NBTX 2023

Alazne Untxalo-(r)en argazkia Alazne Untxalo 2023-12-05
Argazkiak: Josu Santesteban (Bertsozale Elkartea)

Nafarroako Bertsolari Txapelketa, 46. edizioa: 24 bertsolari, 11 gai egile, 7 epaile eta 8 saiotan milaka entzule.

Aurten ez dut barrenetik bizi izan txapelketa, baina bai hurbiletik.

Aurrekanporaketetatik finalera saioz saio aunitz gozatzeko aukera izan dugula uste dut, bertsolariek euren onena eman baitute. Azpimarragarriena bertsolarien arteko aniztasuna eta  gazteek erakutsi duten maila izan da.

Azken urteetan gai jartzaile taldeak gaiak gauzatzeko orduan aldaketarako izan duen grina nabaritu dut. Gai sozialak lantzen saiatu dira eta honek saioaren kolorea aldatu du zinez.

Urriaren 2an abiatu zen txapelketa Iruritan; aretoa bertsozalez lepo eta giroa bero zegoen.  Sarai Roblesek lan bikaina burutu zuen  aitzinera pauso handi bat emanez.  Finalistez gain, Idoia Granizok eta Ekain Alegrek saio borobila egin zuten. Egoitz Gorosterrazuk ere utzi zituen ale gogoangarriak eta entzuleak irriarazi zituen.

 

 

Hemen  Granizok eta Roblesek 8ko txikian egindako lanaren zati bat:

Gaia: Idoia, dendaria zara, eta Sarai bezeroa. Idoia, egunero bezala, gaur ere Sarai itxi baino 5 minutu lehenago sartu da dendara.

 

NBTX 2023

 

Granizo:

Denda bat Estafetan

Daukana tokia

Eta gaur itzaltzear

Zela eguzkia

Berriro ere Sarai

Cauen la ostia

5 euro garestigo

Daukazu guztia

 

Robles:

Garesti ordaintzeko

Jakizu prest nago

Hau kalitatea da

Joanik harago

Zortziak bost gutxitan

etortzen naiz klaro

Ze ordu hontan denda

Oso lasai dago

 

Jarraian Nafarroako bertze puntara joan ginen, Vianara. Bertan Julio Soto nabarmendu zen bertzeen gainetik. Umoretsu, jostari, sakon…  Xabat Illarregi eta Ekhiñe Zapiain biak ere arin eta erraz kantuan. Zapiaini aipamen berezia egin nahi diot, finaletik gertu geratu den bertsolari beratarrak bere bigarren parte hartzea zuen txapelketan eta segurtasun handiarekin agertu zen.

Urko Gartziak ere bigarren aldiz parte hartu du lehian; saio txukun bat osatu zuen, bertso mamitsuak kantatuz. Aitor Irastortza eta Sotok egindako 8ko txikian lehertu zen saioa, umorez bustitako hainbat irudi sorrarazi baitzituzten. Baina bertako lanen batekin geratzekotan, Zapiainek eta Illaregik egindako 10eko txikia edo Sotoren ganbarakoa dira.

 

NBTX 2023

 

Gaia: Orain arte zauria estalita eraman duzu. Gaur, orbaina bistan duzula irten zara kalera.

 

 

Soto:

Txirrindulan nindoan

Ta bera autoan

Ta botata utzirik

Hantxe asfaltoan

Eta nere eskura

Beiratutakoan

Hatza galdu nun

Modu mingarri askoan

Orbana geroz eztut

Eraman kanpoan

Beti eskularru bat

Behar zelakoan

Gainontzeko jendeak

Berehalakoan

Ni hatzez seinalatzen

Ninduelakoan

 

 

Bistako da jendeak

Dena badakina

Bai gutxienez babes

Emateko adina

Hori ulertzeko egin

Dut ahalegina

Hatz bat gutxio baino

Banoa aitzina

Norberak bere mamu

Eta barne mina

Gaitzerdi da bihurtzen

Ez bada ezina

Denboraz ohartu naiz

Ekinez egina

Lehengo eskua dudala

Baina desberdina.

