Belaunaldi – eta mezu – berrien garaia
Orain dela urte bi aro berri bat eraiki zela esan nuen aldizkari honetan. 2022ko Txapelketa Nagusian agerian geratu zen. Eta azken Bizkaiko Txapelketak argi utzi zuen belaunaldi berri hori, 1990eko hamarkadan jaiotakoa, zeresan handiarekin datorrela oholtza handiak zapaltzen.
Ez baita edozergatik izan txapelketako irudia fokoarena. Hiru foko egon dira saio guztietan oholtzako protagonisten atzean. Bakoitza kolore batekoa, eta bakoitzak bere degradatuak. Aniztasuna eta txikitasunean egon daitekeen handitasuna irudikatu zuen azken Bizkaiko Txapelketako irudiak. Ez ditugu entzun eta ikusi bertsolari bi berdinak. Beharbada eskola beretik ikasitakoak bai, baina beti agerian utzita desberdintzen dituzten ñabardurak. Foko horiek ahotsik txikienari, ikusezinarena egin izan zaion begirada irmo eta aldarrikatzaileari ere eman diote argia. Plazan bidea egiten ari diren ahots eta begiradak dira, eta beharrezkoa zen txapelketako oholtzetan ere protagonistak izatea.
Hiru txapelketa urte igaro arren, bertsozaleak ez dira ase oraindino. Txapelketako saioek harrera oso ona izan dute astetik astera. Mungiatik hasi eta Bilbo Arenaraino. Txarteldegian “sarrerak agortuta” karteltxoa jarrita edo jartzekotan geratu dira saio ugari. Izan ere, aurpegi berriek lagundu dute beraien inguruko jendea mugiarazten. Hamar aurpegi berri izan ditu udazkeneko faseak. Hamar bertsolarik kantatu dute lehen aldiz kanporaketa batean, eta horrek erakusten du, alde batetik, urtera udaberriko fasea estutzen joango dela; eta bestetik, gazte belaunaldi bat txapelketaren lokatzetan oinak finkatzeko prest dagoela. Horrela behar du izan, baina ukaezina da txapelketan urte askoan lekua izan duen belaunaldia dela aurrekoa, egun 40 urte bueltan dauden bertsolariak. Batzuk uzten doazen heinean, berriak derrigor sartu behar dira, eta trantsizio horretan mailari eusteko erronka handia dago. 2023ko txapelketan, kanporaketetako 36 bertsolarietatik 28k 30 urte edo gutxiago zeuzkaten. Finalean zortzitik lauk.
Gazteak inoiz baino prestatuago doaz txapelketara. Teknika aldetik baino, mezu eta gai bakoitzean kokatzeko gaitasunari dagokionean. Teknika gura ala gura ez, urteekin eskuratzen doa bertsolaria; baina urritik abendura bitarte mezu landuak, freskoak eta, batez ere, kritikoak entzun ditugu. Kritikotasuna, mezuaren lanketa, bertsolari bakoitzak egindakoa den legez, talde lanean zorroztutakoa da, eta bete-betean eragiten du bertso eskoletan egiten den lanak. Hainbat urtez dihardute bertso eskola askok lekua ematen etorkizuneko bertsolariei, Bizkaiko Bertsozale Elkarteak egin legez, eta bada aztertzekoa ibilbidearen inguruan txapelketako hainbat protagonistak esandakoa.
