Kalean da Bertsolari aldizkariaren negukoa alea

Kalean da Bertsolari aldizkariaren negukoa alea –

Enegarrenez inoizko urterik beroena izango omen den honetan, aldizkari honi elurretan jaio eta zuk izotzetan bataiatzea besterik ez diogu opa, irakurle.

 

Kalean da Bertsolari aldizkariaren negukoa alea

 

Zaldieroak erakutsiko dizu sutondorako bidea, eta bertan izango duzu Elixabete Garmendia kazetaria bere ogibidea bertsolaritzarekin gurutzatu deneko oroitzapenak kontatuz.

Nikolas Iribarren Xardea Goizuetan bizi zen hernaniarra izan zen, eta bere garaian hautsak majo harrotu zituen bertso paper batzuk atera zituen. Baina bereak ote ziren bertso guztiak? Patziku Perurenak ilustratuko zaitu gaiari buruz.

Bertsolaritza inklusiorako bide izan daitekeela frogatu nahian dabiltza Eibarren, Mikel Artola eta Eneko Beretxinagaren ahalegin eta eginahalekin.

Bazen Mikel Mendizabali taxuzko elkarrizketa sakon bat egiteko garaia, eta nor hobe horretarako bere bidelagun Iñaki Murua baino.

Saioa Alkaizak bere bertso kuttunak dakartza Perlak atalean, eta 1960 eta 1962ko bertsolari txapelketak ditu hizpide Pello Esnalek. Hernaniko Santa Barbaran urtero ospatu ohi den bertso saioan izan zen Andoni Rekondo, eta Jexux Mari Irazu eta Aitor Mendiluzek egin zuten lanaren berri eman digu.

Belateko lapurrek urte luzez izan zituzten ikaratuta bidaiari, merkatari eta erromesak XIX. mende hasieran. Gaiari buruzko erreportajea idatzi du Beñat Hach Embarekek, “Gauza bat deklaratzen” bertso sorta aitzakia. Agustin Mendizabal ikerlariak euskal herri kantaeraren prosodia musikala aztertu du bere artikuluan.

Ttakun Herren atalean sasoi honetan inoiz baino hurbilen dauden egunsenti eta ilunabarrei begira abestu dute Haritz Mujikak eta Ane Zuazubiskarrek. Idazmakinaz sekzioan bere ibilbidea kontatu digu Beñat Soule gai jartzaile eta epaileak. Kortsikarrek ere badute beren bat-bateko ahozkotasuna, chjam’è rispondi, eta diziplina horren nondik-norakoak kontatu dizkigu Ana Catalina Santuccik.

Guztia ondo dijeritzeko botak jantzi eta txango bat egingo dugu Lesakan barna, Estitxu Arozenak eta Eneko Fernandezek gidatuta.

Ale hau eskuratu nahi izanez gero idatzi administrazioa@bertsolari.eus helbidera edo jo zure gertuko liburudenda zein ELKARen dendetara.

Neguan elurra, neguan egurra, eta bertso onenez goxatu muturra!

Kalean da Bertsolari aldizkariaren negukoa alea