BTN 2.0: bideopodcast erdi serio bat-edo
BTN 2.0: bideopodcast erdi serio bat-edo –
Gorka Peñagarikano Goikoetxeak ARGIAn.
Bat, bat-bi, hiru-lau, probatzen, probatzen… Badoa? Bai? Bai. Ea alboko mikro hori. Bat, bat-bi, hiru-lau. Hitz egin gehixeago. Beno, hementxe gaude, euria ari du kanpoan, baina ARGIAren egoitzan gaude gu, goiko pisuan, probak egiten, bat-bi… Ze ederki entzuten den, ez? Jakina, produktuaren tamainakoak izan behar dute baliabideek. Hau 2.0 da. Atzeko panel puska hauek, joño, zeinen eleganteak. “Txikitik eragiten” esango dugu gero. Badakizu, jende inportante hau etortzen denean programa egitera, maila eman behar. Ez dute asko behar izan gurera itzultzeko. Bertsolari Txapelketa Nagusiaren aitzakian etorri ziren lehenbizi, Señora Txapelketa izan zen gero… Zer dute oraingoan? Antzerako zeozer? Bertsotik “berez” gutxi. Lehen gonbidatua bertsolaria da, edo zen, ez dakit bertsolariek noiz uzten dioten bertsolari izateari… Bertsolaritza aparkatzeko konpromisoa hartu dute, horrela esango dugu. Asmoa da euskal kultur esferako jendea gonbidatu eta aktualitatea jorratzea, horrela, orokorrean esanda, aktualitatea. Urte osorako proiektu bat izango da. Bertsolaritza… Tirria handirik ez diet bertsolariei, baina entzun zaituztet lehen, jakin dut nor izango den lehen gonbidatua… Klausula hori bigarren saiotik aurrera sartzen da indarrean, ala? Hori ere ikusteko dago. Oraintxe heltzekoa da gonbidatua.
Txirrinak eten du bi lankideren arteko solasa, eta azkar batean joan dira atea irekitzera. Kirioak dantzan daude arratsalde euritsuan. Ohikoak izan ohi dira halako urduritasunak, ezohikotik asko duelako ARGIAren plato berrituan egosiko denak, baina aldi berean ohiko jarduna bihurtuko da behin klaketei ematen zaienean. Bi astean behineko ohiko jarduna. Astelehenetan argia.eus-en. Ordubeteren bueltako iraupena izango duten saio dinamikoak. Soilik platoa izango da egonkorra, eta hiru aurkezleak ere bai, jakina, baina beraien artean txandakatuko dituzte zereginak. Laugarren eserlekua gonbidatuak beteko du. Eta bosgarrena, berriz, kolaboratzaile zirtolariak. Azken horiek ere hiru dira, eta txandaz txanda ariko dira egunerokotasuneko gaiak planteatzen, grazia puntua eta pipermina aldean.
Lehen saioko gonbidatua zelakoan ireki dute erredakzioko atea, baina ez, kolaboratzailea da. Bonboi-kutxa bat dakar besapean. Gabonak izateko aste batzuk falta direla gogorazi diote, baina lehenbiziko saiorako elementu gisa ekarri du. Irekitzeko tentazio handirik ez da sortu ordea, Errezilgo gozogile baten pastekin eta kafe egin berriarekin ondo ase baitira aurkezleak grabaketa aurreko minutuetan. Gidoiak errepasatu dituzte meriendarekin batera, eta prest dira saioari ekiteko.
Bigarrenez jo du txirrinak. Orain bai: gonbidatua da. Garaiz dator, irribarretsu eta gogoz sumatzen zaio. Agurtu ditu aurkezleak, ezagutzen ziren aurrez, besarkada batzuk eman ditu han eta hemen, eta azkar batean azaldu dizkiote programaren nondik norakoak. Ez dago bereziki urduri. Ohitu samar dago kameren aurrean jartzera, nahiz azken boladan dezente aritu den kameren atzean. Bere mikrofonoa zein izango den adierazi diote, eta eserlekua hartu dute guztiek. Eroso jarri, kaskoak jantzi eta teknikaz arduratuko diren lankideek buruarekin baietz egin diote Haizeari. Klaketari eman, eta sarrerako testutxoari ekin dio. Hastera doa lehen saioa. Hastera doa BTN 2.0 bideopodcasta. Gauzak ondo bidean, gurekin izango ditugu datorren urte osoan.