 

Hurrengo geltokia, Uharte. Joanes Illarregi gailendu zen bertzeekiko koxka bat ateraz eta Eki Mateorena sailkatu zen honen gibeletik. Mateorena aurtengo parte hartzailerik gazteena da. Kantaera bizia du eta entzulearendako gustagarria da, ederki aritu zen. Egun honetan Barañaingo hiru bertsolari aritu ziren kantuan.

Mikel Lasartek,  sarritan bezala, saio erregularra egin zuen. Beñat Astiz entzuteko aukera ere izan genuen bertan. Bere bertsoek hausnarketarako bide bat irekitzen dute; mimoz eta dotoreziaz josten ditu puntuak.

Ainara Ieregiri egun batzuk lehenago eskaini zitzaion ordezko gisa txapelketan parte hartzea.  Lehenengo agurretik umoretsu, ausart eta naturaltasunez agertu zen “zuek salbatzera dator ordezko woman” kantatuz. Bertsolari honek bere ikuskera propioa helarazten du eta oso originala da ideien aldetik.

Bere ganbarako bakarkakoa oso txalotua izan zen.

 

Astiz eta Illarregi 8ko txikian.

 

Gaia: Beñat eta Joanes, manifestazio baterako pankarta prestatu duzue elkarrekin. Beñat, esaldia kalkatu ahal izateko bozetoa eta proiektorea prestatu dituzu. Joanes izan da pintatzen aritu dena. Ohartu berri zarete pankartako esaldiak akats ortografiko bat duela.

 

NBTX 2023

 

Illarregi:

Zuk plantilla egin duzu

Ez nengoen dudan

Euskara H-rekin

Hizkuntzen kulturan

Ta a ze akats lodi

Handi egin dudan

Konfiantza guztia

Nuelako zugan.

 

Astiz:

Euskaldun berria naiz

Ejem ejem ejem

Hori hedatu nahian

Ez al zaude hemen

Akatsa nahita egin

Nuen entzun zeren

Euskaldun berriak ere

Hurbildu daitezen.

 

Illarregi:

Ba ni beldurrez nago

Albotik begira

Nahiz hamar letra soilik

Zituen guztira

Berriak ere joaten

Dira euskaltegira

Ta hola hurbildu ez

Urrunduko dira

 

Leitzan jokatu zen azken final-laurdena eta bertan jakin genuen nortzuk pasako ziren hurrengo fasera. Eneko Lazkoz nagusitu zen. Fernando Zigandak eta Bittori Elizaldek lehenengo txapelketa izan zuten aurtengoa. Elizalderen ahalegina azpimarratu nahi dut, oso seguru aritu zen saio osoan zehar eta ganbarako lan bikain batekin itxi zuen kanturako tartea. Endika Legarrak ale gogoangarriak utzi zituen, Josu Sanjurjorekin egindako 8ko txikia, erraterako eta Sahats Karasatorre ederki aritu zen 8ko handi nahiz txikian, bere puntu erantzunak ere bikainak izan ziren.

 

 

Karasatorre puntu erantzunak:

Gaia: Aurrezkiak.

 

NBTX 2023

 

Gaur egun aurreztea

ez da hain erraza.

Saats: Neri hori maiz etzait

Burutikan pasa

Bi lan dauzka ta bitan

Naizenez kapaza

Hil bukaeran hartu

Izan dut arnasa.

 

 

Zenbat diru behar da

 ongi bizitzeko?

Saats:Ura gasa ta beste

Gastuak tarteko

Sarri ibiltzen gara

Gu ito antzeko

gutxiago beharko

Bagenu hobeto

 

Alkaizak lehenengo postua eskuratu zuen Altsasun eta ondorioz, finalerako lehen sailkatua izan zen bera. Bertsotan eroso sumatu zitzaion eta ariketa guztietan asmatu zuen. 8ko handian Karasatorrerekin egindako lana edo bakarkakoa nabarmenduko nituzke.

Egun horretan bereziki bixi eta zirikatzaile agertu zen Patxi Castillo. Entzulea barrezka jarri zuen Zapiainekin puntuka edota Eneko Fernandezekin 8ko txikian aritu zenean.

