BERTSOZALE ELKARTEA: eraberritze prozesu bat, soziala eta ondarezkoa

Jesus Fernandez Fernandez (Ramon y Cajal ikertzailea, Oviedoko Unibertsitatea)-(r)en argazkia Jesus Fernandez Fernandez (Ramon y Cajal ikertzailea, Oviedoko Unibertsitatea) 2023-11-22
Argazkiak: XDZ

eraberritze prozesu bat, soziala eta ondarezkoa –

Ez da harritzekoa enpresari handiei, gune teknologikoetako zuzendariei, maila altuko politikariei edo akademiko batzuei eraberritzeaz hitz egiten entzutea, nahiko ezaguna egiten zaigun terminoa da, baina… Ba al dakigu zer esan nahi duen egiazki? Silicon Valley, Shenzem, Tel Aviv… horrelako tokiekin lotzen dugu kontzeptua, enpresa munduarekin eta teknologiarekin. Azkenean pentsatzen dugu eraberritzea gure mugikorrak geroz eta txikiagoak eta geroz eta funtzio modernoagoak eta txundigarriagoak izatea dela. Inork ez du ukatuko hori eraberritze mota bat denik, baina ba al daude berritzailea izateko beste bide batzuk? Bai noski, badaude, naiz eta soilik azken hamarkadetan hasi garen horri buruz hitz egiten, gehiago eta toki ugariagotan, bai estatuek eta administrazioek erreklamatu dutelako (eraberritze publikoa), baita herritar antolatuek ere (eraberritze soziala).

 

Duela urte batzuk ikerketa bat garatzen hasi nintzen, non eraberritze soziala eta ondare kulturalaren eremua uztartzen ditudan. Hor sartzen da Bertsozale Elkartea. Baina, lehenik eta behin, argitu ditzagun kontzeptu guzti hauek.

 

Hasteko, eraberritze sozialtzat hartzen ditut xede soziala dutenak, non pertsona onuradunak parte hartzaile aktiboak izan diren eraberritze horretan. Hots, helburuetan zein bitartekoetan sozialki berritzaileak izan diren prozesuei buruz ari gara. Sinplifikatu dezagun are gehiago: berrikuntza soziala da pertsona talde batek ordura arte ezezaguna zen eta garatzeke zegoen prozesu bat martxan jartzen duenean, bete-betean eragiten dien arazo kolektibo bati konponbidea ematen diona, aldi berean egile eta onuradun izanda. Horren inguruan patxadaz pentsatu eta geure golkoari galdetzen badiogu, perspektiba historikoz, ea zer den berrikuntzaren izaera soziala, sorpresa interesgarriekin egingo dugu topo. Ikus dezagun adibide bat. XIX. mende erdialdean, Mendebaldeko Europa fabrika erraldoi bilakatu zen, non hirietako biztanleria eta fabrika kopurua etengabe ari ziren igotzen, kapitalismo industrialaren eskariak gora eta gora egitearen ondorioz. Ondorioetako bat fabriketako eskulanaren, proletarioen, muturreko txirotzea izan zen. Bizi eta lan baldintzak zeharo eskasak ziren. Testuinguru hartan laster goratu ziren esplotazio orokorrean oinarritzen zen sistemaren aurkako ahots kritikoak. Hastapenean, konponbide bilaketak izaera utopiko eta paternalista garbia zeukan, eta argi zegoen ez zuela arazorik konponduko. Baina langileek laster hartu zuten iniziatiba kolektiboki antolatuz. Horrela jaio ziren sindikatuak: mobilizaziorako eta erresistentziarako tresna erabilgarriz hornitu ziren langile elkarteak, eta horrek ahalbidetu zien, denbora erlatiboki motz batean, 8 orduko laneguna edo oporrak bezalako eskubideak lortzea. Sindikatuak berrikuntza sozial gisa deskriba daitezke, pertsona kaltetuek jarri zituztelako martxan, arazo sozial bati erantzuteko. Antolakuntza mota berri bat zen, historian sekula existitu ez zena (ez forma horretan, bederen), eta azkenean erabiltzaileei mesede egin ziena (helburuak erdiestea hamarkadetako kontua izan zen arren). Agian irakurleak ez du inoiz pentsatu modu horretan, baina zergatik? Hain zuzen, hasieran aipatzen nuenarengatik: berrikuntzaren lengoaia erabiltzeko eskubidea gutxi batzuek beretu dutelako. Horregatik uste dut beste eraberritze mota batzuk aldarrikatu behar ditugula, hala nola testuinguru informaletan, aktibismo espazioetan eta komunitatean jaiotzen direnak. Aurrerago azalduko dut zergatik uste dudan dela hain beharrezko, baina ondorioetara iritsi aurretik uste dut eraberritze urgenteenak eta beharrezkoenak ez direla teknologikoak, sozialak baizik. Eta uste dut misio honi ekarpenak egiteko gai den aktore orori aitortu egin behar zaiola meritua.

