Jon Maia: "Hizkuntza gutxitu eta gutxietsi batean sortzen ari gara mendeetan zehar"
“Hizkuntza gutxitu eta gutxietsi batean sortzen ari gara mendeetan zehar” –
Amagoia Mujikak, Gaur8n.
Argazkiak: Idoia Zabaleta (FOKU)
Lesakako Aginako gainean basoaren udazkeneko taupada senti daiteke. Magal honetan abiatzen da «Kantu berri bat gara» disko-liburuaren poema. Bizi duen mundualdiaren eta bizi den herriaren kronikaria da Jon Maia, kontzientzia kolektibo baten ahots intimoa. Bere azken lana, «herri proposamen bat» da, emozioetatik eta edertasunetik.
Oiartzundik Lesakarako errepidean, bidea bera da gozamena. Gaztainak biltzeko tentazioari eustea zaila dago. Gaztaina bat jaten duten aldiro haurtzarora bidaiatzen dutenen taldekoa da Jon Maia Soria. Aginako gainera iristeko dozena bat bihurgune falta direla jarri du autoko irratian Silvio Rodriguezen kolaborazioa, “Kantu berri bat gara” disko-liburuko harribitxietako bat. Bai, Silvio euskaraz. Ametsa egia bihurtuta. Sinkronizatuta bezala, kantua Aginako gainaren magalera iristean amaitu da. Segur aski kasualitatea izan da, baina magikoa. Barre txikiak autoan, poesiaren eta pedantekeriaren arteko sokan dabilen akrobataren bertigoagatik.
Aginako mendi gainak haizetsu hartu gaitu, hosto alfonbra harrotu egiten da etengabe. Mendiak kolore paregabeak jantzi ditu gaurko, elegante. Gustatzen zaio Jon Maiari tarteka hona etortzea, lehenago Xabier Lete etortzen zen lekura, Mikel Laboak atseden hartzen duen magalera, arbasoen mairu baratzera. Hemen poesia arnasten da.
«Aginako mendi gainean bezala mandeuli batek urratzen du airearen azala». Hemen gaude, Lesakako Aginako gainean, «Kantu berri bat beti» poema hasten den tokian.
Leku berezia da, bere kokapen geografikoagatik, batetik. Aritxulegitik gora, Oiartzun eta Lesaka artean, Aiako Harria alde batean eta Larhun bestean. Pirinioak han eta itsasoa ere ikusten da. Hemen batzen dira sinesmen asko. Eta, bestetik, hemen dago Oteizak Aita Donostiari egindako kapera, eta badakigu Aita Donostiak bertso doinu mordoa bildu zuela. Bestetik, txori kantazale ederrei egindako harrizko monumentua dago, eta mairu baratzea. Leku berezia da zalantzarik gabe. Hemen bota ziren Mikel Laboaren errautsak eta Artzek hemendik idatzi omen zuen ‘maite ditut maite gure bazterrak’ poema, gero Laboak kantu bihurtu zuena. Xabier Letek ere bere zuzeneko hilondoko diskoan aipatzen du nola etortzen zen hona; ‘txori kantazale ederrak non ote daude orain?’, galdetzen du Letek. Berandu deskubritu nuen toki hau, umetan ez nintzen honaino iritsi. Gustatzen zait urtean pare bat aldiz etorri eta hemen egotea.
Hemen sortu zen «Kantu berri bat gara» proiektua?
Ideia ez. Duela urte eta erdi inguru, “Kantu bat gara” proiektuarekin ari nintzela, ni dagoeneko hasi nintzen hurrengoan pentsatzen. Aurrekoak izan zuen harrera -hainbeste kontzertu eta hainbeste jende- bultzada izan zen hurrengorako, baina lehenagotik buruan neukan kantu berriekin zerbait egin behar nuela, ezin nintzela geratu bertsioetan eta nire letragile arloaren ospakizunean. Hemen hasten da liburuan idatzi dudan poema luzea.
Berrogeitaka orrialdeko poema bakarra, hasi eta buka. Euskal Herriaren historia eta Jon Maiaren biografia elkarri lotuta begitantzen dira poema horretan.