Fernandezek bere txapelketako ibilbidea bukatutzat eman zuen azken agurrean, eta entzuleak esker onez txalotu zuen. Lehenago aipatu gisan, Alkaizaren bakarkakoa ederra izan zen eta harekin batera azpimarragarriak iruditu zitzaizkidan Zapiainena eta Roblesena. Baina ariketa bat aukeratzekotan,  Roblesek eta Zapiainek egindako 10eko txikia, nire irudikoz, txapelketa honetan entzun dudan ofiziorik onenetako bat.

 

Gaia: Sarai eta Ekhiñe, gurasoak zarete. Oraindik ere, zuen seme-alabek arropa zikina ekartzen dizuete, zuenean garbitzeko. Sarai, Ekhiñek egoerari muga jarri beharko zenioketela esan dizu.

 

 

 

 

Robles:

Ahaztuta txikitako

Negar ta gaubela

Hutsik geratu ziren

Etxeko bi gela

Badakit egoera

Arraroa dela

Baina ez diet

Esan behar bela

Zaila zait onartzea

Handitu direla

 

 

Zapiain:

Ba bai handitu dira

Diotsut benetan

Nahiz ta luze ibili

Mimo ta ferekan

Ikusi egoera

Zertan gabiltz zertan

40ak dituzte

Adinaren bueltan

Ta heldutu daitezela

Zentzu guztietan

 

 

Agoitzen Sotok irabazi zuen, eta haren gibeletik geratu zen Ilarregi gazteak ere saio paregabea egin zuen. Leitzarrak Sotorekin egindako puntukako saioa, Granizorekin egindako 8ko txikia eta ganbarako lana goraipatu nahiko nituzke; azken hau zinez ederra izan zen. Gaietan nola murgildu jakin zuen, entzulea bidaia bat egitera eramanez.

Julen Zelaietak bere estilora kantatzeko aukera izan zuen eta  Gartziarekin 8ko txiki dibertigarri bat osatu zuen.

Hirugarren eta azken finalaurrekoa Lesakan izan zen, Nafarroako bertsolaritzarentzat izan den harrobi nagusian. Pilotalekua jendez gainezka eta bertsolariak finalerako postu bat eskuratzeko lehian. Illarregi eta Lazkoz geratu ziren lehenengo bi postuetan. Lazkozek egindako lana bikaina izan zen bere osotasunean, ariketa guztiei atera zien etekina. Bakarkako ederrak egin ohi dituen bertsolaria da etxarriarra eta Lesakan ere ez gintuen epel utzi.

Illarregirekin batera osatutako 8ko txikia zoragarria izan zen, eta entzulea haien bertsoetara lotzea lortu zuten.

 

 

Lazkoz eta  Illarregi, 8ko txikia.

 Gaia: Eneko, auto pilotua zara eta Joanes, laguntzailea. Auto-lasterketetan ibiltzen zarete elkarrekin. Eneko, lasterketa hasi den momentutik Joanes aho-zabalka sumatu duzu.

 

Lazkoz:

Zu esatari ona

Mugituz ezpaina

Ni berriz gidatzen ta

Entzuten bikaina

Ras eskui eta ezker

Mugitzeko aina

Aho zabaltzea zer den

Nik ez dakit baina

 

 

Illarregi:

Mantsogi joatea

Dela buruhauste

Karakolek aurretik

Pasatzen gaituzte

Arriskurik dagonik

Etzazula uste

Radarrak karreretan

Itzaltzen dituzte

 

 

Lazkoz:

baina presa bizitzan

Ez ote da karga

Xuabe joatea hobe

Ze bestela hara

Xuabe pasa kurba ta

Xuabe jeitsi malda

Ez iristea baino

Hobea ez al da

 

Abenduaren 2a, egun handia nafartarrentzat. Inoizko finalik jendetsuena, plaza ederra. Oholtazan zortzi artista eta txapelerako autagai anitz.

Giro bikaina hasieratik, bertsoen amaierako errepikak txalo artean indartuak. Oholtzan ere, laguntasuna eta zaintza somatzen ziren, bertsoaldiak hasi aurretik euren artean elkar animatuz eta amaitzerakoan elkarri keinu eginaz. Irudi horrek aunitz erraten du, bertsotan elkarrekin egin behar delako elkarren kontra baino.

