sona zabaltzen hasi aurretik (1851/VIII/25).

[2] Haritschelharrek (1969) azaltzen du garaiko euskal intelligentsiak, bere azken urteetan bizkarra eman ziola bertsolariari. Badirudi 1840ko hamarraldian legearekin berriro arazoak izan zituenetik harekiko distantzia bat ezarri nahi izan zutela. Eta Etxahunek berak ere markatu zituen distantziak, 1853ko Lore Jokoetara aurkeztu eta saririk eman ez ziotenean intelligentsia horren kontrako bertso gordinak argitaratu zituen.

Herri xeheak bere bertsoetaz eta mitoaz gozatzen jarraitu zuen, ordea, eta zazpi hamarkada geroago Euskaldun Ona aldizkarian Albert Constantinek idatziriko testuan bertsolari onenen zerrendan agertzen zaigu berriro. (Eskualdun Ona, 1907/III/29, 4 or., ‘Ametsetarik’, Joanes Garaztarra). Eta 1923an zehar Gure Herrian aldizkarian Pierre Lhandek argitaraturiko hiru artikulu luzerekin bihurtuko da, behin betiko, figura mediatiko (Gure Herria; 1923 uztaila, abuztua eta iraila; hurrenez urren 420-492-534 or.; ‘Le barde Etchaoun’, Pierre Lhande)

[3] Hurrengo hamarkadetan elkarrengandik bereizten joan ziren hainbat ideologiak (karlismoaz gain tradizionalismoa eta abertzaletasuna) egin zuen bere Iparragirreren ereserkia eta figura, eta honek mitoaren garapen anitza, zenbaitetan kontraesankorra, ekarriko zuen.

Olaso eta Agirrek azaltzen dute bizi zen artean ere askotariko inguru ideologikoetan integratzeko gaitasuna zuela urretxuarrak: “Niño mimado de los carlistas, pupilo de un noble liberal, agraciado por los legitimistas, cantor de los republicanos, amigo de los patriotas… El personaje se siente en su salsa en cualquier parte y en todos los partidos, con tal de que reine la alegría y una sana tolerancia” (1999: 78).

Lehen bertsolari mediatikoa Lehen bertsolari mediatikoa Lehen bertsolari mediatikoa Lehen bertsolari mediatikoa Lehen bertsolari mediatikoa