 

eraberritze prozesu bat, soziala eta ondarezkoa

 

Arestian esan dudan moduan, nire ikerketan zehar kontzeptu hau ondarearen esparruarekin uztartzen saiatu naiz. Edo beste era batean esanda, abiapuntuko nire galdera izan zen: sortzen al da berrikuntza sozialik eremu honetan?

 

Horregatik, eta bigarren puntu gisa, argituko dut zeri buruz ari naizen “ondarea” diodanean, zehazten zaila den beste kontzeptu iheskor bat baita. Nire lanean definizio prozesual eta antropologiko bat darabilt, non ondaretzat hartzen dudan kolektibo edo gizarte aktibo batek abian jartzen duen prozesu bat, bere nortasun komunari lotu eta ibilbide historikoa duen elementu material edo immaterial bat balioan jartzeko, kontserbatzeko, aitortzeko, ikusarazteko… ekintza edo neurri sorta bat martxan jarriz. Hemen sartzen dira, esaterako, Gasteizko katedrala nahiz museoetan zaintzapean dauden artefaktuak, bistan dena. Baina badira, halaber, kolektibo txikiagoei dagozkien edo haiek arduratzen dituzten gauzak, hala nola herri bateko errementeria, baserri zehatzen bat edo adierazpen immaterialen bat, izan musika, izan ahozko kontakizunak, izan elezaharretako istorioak. Eta jakina, adierazpen immaterial guzti horien artean dago bertsoa (hemen ez dago zertan azaldu zer den). Amaitzeko, oso garrantzitsua den zerbait: eraberritzearen kasuan bezala, ondarea ez da soilik gutxi batzuen kontua, ez da bakarrik administrazio publiko edo estatu egituren afera; izatez, gisa honetako prozesuak abiatzeko gaitasuna eta zilegitasuna dauzkaten kolektibo sozialena ere bada.

 

Beraz, ene ikerketa hasi nuenean neukan helburua metodologia bat garatzea zen, adierazle sorta batzuen arabera ebaluatzeko noiz gertatzen diren eraberritze sozialak ondare jakin baten inguruan. Honela, Donostian izandako elkarrizketa batean, EHUko Iñaki Arrieta irakasleak Bertsozale Elkartearen eta bere lanaren berri eman zidan, eta berehala ikusi nuen ene metodologia entseatzeko azterketa kasu interesgarri bat zela.

 

2016ko udan Mintzola Fundazioa bisitatu eta bertsolaritzarekin lotura zeukaten hainbat pertsona elkarrizketatu nituen, haien artean Bertsozale Elkarteko Karlos Aizpurua. Modu atseginean hartu ninduen, eta haien instalazioen, ekipamenduen eta antolakundearen ateak aldenik alde ireki zizkidan. Mintzola Fundazioak egindako dokumentazio bilketa lan goraipagarriari esker, nire lanerako balio handikoa izan den informazioa eskuratu ahal izan nuen; tartean, Bertsozale Elkarteak sustatutako irrati eta telebista programen audientziak, esaterako. Baita elkarteak audientzia zabaletan zeukan eragina kuantifikatzea ahalbidetzen zidaten beste hainbat datu ere. Aukera probestu nuen Bertsozale Elkartetik at zeuden pertsonek elkartearekiko zeukaten iritzia eta balorazioa ezagutzeko, orokorrean nahiko positiboa zena, kritikaren bat edo beste barne. 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusia ikusi nuen, eta Bertsozale Elkarteko ordezkaritza txiki bat Asturiasera etorri zen eraberritze sozialaren inguruan antolatu nituen jardunaldi batzuetan parte hartzera, non bertso eskolak zer ziren azaldu eta bertso tailer bat egin zen asturieraz.