Jon Maia intimo bat, gainera. Nire barruko loturak, argitxoak eta zulotxoak, denak agertzen dira. Nire obra publikoa, argitara ematen dudana, oso lotuta dago nire bizipenei. Eta Euskal Herriaren gertakizunak eta egoerak ere oso lotuta daude nire bizipenei, edo alderantziz. Nire estiloa dela uste dut, intimoa eta kolektiboa txirikordatzen joatea.
Ahots goraz irakurria izateko pentsatuta dagoen poema bat da, spoken word esaten zaiona. Dena segidan egin nahi nuen, zerbait berezia, eta bereziki pozik nago poemarekin. Normalean diskoa izaten da gehien luzitzen duena, arrakastatsuena, baina bereziki pozik nago egin dudan pieza literario horrekin, “Kantu berri bat beti” izeneko poema. Eta bai, hemen hasten da, harri baten gainean eserita nagoela.
Imajinatzen zaitut denbora luzean poema hori buruan. Hara, hona, bertsotan, kontzertuetan, hitzaldietan… eta poemaren argia buruan piztuta.
Aurrekoan ez bezala, oraingoan ezin nituen kantak esplikatu. Aurreko lanean letragile nola hasi nintzen kontatzen nuen, kanta bakoitzaren atzean zer zegoen, testuingurua… Baina honetan literatura egiteko aukera neukan. Nik buruan neukan disko-liburua izan behar zuela, ez bakarrik diskoa. Gaur egun disko batek bere horretan bakarrik akaso ez dauka zentzu handirik, baina literatura pieza hori ez dago Spotifyn edo Youtuben. Zerbait kontatu nezakeela ere sentitzen nuen. Aspaldian irakurtzen eta entzuten ari nintzen spoken word moduko poemak, ahots goraz errezitatuak izateko sortuak direnak, eta hori niretzat formatu egokia zela pentsatu nuen, tarteka errimatuz eta barne erritmo bat bilatuz. Egia esan, apustu literario bat egin dut. Poemaren parte handiena burua horretan sartuta neukala segidan egindakoa da, egunetan. Gero joan naiz gehitzen eta kentzen, denboran zehar. Egia da tamaina horretako pieza batean, 50 orrialde inguruko poema batean, ez dela erraza barne erritmoak eta orekak mantentzea. Lana eman dit, baina oso pozik nago.
Poema horren parte batzuk diskoko kantuak dira.
Bai, eta beste batzuek niretzat barne musika bat dute. Azkenean errezitatua izateko idatzi dut, nahiz eta irakurtzeko berdin balio duen. Uste dut 40 bat minutuko poema bat dela, eta froga batzuk egin nahiko nituzke. Kantu batzuk integratu ditut poemaren harian, baina propio idatzitako pieza bat da.
Poema bat eta hamalau abesti, gehienak berriak.
Oraingo salto handiena hori da, abesti gehienak berriak direla, hamalautik hamar. Aurrekoak lehendik arrakasta eta ibilbide bat zeukaten abestiak ziren, eta oraingoak jaioberriak izango dira. Hori da apustua. Aurrekotik kanpoan geratu ziren lau bertsio sartu ditut, pena eman zidalako horiek kanpoan uztea: Negu Gorriak-en “Ez dezagun sal”; Pello Reparazekin egindako “Aurrera Altsasu”; Gozategiren “Welcome to beach” eta Gariren “Apar urrunak”.
Kolaborazioak ere garrantzitsuak izan dira lan berri honetan.
Gustatzen zait jendez inguratzea eta nire lanak koralak eta parte hartzaileak izatea, bai diskoan eta bai kontzertuetan. Kontzertuak ere irekiak dira, parte hartzaileak, ospakizun bat. Diskoa ere ospakizun bat da niretzat, nire unibertso imajinario guztia hor dago, eta zerbaitengatik lotura berezia daukadan jendez inguratu naiz; batzuk lagunak dira eta beste batzuekin lotura berezia gertatu zait, eta horregatik daude diskoan. Niretzat luxua da zein jende dagoen: Itziar Ituño, Olaia Inziarte, Luis Pastor, Ibrahima Balde -‘Miñan’-, Mikel Anestesia, Ulu media, Silvio Rodriguez… Niretzat izugarria da jende horrekin inguratuta egotea. Gainera, horrela batzuek behintzat ondo kantatzen dute eta nirea orekatzen dute (barrez).
