[Lore Jokoak] Anton Abadia: planteamendua eta ekarpena

planteamendua eta ekarpena –

Abadiak emandako pausoa berezia izan zen zentzu askotan. Besteak beste, aurrea hartu zielako ingurukoei. Katalunian, zortzi urte geroago berreskuratu ziren Els Jocs Floralsak, Galiziako Xogos Florales izenekoak, aldiz, 1861ean abiarazi ziren, eta Lore Jokoen sorterrian ere, Okzitanian, Abadiaren ekimena baino hiru urte geroago sortu zen Félibrigea, probentzera Lore Jokoetarako berreskuratu zuena.

 

planteamendua eta ekarpena
Lehen Lore jokoen afitxa. 1851, Baiona, Foré et Lasserre inprimategia. Iturria: Patri Urkizu.

 

Lore Jokoena Euskal kulturgintza modernoaren lehen plataforma modernoa izan zela esan izan dute hainbat adituk. Gerora, normalean berandu ibiltzea tokatu izan bazaio ere, orduko hartan inor baino lehenago estreinatu zen euskal kulturgintza.

Lehenak ez ezik, ezberdinenak ere izan ziren Abadiaren Lore Jokoak. Erdi Aroko aurrekariari lotuz gainerako guztiak poesia idatziaren lehiaketa gisa planteatu ziren bitartean, Abadiak ikuspegi zabalago bat ezarri zuen: literatura idatziaz gain, bat-bateko bertsoa ere bai, eta horiez gain kantua, musika, dantza, antzerkia, pilota, atletismoa, aizkolaritza, behi jeztea, ur ekartzea edo abere sariketak.

Madariagak jartzen dio azpimarra euskal jokoen alderdi fisikoaren garrantziari:

“Según la ideología de Abbadie, sus Fiestas Euskaras habían de abarcar dos ámbitos de regeneración del pueblo vasco, el lingüístico, desde luego, pero también el físico. Debían pues ‘florecer’ simultáneamente los cuerpos ejercitados en los deportes populares junto a la lengua de las canciones y las composiciones poéticas” (2008: 562).

Antonen biografietan igeriketarako zuen zaletasuna ere hainbatetan aipatzen da, eta baliteke planteamendua eragilearen kirolaren kontzientzia moderno horretatik sortu izana. Gogora dezagun, bestalde, aipatu berri dugun bezala, Iturriaga euskal olinpiadez ari zela garai berean, euskal intelligentziaren baitan idea horrek bazuela jarraitzailerik.

Osotasun bat da euskal Lore Jokoek planteatzen dutena, jendarte modu oso bat da gorde nahi dena, galbidean ikusten diren euskal kultura nahiz bizimodu tradizionala. Modernitateak dakarren hausturarekiko babesleku gisa baliatu nahi da, gainera, osotasun hau, Erromantizismoan funtsezkoa izan zen Rousseauren basati onaren mitoaren bueltan. Eta ideia hau ere ez zen berria Euskal Herrian. Mogelek mende hasieran idatzi zuen Peru Abarka ere, garaiko euskal elizgizonen jarrera antimodernoaren adierazpen gisa, koordenada horietan lerrokatzen da. Baserri giroko euskaldun fededun onaren irudikapena jarri nahi dute Abadiak eta garaiko euskal intelligentziaren gehiengoak euskal identitatearen erdigunean: basati onaren mito erromantikoa + kristau fedea + euskalduntasuna.

Urkizuk 1851ko lehen ekitaldi haren kartelaren kopia bat eskaintzen du bere lanean (1997: 62) eta bertan ikus daiteke lehen urte hartan Eliça-Besta jarri zitzaiela izena Lore Jokoei. Aizpuruk ere Lore Jokoek euskalduntasuna eta elizaren arteko lotura indartu zutela deritzo: “[…] El gran número de sacerdotes que participaron en los Juegos, como jurados o como participantes, contribuyó a reforzar la influencia de la Iglesia Católica en la nueva definición de ‘ser vasco’ que se estaba creando” (2001: 34). Oso luze iraungo du lotura horrek, garai hartan sortu zen euskal nortasun hark.