Izan ere, 2023an berrogei urte bete zituen elkarteak, eta urteurrenaren aitzakian, sorreran parte hartu zuen Begoña Iturriza Zabala bilbotarrak jantzi zion txapela Nerea Ibarzabal Salegi txapeldunari. Emakumetik emakumera, Iturrizak aipatu zuen finalaren astean egiten den prentsaurrekoan egun badagoen ahizpatasunaren inbidia sentitzen duela, 1983an eskertuko lukeen ahizpatasuna. Gizontasunean oinarritutako hizkera eta bertsokeraren bueltan aritu zen lanean Iturriza eta, kostata bada ere, gaur egun badago bertsoak beste era batera egiteko aukera. Urteotan, elkartetik eta elkartetik kanpo lanketa sakonak egiten dihardute hainbat bertsolari, eta lanketa horiek agerian geratu izan dira txapelketan bertan, bakarkako ariketan batez ere. Azpimarratzeko lan ugari egon dira, baina kronika idazterakoan Lemoako finalaurrekoa etorri zait burura. Bakarkakoan sei bertsolarietatik lauk gorputzetan ezarritako kanonei kritika egiteko baliatu zuten. Laurak ere, emakumeak. Ez da kasualitatea. Ez den legez finaleko zortzikoan lehen aldiz gizonezkoak baino emakumezko gehiago egon izana kantuan. Errealitateak baina, badu beste aldea eta Jone Uriak prentsaurrekoan gogorarazi zuen: finalaurrekoetan abestu duten emakumezkoen kopurua ez da askorik mugitu (zazpi izan ziren, azken urteetako kopuru bertsua). Badago beraz zeregina alde horretatik.
Hala ere, kanporaketetatik entzun izan ahal ditugu mezu berriak, egungo gizarteak aldarrikatzen dituen aldaketak. Iruri Altzerrekaren Arrigorriagako bakarkakoa datorkit burura, haurtzaroan eta nerabezaroan dauden laguntasun ereduari buruzkoa. Unai Mendiburuk Erandion bikotekide ohien arteko maitasunari buruz egindakoa. Igorren sare sozialei eta beraiek dakarten kalte emozional eta psikologikoei buruz sei bertsolariek eginiko lanak… begirada apur bat zabalduta konturatzen zara azaroaren 30ean erdigunean jarritako gai eta aldarri ugari txapelketaren egunerokoan txertatuta joan zirela.
Mezuak eta aldarriak ateratzeko bidea erakusten duten gaiak behar izaten dira. Orohar, gai-jartzaileen lana adjektibo batean laburtu beharko banu, ‘polita’ izango litzateke. Saio bakoitzerako gaiak prestatzea, testuinguruari erantzuten dietenak edo ez, ez da lan erraza. Gai-jartzaileek lan oso garrantzitsua egiten dute txapelketan. Esperientzia propiotik diot. Aurreko txapelketan ganbarako lana lehena egitea tokatu zitzaidan. Ez nintzen saio ona egiten ari, eta burumakur igaro nuen saioaren zati handiena. Ganbarako lanaren aurreko atsedenean, oholtzan bakarrik geratu nintzenean, Idoia Anzorandia saioko gai-jartzailea hurbildu zitzaidan, eta barruak askatzeko balio izan zidan bere “zer moduz?” hark. Animatu ninduen, bakarkakoa ondo aterako zela esanez. Ondo atera zen, gustura geratu nintzen behintzat. Ez da gai-jartzaileen lana animatzearena, edo psikologo lanak egitearena. Baina bertsolariok eta entzuleok benetan eskertzeko mordoa daukagu beraiei.
Gai-jartzaileak izaten dira puntuazioen berri emateko arduradunak, eta aurtengoan sorpresa bat baino gehiago jaso izan genituen. Alde batetik, sorpresa positiboak egon ziren. Aissa Intxaustiren sailkapena finalera eta Oihana Bartraren itzulera Bilbo Arenara (ez zen sorpresa izan, baina gehiegi itxaron dugu berriro gertatu zedin) izan ziren nagusiak. Baina negatiboak ere egon ziren, artean Aitor Bizkarra finaletik kanpo geratu izana, Imanol Uria hainbeste urte eta gero finalaurrekorik barik geratu izana edota Xabat Galletebeitia Miribillako buruz burukoan ikusi ez izana. Azken kasua alde batera lagata, uste dut txapelketak bakoitzaren lana bere lekuan jarri zuela. Epaileen lana ez da erraza, eta gorabeherak egon izan badira ere, lan ona egin zuten.