Zure burua ez duzu abeslaritzat?
Ez, gainera ez daukat abeslari izateko anbiziorik. Niretzat kantua beste bitarteko bat da, dokumentalak egitea, liburuak idaztea, hitzaldiak ematea bezala… Bizi naizen mundualdiari eta bizi naizen herriari nire ekarpena egiteko beste tresna bat da kantua.
Ados. Silvio Rodriguezek oso ondo kantatzen du eta zuk euskaraz abesten jarri duzu. Beste amets bat egia bihurtuta?
Aurreko “Kantu bat gara” proiektuarekin bultzada handi bat sentitu nuen eta horrek eraman ninduen proiektu hura martxan jartzera. Eta bultzada hori da ahalik eta amets gehien bete nahi ditudala. Horrela egin nuen “Kantu bat gara”, horrela ausartu nintzen bertigoari aurre egin eta horrelako lan handi bat egitera; bai liburua, bai diskoa eta bai zuzenekoak. Niretzat salto handi bat izan zen. Adinaren kontua ere bada, 50 urte betetzeak sakon eragin zidan eta erabaki nuen amets guztien atzetik joango naizela.
Lehenengo diskoan ere saiatu nintzen Silvio Rodriguezek eta Franco Battiatok parte har zezaten. Niretzat oso garrantzitsuak izan diren bi autore dira, umetatik entzun ditudanak, eta nire bertsotan eta nire letretan eragin handia izan dutenak, eta baita nire mundu ikuskeran ere. Battiatori eskutitz luze bat idatzi nion. Ez nekien gaixo zegoenik, handik hilabete batzuetara hil zen. Silviori ere bidali nion, miresmen eskutitz luze bat. Azaldu nion zer nolako ametsa izango litzatekeen niretzat eta zein polita litzatekeen euskararentzat berea bezalako ahots unibertsal eta historiko batek, hainbeste balio ordezkatzen dituenak, euskaraz kantatzea. Historiako kantugile handienetakoa da nire ustez. Orduan oso jator erantzun zuen esanez oso lanpetuta zegoela.
Eta oraingo honetan berriz saiatzea erabaki nuen, akaso dagoeneko ez zegoen hain lanpetuta, bi urte pasatu dira ordutik. Oraingoan hamabost lerroko gutun txiki bat eta dagoeneko egina zegoen kantu bat bidali nizkion. Kantu honen musika zoragarria da, Gorka Hermosaren “Amore” izeneko pieza bat da, instrumentala berez. Oraingo lan honetarako “Nostalgia” izena jarri diogu, eta nire letra bat. Bidali genuen kantua grabatuta, eta letra euskaraz eta gazteleraz. Erantzun ziguten esateko mesedez Silviok zein zati kantatzea nahiko genukeen. ‘Horrek esan nahi du baietz!’, pentsatu nuen.
Oraindik gogoratzen dut zer nolako emozioa sentitu genuen Elkarreko estudiora posta elektronikoz Silvioren ahotsa iritsi zenean. Estudioko bozgorailu indartsu horietatik entzun genuen, ahotsa bakarrik, musikarik gabe. Silvio, euskaraz abesten. Amets bat, egia bihurtuta.
Emozio hori berpizten zaizu abestia entzuten duzun aldiro?
Bai, hunkitu egiten naiz.
Lauaxetak Lorcari idatzi zion miresmen gutun horren antzekoa izango zen akaso zuk Silviori bidali zeniona. «Hotel Torrontegi» abestian kontatzen duzu istorioa.
