2023-11-20
Isilpean eta ahoz gora
Isilpean eta ahoz gora –
Txapelketa-giroa dago Nafarroan eta Bizkaian, eta, horrek, bertso-eskola giroa esan nahi du. Edo, zehatzago esanda, bertso-eskolako giro-aldaketa. Hala da gurean behintzat: 2024ko urtarrilaren amaieran hasiko da Arabako bertsolari txapelketa, eta sumatzen da jada. Zer esanik ez, beraz, finalaurrekoak edo finalak datozen asteetan dituztenen kasuan.
Hainbat dira maiztasun finkorik gabe biltzen diren bertso-eskola intermitenteak (helduenez ari naiz betiere, umeen bertso-eskolen eskolaz kanpoko jarduera-izaerak beste arau batzuk jartzen baititu tartean), beharrak hala agintzen duenean aktibatzen direnak. Eta horrek ez du zertan bertso-eskolaren osasun eskasaren erakusgarri izan. Ezer bada, bere gertuko inguruneko (udalerri, eskualde, hiriburuko auzo) bertso-bizitzaren gunea da bertso-eskola. Ez dagoela astero bildu beharrik erreferente izaten jarraitzeko, alegia. Saio bat antolatzeak, txapelketarako bolondresak bilatzeko biltzeak, udalaren egutegirako bertso-sorta baten enkargua jaso eta lanean jartzeak edo, besterik gabe, afari bat egiteak, jarraikortasuna ematen dio taldearen euskarri-izaera horri. Baina hara, Damoklesen ezpata ageri da kultur etxeko gelako ate ostetik, bromak bukatu dira. Maiztasuna finkatu, dinamika zehaztu, puntualitatea zaindu: entrenatu beharra dago.
(tartekia: “entrenatu” idatzi dut. Bertso-eskolan aritu denak badaki zenbat aldiz zuzendu behar izan dien “noiz daukazue bertsotako entsaioa?” esan diotenei).
Gutxien uste duzuna agertuko zaizu koaderno bat eskuan (errima-zerrendak, ideiak, oharrak). Kanturako taldeen osaketa gehiago zaintzen da. Taldeko kide-kopurua murrizten da. Saioa gerturatu ahala, psikologia-lana hedatzen da. Entzuten ari direnak ez dira entzule soilak: kantuan ari dira beraien baitan, saio paraleloak osatuz. Bertsoaldi bakoitzaren ondoren analisi laburrerako tartea hartzea ohikoa da; “hemendik jo izan bazenu”, “ondo osatu duzue elkarrizketa”, “errima horrekin kontuz”. Bakarka aritzeko unea bukaerarako uztea kuestionatzen da, nekeak erasandako saio eskas bat egitearen beldurrez. Bertsoekin gozatzeko modua ere aldatu egiten da, findu, destilatu. Ahoz gora egiten den isilpeko lana.