Albo batera lagatakoa hartu gurako nuke, dena dela. Ez zait gustatzen txapelketa bati buruz berba egiterakoan bertsolari bati edo batzuei buruz soilik aritzea. Baina egon ziren izen berezi batzuk, eta Xabat izan zen horietako bat. Azpimarragarria izan zen bere txapelketa. Berrizko saioan oso zorrotz ikusi genuen, eta gizon zuri hetero baten posiziotik abestutako bertsoak miresgarriak izan ziren, posizio berdinetik abesten dugunok ikasi beharrekoak. Xabatek distira berezia erakutsi zuen bai Berrizen bai Bilbon, eta prentsako kideen, entzuleen zein Ibarzabal txapeldunaren beraren pentsamenduetan bere izena buruz burukoan zegoen. Bakarkako lana txapelketako onenetarikoa izan zen, Jone Uriaren Bilboko bakarkakoa, Xabat beraren eta Onintza Enbeitaren zortziko txikikoa edo Nerearen Lemoako bakarkakoa sartuko nituzke lan onenen eta osoenen artean. Bakarkako lanak izan ziren, orohar, lanik onenak. Horrek ere badakar zeresana, eta uste dut aztertzeko modukoa izan daitekeela.
Txapelketak zer edo zer izan badu, emozioa da. Pentsa: Bilbon, bakarkako lanetara arte, txapelduna hirugarren postuan berdinduta zegoen Galletebeitiarekin; Gorka Pagonabarraga eta Uria zeuden buruz buruko postuetan, hiru bertsoren faltan. Are gehiago, Uria buruz burukoan ganbarako lanaren aurretik Ibarzabalen aurretik zegoen. Esan daiteke txapela noren buruan erori ez zekiela ibili zela azkenera arte. Jonek saio konstantea egitea lortu zuen, puntu-erantzuneko potoa poto. Oraindino ez du irabazi txapelik Bizkaiko Txapelketan, baina Bizkaiko bertsozaleen miresmena irabazia du, eta beste txatal bat bereganatu zuen txapelketan.
Bilbo Arenako zortzi finalistek gogoratuko dute jasotako beroa. Eta Bilbo Arenak gogoratuko ditu Bartraren gardentasuna, Intxaustiren elektrizitatea, Pagonabarragaren fintasuna, Aitor Etxebarriazarragaren freskotasuna, Enbeitaren malkoak (oraingoak bereziak izan ziren, harrotasunarenak, zorionarenak, ahizpatasunarenak), Galletebeitiaren zorroztasuna, Uriaren gauza zailak erraz egiteko gaitasuna eta Ibarzabalen elegantzia. Txapeldunak erakutsi zuen zergatik den txapeldun. Gogotik lan eginda lortu du bigarrena. Bere berbatan, abestutako saio bietan ez zuen lortu gura bezain gustura abestea. Hala ere, bertso bakoitzean esan gura zuena eta zelan esan gura zuena nola edo hala ateratzeko lanean zebilela igartzen zitzaion, eta lan horrek balio izan dio saio bietan behetik gorako ibilbidea egin eta bertsoaldi gogoangarriak uzteko. Zortziek abestu zuten oholtzan egon behar eta egon ez ziren ezarritako kanonetatik kanpo bizi diren gorputz eta pertsonak gogoratuz, asko falta baitziren oholtzan, Intxaustik bukaerako agurrean esan zuen legez. Nereak bi baditu buruan, 2012tik ez zen gertatzen txapelduna errepikatzea. Beharbada goizegi diot, baina Ibarzabalek palmares potolodun bertsolarien zerrendan sartu daiteke, eta bera buru duen belaunaldiak datorren hamarkadan plaza dibertsifikatuagoa eta pluralagoa sortu eta hedatzeko aukera eta erantzukizuna dauka. Garai batean plazan zeuden ahots kanonikoetatik desberdintzen ziren ahotsak bakanak ziren lehen; egun, kanonen arrakaletatik lore ugari atera dira, eta zelai koloretsu bat irudikatzeko bidean haizearen norabidea aldatzen ari da.