Bai, Lauaxetak asko miresten zuen Lorca. Bada, pentsa zein poza eman didan niri Silvioren kolaborazioak. Niri galdetuz gero zein abeslari sonaturekin abestu nahiko nukeen, nik Silvio esango nuke. Zeinek esango zidan niri “Te doy una canción”, “Ojala”, “Oleo de mujer con sombrero”, “El necio”, “El unicornio azul”, “Playa Giron”… hainbat eta hainbat kantu unibertsal idatzi dituen pertsona, gazteleraz historian dagoen kantugile handienetako bat, ordezkatzen dituen balioekin asko identifikatzen naizena, asko irakurri dudana, Youtubeko bere elkarrizketak askotan entzun ditudana, urteetan zehar jarraitu dudana, eta orain berekin abestea, Gorkaren musika eder horrekin, bada imajinatu… Pribilegiatua sentitzen naiz. Niretzat idoloak izan direnek, miretsi izan ditudanek, ni naizen bezalakoa egin nauten kantuak idatzi eta kantatu dituztenek nirekin lan egitea eta nik idatzitako kantuak abestea, fantasia hutsa da.
Eta? Silvio Rodriguez ekarriko al duzu zurekin plazan kantatzera?
Saiatu gabe ez da geratuko, baina ez da erraza.
Amets bat betetzen duzunean, zer?
Hurrengoa pentsatzen hasten naiz. Dagoeneko hurrengoa buruan daukat, baina ezin dut kontatu. Ameslaria naiz eta normalean sinisten dut amesten dudan horretan. Normalean esaten ditudan gauza gehienak sinisten ditut, egiten ditudan gauza gehienetan oso benetako sentimenduetatik abiatzen naiz eta intentzio onenez gainera. Nik uste dut horregatik lortzen dudala askotan konexio hori. Niretzat “Kantu bat gara” proiektuarekin lortu dugun konexioa oso hunkigarria izan da; 42 kontzertuetatik 42 izan dira hunkigarriak. Eta kontzertuak baino gehiago izan direla uste dut; herri ikuspegi bat eman nahi dut, ahal bada bizi garen herria eta garaia hobetu dadin.
Rosaliaren urratsak ere jarraitzen dituzu. Baduzu konexio bat.
Asko gustatzen zait bere jarrera, bai musikalki bai letragile bezala. Letragile bezala akaso norbaitek pentsatuko du azalekoa dela, baina inondik inora. Hain famatua izan aurretik bere kantu batzuk iritsi zitzaizkidan, horietako bat “La hija de Juan Simon” izenekoa, flamenko erara abestua. Istorio oso hunkigarria da, bere alaba lurperatzen duen lurperatzailearen kantua da. Eta nire aitak eta aitonak gabonetan abesten zuten beti, Zumarragan. Betidanik oso presente izan dut kantu hori, eta ikusi nuenean Rosalia hori abesten -entzun egin behar da gainera nola kantatzen duen-, lotura bat sentitu nuen berekin. Nire lotura intimo bat da, existitzen ez dena, baina geroztik jarraitzen dut Rosaliaren ibilbidea. Bere kontzertura ere joan nintzen Bilbora.
Zure lanean begirada poliedrikoa eta denboran oso sakona sumatzen da. Batetik, gure herria bere zabaltasunean eta aniztasunean ikusteko gogo bat dago. Eta, bestetik, lanean eusten duzun haria aspalditik gaurdaino ekarritakoa da, «Bereterretxeren kantoria»-tik Spotifyraino.
Disko-liburu honen gai nagusia transmisioa da, mendeetako hari baten kontzientzia, euskal identitatearena. Munduaren izaera bera etengabe eraldatzen doa eta euskal identitatea etengabeko eraberritze prozesu batean dago, eta hala izaten jarraitu behar du, bizirik egon nahi badu, eta ez fosil bat izan. Baina, diluitu gabe, gure identitatearen muina mantenduz. Oso erraza da diskurtso polit batean erortzea, aniztasuna, mestizajea, denok berdinak gara… Baina euskaldunak biziraule batzuk gara, gure hizkuntzak eta kulturak bizirik iraun dute, historikoki zapalduak izan gara eta gure suntsipena bilatu izan da. Horregatik hartzen dut “Bereterretxeren kantoria” lan honen abiapuntutzat. Niretzat sinbolismo izugarria duen kantua da. Esaten da euskal kanturik zaharrena dela, 1400. urte ingurukoa dela -bai melodia eta bai letra-, eta nola iritsi da elkarrizketa honetaraino, aipamen hauetaraino bizirik? Duela ehun eta gutxi urtera arte ez da idatzia izan, ez da aurkitu. Horrek esan nahi du ahoz aho, etxez etxe, bailaraz bailara, Zuberoako borda baten jaiotako abestia Soptifyren eta Youtuberen garaira iritsi dela. Kantu horren bidaian dago nire ustez gure biziraupenaren sekretua.