 

Ene landa azterketan bildutako informazio guztiarekin zenbait ondorio plazaratu nituen hainbat artikulutan (Fernandez Fernandez 2020-2021), eta hemen laburbilduko ditut. Zalantzarik gabe, Bertsozale Elkartearen kasuan eraberritze sozial prozesu bat eman da ondare bat ardatz hartuta. Elkarte hau, ene hitzetan, “eraberritze ekosistema sozial ondarezko” bat sortzeko gai izan da, audientzia eta erabiltzaile kantitate handia bildu duena, ideiak eta metodologiak barreiatzea ahalbidetu du bere zabalkunde tresna propioak erabiliz (bertso eskolak, txapelketak, ekitaldiak, irrati eta telebista programak…). Ekonomia erreal eta ukigarriari dagokionez, deslokalizatu ezin diren lanpostu ugari sortu dira, baita hainbat spin off ere, pribatuak zein irabazi asmorik gabeak (Mintzola Fundazioa, egun tamalez geldirik dagoena, edo Lanku enpresa). Engaiamendu lokala beti elikatu da, esaterako, bertso eskolekin, hezkuntza programekin eta asoziazionismoz, aldi berean lurralde eta nazioarte mailako egiturekin lan eginez eta beste herrialde batzuetako antolakundeak tartean sartuz. Bertsolaritza mugimendua ondare praktikaren adibide ona da, bere metodologia irekia da, eta urte luze hauetan ondarea bildu eta dokumentatu dute. Horrek “behetik goranzko” transferentzia mekanismoak ahalbidetu ditu, komunitateetatik enpresara, unibertsitatera eta erakunde publikoetara. Adibide moduan, Bertsozale Elkarteak proposamen bat aurkeztu zion UNESCOri 2007an bertsoa humanitatearen ondare immaterial gisa katalogatzeko. Aitzitik, tramite hau geldirik egon da denbora batez, ez baita Euskal Herria barnebiltzen duen marko legalik. Egoera hau 2019an onartu zen lege berri batekin aldatu da, eta horrek posible egin du ekimena berrabiaraztea (6/2019 legea, maiatzak 9, Euskal Kultur Ondarea, 2019/05/20ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria). Bere 11. artikuluan (kultur ondare immaterialaren babesa) bertsolaritza agertzen da, Euskal Herriko kultur ondare immateriala osatzen duten beste 11 kategoriaren artean. Zalantza izpirik gabe, Bertsozale Elkartearen lana gakoa izan da aitorpen ofiziala eta eraberritze normatibo hori gertatzeko.

 

eraberritze prozesu bat, soziala eta ondarezkoa

 

Bertsozale Elkartea gai izan da komunitate zabal eta askotarikoa eraikitzeko, eta, gainera, eskualdez gaindiko eskalan (Euskal Herriko lurralde guztiak barnebilduz). Eragin nabarmena izan du lurralde hauetan bizi diren pertsonen pentsamoldean eta bertsoaren pertzepzioan, diktaduraren ondoren oso egoera zailean baitzegoen bertsoa, eta oso ezezaguna zen gehienentzat. Bertsozale Elkartearen lana oso berritzailea izan da ikuspuntu sozial batetik, genero gaiak landuz. Elkartean berehala sortu zen ardura hori, non bereziki maskulinoa izan den tradizioan emakumeak ez ziren gizonezkoen erritmo eta arrakasta berarekin batzen. Arazo honi modu kolektiboan heldu zaio asanblea eta topaketen bidez, eta horrek berdintasun plan bat lantzea eragin du, bertso eskolen eta beste programa batzuen artean. Aldaketa horrek bere fruituak eman ditu, nahiz eta ziur aski oraindik lan asko izango den egiteko. Baina basoa erdi beteta ikusiz gero, gogoratu dezagun azkenengo bi Bertsolari Txapelketa Nagusiak emakume batek irabazi dituela, Maialen Lujanbiok. Hori guztia aintzat hartuta, Bertsozale Elkartea ekarpen garrantzitsua egiten ari da mentalitate kolektiboen aldaketen inplementazioan, hala nola tradizionalki patriarkala izan den gizarte batean emakumeak duen pertzepzio sozialean. Bertsozale Elkartea prozesu eraberritzaile sozial bat dela aintzakotzat hartzeko adibide batzuk besterik ez dira, baina badira gehiago. Hala, gehiegi ez luzatzeko, irakurleak bibliografian aipatu ditudan artikuluak irakurtzera gonbidatzen ditut.

 