 

Agurretik bakoitzak bere asmoa azaleratu zuen, J. Illarregik erraterako horrela amaitu zuen bere lehenengo bertsoa: “baina lanerako nator hortzak zorrotz eta estu / guztia ez dut utzi nahi izar uso baten esku”.

 

8ko nagusian hasi zen saio puntuagarria. J.Illarregik eta Sanjurjok ofizio borobila egin zuten baita Alkaizak eta X. Illarregik ere. Roblesek eta Sotok egindako lanarekin geratzen naiz, gaia gustatu zitzaidan eta baita haien alkarrizketa ere.

 

Arg: Josu Santesteban

 

Gaia: Gizarte langileak zarete. Zuen erabiltzailea den emakume batekin hitzordua duzuen bakoitzean, bere senarra berarekin etorri ohi da. Ez dio hitzordura bakarrik sartzen utzi nahi izaten.

 

Soto:

Asteartero asteartero

Etortzen zaigu Amaiur

Eta atzetik bere itzala

Zer kontatuko dun beldur

 

Robles:

Beti ondoan etortzen bada

Ez da konponduko bela

Nola azaldu bere arazoa

Igual ondoan duela

 

Soto:

Osteguneko greba eguna

Nahiz ez daukagun ahantzia

Gizonek nahasi egiten dute

Zaintza ta bijilantzia

 

Robles:

Hitzorduari hartu ezkero

Gaur aurrekoen tankera

Ni berarekin utzi eta zu

Senarrarekin atera

 

Zortziko txikian ere lan politak burutu zituzten. Irriak, txaloak eta oihuak entzuten ziren bertsoa amaitu osteko burrunban. Illarregi anaiak elkarrekin aritu ziren eta konplizitate handiz osatutako ofizioa izan zen. Sanjurjok ere zorrotz hasi zuen Alkaizarekin osatutako ariketa eta lan dibertigarria osatu zuten bi lagunek. Soto eta Lazkozena izan zen ariketa hau isteko azken bikotea, Etxarriarrak dirdira egin zuen ariketa honetan.

 

Illarregi anaiak.

Gaia: Lagunak zarete. Xabat, Joanesek  traje bat eskatu zizun duela aste batzuk. Gaur, Joanesen baratzean txorimaloa ikusi duzu trajea jantzita.

 

Xabat Illarregi:

Ehun euroko trajea

Hau gauza krudela

Bera izan behar zen

Ezin zen bestela

Zenion txorimalo

Batentzako zela

Uste nuen zugatik

Esan zenuela

 

 

Joanes Illarregi:

Ze nolako gogoa

Umoretarako

Bi makil hortxe daude

Trajeakin guapo

Propio eskatu nizun

Zaudelako flako

Berari zure antza

Hartzen niolako

 

Sanjurjo eta Alkaiza.

Gaia:Josu langilea eta Saioa nagusia zarete. Josu komunean telefonoz zure lagun bati Saioarekin izan duzun amets erotikoa kontatzen ari zarela, Saioa nagusia irten da ondoko komunetik.ç

 

Sanjurjo:

Zure gorputzarekin

Goxoki desiran

Soldata eta guzti

Igotzen zenidan

 

Alkaiza:

Baina ez dut ezer entzun

Esaten dut agur

Aiba turno bikoitza

Tokatzen zaizu gaur

 

Sanjurjo:

Soldata igotzea

Nuen nik helburu

Baina ametsak soilik

Ametsak ditugu

 

Alkaiza:

volkswagenean gaude

Ikustea erreza

Nere ondoan dago

Benetako pieza

 

Sanjurjo:

Turno doblea daukat

Nik libretik urrun

Kontuz egon zuk gero

Zer amesten duzun

 

Alkaiza:

Ta orain hemen egurra

Eta ez erdizka

Nabari da zarela

Naiko masokista

 

 

 

Lazkoz eta Soto.

 

Gaia: Lagunak zarete. Gaur pilota partida bat ikustera joan zarete frontoira. Julio, partida hasi denetik Eneko oihuka eta zalapartaka ari da pilotariak animatzen. Konturatu zara telebista kamara etengabe zuek fokuratzen ari dela.