Hainbat adituk azpimarratu dute, baita ere, Iparraldeko Lore Jokoek ateak ireki zizkiotela abertzaletasunaren sorrerari. Lore Jokoei buruz topatu den lehen testu luzean ikus daitekeenez (1853/IX/13. Le Messager de Bayonne. ‘Variétés/Rapport sur le concours d’Urrugne’) lehen ekitaldietatik mugaz bestaldeko bertsolariak ere gonbidatzen zituzten Iparraldera. Hegoaldeko mugimendu foruzale garaikideak ‘Hirurak bat’ eta ‘Laurak bat’ leloak astintzen zituen bitartean, Iparraldeko Lore Jokoetan garaikur gisa eman ohi zen makilak ‘Zazpiak-bat’ leloa izan ohi zuen urtero idatzita. Ikuspegi nazional moderno bat abiarazi zen lehen aldiz.

 

planteamendua eta ekarpena
Abbadie jauregia, Urruña. Iturria: Patri Urkizu.

 

Bestalde, Le Messager de Bayonneren testu berean ikus daiteke jende jasoaren poesiaren eta inprobisazio popularraren elkarbizitza lehen Lore Jokoetatik gertatu zela:

 “Du reste, les poètes sont de toutes les classes; les hommes lettrés, reconnaissables, malgré parfois une pseudonymie transparente et respectable, à plus de régularité, de pureté et de méthode dans la composition; des improvisations sans culture qui se distinguent par la naïveté des pensées, quelquefois par le piquant des termes et des traits”.

1855ean topatu da prentsan bat-bateko saioaren lehen aipamena[1].

Animaleko berrikuntza zekarren Abadiak bat-bateko kantuaren lehiaketa aintzat hartu izanak, ez zen horrelakorik egiten beste Lore Jokoetan, baina ez zen horretara mugatu bertsolaritzak euskal kulturgintza modernoaren hastapen haietan izandako eragina; idatzia bertso jarrien lehiaketa zen, bat-batekoaren doinuetan egina, eta bertso lehiaketa deitzen zitzaion espresuki, ez poesia lehiaketa: «Koplarien guduak» 1860ko kartelean, «Bertsutako gudua» 1869koan, edo «Bertsularien gudua» 1887koan, besteak beste.

Euskararen ertzekotasuna zela medio kultura idatzi bat garatu eta euskal jendartean zabaltzeko zailtasun handiak zituzten lehen eragile haiek. Ahozkotasunak, ordea, bizi-bizirik zirauen, eta bertsolaritzak, prezeski, arrakasta itzela zuen herri xehearengan. Horri erreparatuz sartu zuten bat-bateko saioa Lore Jokoetan, eta horregatik bideratu zuten bertso jarrien moldera idatzizko lehiaketa. Zentzu honetan, datu bakarra ematearren, Maurice Harrietek, Baionako Seminario Handiko zuzendariak, 1853ko ekainaren 3an Abadiari bidalitako eskutitz bat aipatzen du Labordek (1998: 605); bertan, olerki irabazlea jendarteratzeko biderik egokiena kantua dela azpimarratzen da eta kantuak bertsolaritzak erabiltzen dituen doinuetan egina behar duela gaineratzen.

Argi utzi beharra dago bat-bateko saioa ez zela elementu zentral bat izan Lore Joko haietan. Lehen ekitaldiko kartelean ikusten da pilota zela izarra, gerora ere horrela jarraitu zuen, eta, sarien garrantziari erreparatuz gero, bertsolaritzak beste hainbat proba izaten zituen aurretik. Era berean, ahozkotasunak bizi zuen ertzekotasunaren eraginez, bat-batekoari idatziari baino sari eskasagoak eskaintzen zitzaizkion, nabarmen: “Le budget du concours de poésies écrites est, au total, de 250 francs […] et celui du concours des improvisateurs de 125 francs [1897ko Lore Jokoez ari da]” (Laborde, 1998: 217). Baina, aldi berean, ukaezina da Abadiak bat-batekoari tokia eginez burutu zuen ekarpenaren singulartasuna, eta ukaezina da, baita ere, ekarpen horretan dagoela gerora bertsolaritzak Euskal Herrian izan duen bilakaera singularraren abiapuntua.

Desafioen aurrekaria aipa badaiteke ere, Lore Jokoetako lehiaketekin hasten da bertso txapelketen historia.

 

 


 

[1] 1855/XII/06, Le Messager de Bayonne. “Compte rendu de la fête d’Urrugne et du Concours de 1855”.

planteamendua eta ekarpena planteamendua eta ekarpena planteamendua eta ekarpena planteamendua eta ekarpena planteamendua eta ekarpena 
planteamendua eta ekarpena planteamendua eta ekarpena planteamendua eta ekarpena planteamendua eta ekarpena planteamendua eta ekarpena