Amaitzeko, berretsi nahi dut ikerketa mota hauek beharrezkoak direla, gogorarazi eta erakusteko eraberritzearen lengoaia ez dela eragile edo talde sozial batzuena. Denok daukagu eraberritzeko eskubidea, eta egiten dugu, azaldu dudan kasuan bezala; azken urte hauetan sakon ikertu eta dokumentatu ditudanetako bat. Baina eskubidea dugu baita ere, obligazioa esango nuke kasik, geure burua eragile berritzaile gisa aldarrikatzekoa, hala garenean. Kapritxo diskurtsibo edo erretoriko soil bat izatetik urrun, sakoneko arazo handiago batera garamatza, diziplina artistiko eta humanistikoak gero eta gutxiago baloratuta egotearekin zerikusia duena, hain zuzen ere gizartearentzat aplikagarriak, baliagarriak edo baliotsuak ez direla leporatzen zaielako. Prozesu hauetan protagonista diren eragileek ardura maila bat daukate joera honi buelta emateko garaian. Ez badute dagokiena aldarrikatzen, eta arteetan, humanitateetan eta antolakunde sozialetan dagoen eraberritzea isilean gordetzen bada, gero ezin dugu espero gizarteak behar bezala baloratzea. Lengoaiaren aldeko borroka honen inplikazioak serioak dira, zeren eta Martha Nussbaum bezalako filosofoek baieztatzen dute neofaxismoen agerpena eta balio demokratikoen galera zuzenki lotuta daudela gure hezkuntza sistemetako oinarrizko ataletan formakuntza humanistiko eta artistikoak modu progesiboan baztertzearekin. Eta zer argudio erabiltzen da diziplina horiek gure eskoletako curriculumetatik ezabatzeko? Beste behin, betikoa: aplikagarritasunik eza, ezinbestekoak ez diren jakintza gisa hartzen dira, zuzenean apaingarriak ez direnean. Ondorioz, niretzat eraberritzea arlo sozialetik aldarrikatzeak, ezagutza zientifiko berria emateaz gain, funtzio pedagogikoa ere badu, gure garaiko berrikuntza askok eta garrantzitsuek jatorri soziala dutela erakusten diguna. Eta, aldi berean, horrek dakarrena da baieztatzea eraberritze horiek gertatzen diren esparruak enpresa teknologikoak bezain garrantzitsuak (edo gehiago) direla gure gizarteentzat; izan ere, esan dudan bezala, humanitateak parean dauzkan erronka nagusiak sozialak dira, eta, zalantzarik gabe, kolektiboetan bildutako pertsonak izango dira modu erabakigarrian eragingo dutenak, sindikatuek XIX. mende bukaeran egin zuten bezala, gizarteak eraldatuz eta arazo horiei konponbide egiazki jasangarriak emanez. Eta, kasu askotan, sozialki eraberrituz egingo dute.

 

Bertsozale Elkartearen lana horren guztiaren adibide ona da, eta erakunde honen aurrean dudan posizio xumetik bertsolaritza eta Bertsozale Elkartea animatu nahi ditut euren burua berrikuntza sozialen erakunde berritzaile eta ekoizle gisa aldarrikatzera. Ez dezala bere burua gainditzeko gaitasuna eta izaera komunitarioa galdu, eta aldarrikatu dezala oinarri sozial eta kulturalaren garrantzia, erresistentziarena; funtsezkoa justuagoa, libreagoa, arduratsuagoa izan nahi duen edozein gizarterentzat, bere konplexutasunak eta kontraesanak ulertzeko eta preziatzeko, bere arazoei heldutasunez aurre egin eta aniztasun kulturala errespetatzeko. Funtsean, orain dena izaten jarrai dezala: gizartea eta ondarea berritzeko prozesu bat.

 

Mila esker Bertsozale Elkarteari bere lanarengatik!

 


 

 

Bibliografia

 

Fernández Fernández, J. (2020) Ecosistemas de innovación social-patrimonial. Definición y estudio de casos. Revista PH, n.o 99, pp. 64-97.Disponible en: https://www.iaph.es/revistaph/ index.php/revistaph/article/view/4286

Fernández Fernández, J. (2022) Social-Heritage Innovation Ecosystems. Definition and Case Studies. Revista PH, n.o 106, pp. 82-114. Disponible en: https://www.iaph.es/revistaph/index. php/revistaph/article/view/5163

eraberritze prozesu bat, soziala eta ondarezkoa eraberritze prozesu bat, soziala eta ondarezkoa eraberritze prozesu bat, soziala eta ondarezkoa eraberritze prozesu bat, soziala eta ondarezkoa eraberritze prozesu bat, soziala eta ondarezkoa eraberritze prozesu bat, soziala eta ondarezkoa eraberritze prozesu bat, soziala eta ondarezkoa eraberritze prozesu bat, soziala eta ondarezkoa eraberritze prozesu bat, soziala eta ondarezkoa eraberritze prozesu bat, soziala eta ondarezkoa eraberritze prozesu bat, soziala eta ondarezkoa eraberritze prozesu bat, soziala eta ondarezkoa eraberritze prozesu bat, soziala eta ondarezkoa eraberritze prozesu bat, soziala eta ondarezkoa eraberritze prozesu bat, soziala eta ondarezkoa eraberritze prozesu bat, soziala eta ondarezkoa