Soto:

 

pelotariak txuriz

Ta pumpaka bola

Artekariak kantuz

Zuk bero odola

Aupa viva ta iepa

Hala eta hola

Ez dakit badakizun

Hau ez da futbola

 

Lazkoz:

baina etxeko sofa

Ere ezta barka

Nahizta zuk ez ulertu

Nere zalaparta

Iruditzen zait soilik

Zaizkizula falta

Palomita poltsa bat

Ta gainean manta

 

 

Puntu erantzunetan gaia jarrita egin behar izan zuten bertsolariek. Ariketa goraberatsua izan zen. Alkaizarena, X.Illarregirena, Lazkozena  izan ziren osoenak iruditu zitzaizkidanak. Karasatorrek egindako lehenengo bertsoaren erantzuna gogoan dut, azken onek hitzekin irudi eder bat osatu bait zuen. Bere gaia besarkada izan zen eta kolpetik horrela erantzun zion Anderrek jarritako puntuari:

 

-Besarkada bat ote

Da keinu hurbila

Karasatorre:Besoak zabaldu ta

Egin borobila

 

10ko txikian alde batetik J.Illarregik eta Alkaizak egindakoa bilduko nuke, oso sinesgarria izan zen. Aita-alabek mugikor bat izatearen inguruko eztabaida osatu zuten.

Bertzetik Lazkoz eta Roblesen lana, finki eta mimoz osatutako ariketa.

 

 

Bakarkako lanekin bukatu zen finalaren lehenengo zatia.

Gai zehatz eta ezberdina izan zuen bertsolari bakoitzak eta zaila da aukeraketa egitea, bakarkako guztiak politak izan baitziren. Karasatorrerentzat hau izan zen lanik osoena, bere bertsoak goitik behera jantzi zituen. Hemen bere bertso bakoitzaren bukaera.

 

Gaia: Goi mailako kirolaria izan zinen. Garai hartan izan zenituen osasun mentaleko arazoak ezkutuan mantendu izan dituzu orain arte. Publiko egitea erabaki duzu.

 

Karasatorre:

 

Eta ez dakit hanka nekatu

Haiek al ziren zioa

Baina guztia lortuagatik

Eldu zen depresioa.

 

 

Dudan unean ez naiz hasiko

Gertatu zena estaltzen

Estalitako zauriak sarri

Ez direlako sendatzen

 

 

Entzu bezaten pareko denek

Prentsa hoarrean esana

Beste inori ez gertatzeko

Niri gertatu zaidana

 

 

Alkaizaren bakarkako lana izan zen dudarik gabe besoetako ileak puntan jarri zizkidana. “Xorieri mintzo zen” doinuan kantatu zituen eta bukaerako puntuen jolasak borobil geratu zitzaizkion.

 

Gaia: Adinean gora zoaz. Konturatu zara zure bikotekidak azken boladan geroz eta maizago ahazten dituela gauzak.

 

Alkaiza:

 

Begirada galdua du

Mina ezin dut deskriba

Gaur nor zara galdetu dit

Begietara begira

Begietara begira

Mina ezin dut deskriba

 

 

Indarra aterako dut

Horretan ez egon dudan

Oroitaraziko dizut

Zenbat maitatzen zaitudan

Zenbat maitatzen zaitudan

Horretan ez egon dudan

 

 

Besarkatu egin dut estu

Ez du besterikan behar

Beste inor ez dugu ta

Babestu dezagun elkar

Babestu dezagun elkar

Ez du besterikan behar

 

Buruz burukora Lazkoz eta Soto igaro ziren, puntuka eta seiko motzean jardun ondotik ganbarako lana osatu zuten. Soto diztiratsu ibili zen eta bakarkako lan galant batekin amaitu zen saio puntuagarria.

Entzuleak amaierarik gabeko txalo zaparradarekin eskertu zuen bertsolariek eginiko lana, hunkigarria izan zen.

 

IKUSI FINALA OSORIK

NBTX 2023 NBTX 2023 NBTX 2023 NBTX 2023 NBTX 2023 NBTX 2023 NBTX 2023 NBTX 2023 NBTX 2023 NBTX 2023 NBTX 2023 NBTX 2023 NBTX 2023 NBTX 2023 NBTX 2023 NBTX 2023 NBTX 2023 NBTX 2023