[Lore Jokoak] Duvoisin: lehen komunikazio arduraduna
Duvoisin: lehen komunikazio arduraduna –
Iparraldeko Lore Jokoak antolatzen hasi zirenetik urtero agertu zen garaiko prentsan hauen berri. Ariel, Le Mémorial des Pyrénnées, Le Messager de Bayonne, Le Courrier de Bayonne, Le Siécle, Impartial des Pyrénées, L’Avenir des Pyrénées et des Landes… dezente luzatu zen gisako testuren bat, guztiak frantsesez, argitaratu zuten hedabideen zerrenda. Urte batzuetan ale bakarra izango zen, oihartzun gehien lortu zen urteetan dozena erdi bat, eta, oihartzun mediatikoa ahula izan arren, nolabaiteko jarraitutasun bat lortu zen.
Testu laburrak ziren asko, sinadurarik gabeak, lehiaketara dei eginez edo irabazleen berri emanez, eta, luzatzen zirenean, pilota partiden edo idatzizko lehiaketaren berri emateko egiten zuten normalean. Bat-bateko saioa askozaz ere gutxiago agertu ohi zen, eta zenbaitetan mespretxu puntua nabari zitekeen, partaideen zabarkeria seinalatuz, esaterako, ahozkotasunaren ertzekotasunaren adierazgarri.
Aldi horretan gehien errepikatzen den sinadura ‘Capitaine Duvoisin’ delakoa da. Eta nor zen sinadura hori zerabilen gizasemea? Bada, Jean Pierre Duvoisin (1810-1891), Ainhoan familia aberats batean jaioa eta ikasketa maila altukoa, Boucher de Crèvecoeur gisa aduanetako ofiziala, kapitain gradua lortzera iritsitakoa.
Ogibide hori izan arren, bere bokazioa euskal letrak ziren. Aurreko hamarkada hasieran, 1841ean, Des basques et de leur poésie izenburuarekin bertsolaritzaz literatura genero gisa eta propio idatzitako prentsako testurik goiztiarrena argitaratu zuen Paueko Album Pirénéen-Revue Béarnaisen[1]. Honen ondotik, euskal antzerkigintzari buruzko bi artikulu argitaratu zituen aldizkari berean, eta izen bat lortu zuen euskal gaien aditu gisa. Hainbat argitalpenetan kolaboratzen hasi zen, eta giro horretan Agosti Xaho ezagutu zuen. Xahok Abadia aurkeztu zion, eta Abadiak Luis-Lucien Bonaparte. Atharratzekoarekin laster gaiztotu zen harremana desadostasun politikoak zirela medio, baina Abadiak nahiz Bonapartek sekulako itzala izan zuten bere ibilbidean.
Bonaparte printzeak Duvoisin izan zuen laguntzaile nagusi euskararen inguruan egin zituen lanetan. Haren aginduetara 1858an aduanetako lana utzi, eta itzulpengintzan murgildu zen buru-belarri. Biblia osoaren euskarazko itzulpena izan zen arlo horretan egin zuen lanik mardulena, baina beste hainbat ere ekarri zituen.
Abadiak ere konfiantzazko laguntzaile gisa hartu zuen, hain justu Lore Jokoen antolaketarako. Izan ere, euskal-irlandarrak bazuen nahikoa lan bere ikerketa eta bidaiekin[2]. Lore Jokoetarako dirua jartzen zuen, irabazleei garaikurra ematen zien eskura eta hitzaldiren bat ematen zuen. Hortik aurrerakoak nahiago zuen Duvoisinen eskuetan utzi: “Abadiak babesten du baina Duvoisin alde batetik bestera doa, idazten du, iragarkiak jartzen ditu kazetetan, idazleak animatzen ditu” (Valverde, 1998: 300).
Jokoetako epaile lanetan ere aritu zen luzaz, baina bere jarduerari erreparatuta nagusiki komunikazio arduradunaren lanak egiten zituela esan daiteke. Euskal kulturgintzaren lehen komunikazio arduraduna litzateke, beraz, ofizio hori izen horrekin sortu baino mende luze bat lehenago.
Norbaitek titularraren bila gabiltzala pentsa dezake, baina Daranatzek argitaratu zuen Duvoisinen gutuneria begiratu besterik ez dago prentsak Lore Jokoen sustapenerako izan zezakeen garrantziaz erabat kontziente zela ikusteko. Tartean, 1860ko uztailaren 9ko datarekin Abadiari zuzendutako eskutitzean Lore Jokoen inguruko aldizkari bat sortu beharra planteatzera iristen da, esaterako, orrialde kopuruari, edukiari eta finantzaketari buruzko hainbat xehetasun emanez (Daranatz, 1928a: 64-65). Edo bi urte geroago, 1862ko abuztuaren 20ko datarekin, ideiarekin bueltaka jarraitzen zuela ikus daiteke, eta balizko aldizkariarentzat Estatuaren dirulaguntzak lortzeko aukera aipatzen dio Abadiari (Daranatz, 1928b.: 449).
Ziurrenik bat-batekoari ez zion toki handirik egingo gauzatzera iritsi ez zen proiektu hark, baina bertso jarrien inguruko aldizkari bat zatekeen, euskarazko kazetaritza martxan jarri baino hainbat hamarkada lehenago irudikatua. Bada zerbait[3].
[1] Euskarak bertsogintzarako eskaintzen omen dituen erraztasun bereziak, euskaldunaren bertsotarako berezko etorria eta bertsogintzaren oinarrizko arau batzuk jaso zituen artikuluan.
[2] Bidaiari erromantikoaren ikuspegitik bizi zuen Abadiak neurri batean euskal kultura ere. Madariagak, greziar jantziekin atontzen zen Byronen eta nafar jantziekin karlistaldietan beste hainbeste egin zuen Xahoren arteko paralelismoa ezartzen duen bezala (2008: 577), bidaiariaren mozorrotze ariketa seinalatzen du Abadiarengan ere: “[…] a pesar de su elevada posición económica y social Antoine practicaba un romántico populismo que le llevaba a vestirse (con boina y alpargatas) y divertirse como los campesinos, jugando a pelota” (2008: 561).
[3] Dirulaguntzen eskearen kontua ere ez dabil oso urrun egungo euskal hedabideen patuaren lehen aieru bat izatetik.