«Kantu bat gara» eta orain «Kantu berri bat gara». Zein da saltoa?
Transmisioa. Nik uste dut gaur egun sortzen diren euskarazko kantu guztiak, dena delako estiloan, “Bereterretxeren kantoria’-ren seme-alabak direla, haren ondorengoak. Eta haren biziraupenari esker jarraitzen dugu guk kantuak egiten, kantu hori bizirik mantendu duen kate ikusezin horri esker, kontzientziaren hari ikusezin horri esker. Zuberoako borda batean duela 600 urte hasten dena, edozein neraberen logelan ordenagailuan konposatzen ari den kantuan amaitzen da. Zuberoan hasten da eta “Euskal Herria B”-n bukatzen da, Sestaon adibidez.
Aipatu dugun ikuspegi poliedrikoa denboran eta geografian ematen da. “Euskal Herria B” da euskal herri periferikoa, euskal herri berriak eta euskaldun izateko modu berriak. Erdal inguruetako euskaldunei aitorpen handi bat egiten diet kantu horretan.
Kezkatzen al zaitu transmisio kate ikusezin horren etorkizunak?
Aldiro, garai historiko guztietan, eraberritzea eta aurrera egitea lortzen ari gara. Egia esan ez dakit nola egiten dugun. “Lurpeko errekan” abestian esaten dudanez, gure gainetik pasatu dira hizkuntza erraldoiak, inperio handiak, denetariko armadak, munduko gerrak, diktadurak, errepublikak, gu desagerraraztea helburu zuten lege mota guztiak… baina gure kantuak lortu du bizirik iristea 2023. urtera. Hori nola egiten da? Hor dago sekretua. Bereterretxeren kantuaren bidaian, bidaia geografikoan eta denboraren bidaian.
Baikorra zara orduan?
Bada ikusten dut orain datorren euskal musikaren, bertsolaritzaren, idazleen… olatu berria eta sekulakoa da. Aro berri batean sartu gara musikan, literaturan, bertsotan, estilo berriak, mezu berriak, helburu berriak… eta berriz ere gertatzen ari da lehen gertatu zena. Bereterretxeren kantorearen egile anonimoak pentsatuko ote zuen bere kantuak 600 urte iraungo zuela? Mikel Laboak grabatuko zuela? Era digitalera iritsiko zela? Ez zuen pentsatuko, baina iritsi da. Eta herri honek badu zerbait hori posible egiten duena, hizkuntza gutxitu eta gutxietsi batean sortzen ari gara mendeetan zehar, eta orain ere bai. Poeman bertan askotan aipatzen dudan Gernika kultural baten hondakinetan jarraitzen dugu. Gernika herria berreraiki zen, baina berrogei urteko diktadura baten eguneroko bonbardaketapean egon da gure identitatea, gure hizkuntza, gure literatura, gure bertsolaritza, antzerkigintza. Gure kultura oro har 40 urteko Gernika baten pean egon da eta, hala ere, hemen jarraitzen dugu, egungo musika espresio guztiekin. Niretzat izugarria da hori ikustea, eta horrek itxaropen handia ematen dit.
Poeman diozunez, «gure kezkek loa kentzen ez dieten jendez habitatuak daude, gure bizirautearen angustiarik ez dute, beraiena baizik, eguneroko arazoak beste batzuk dituzte, haiek eta guk Euskal Herria esaten dugunean ez dugu gauza bera esaten».
Nik obsesio txiki bat daukat horrekin; ba al dakigu zer esaten dugun Euskal Herria esaten dugunean? Ni zorionekoa sentitzen naiz nire ibilera multidiziplinar honetan eta hainbeste urtean eremu askotara iritsi naizelako, ez bakarrik geografikoak, baita sozialak ere. Eta horrek ematen dit ikuspegi poliedrikoa; Euskal Herriarena, erdal Euskal Herriarena, lehengoa, Bereterretxerena, baina baita orain euskaratik urruti bizi den euskal herritar horiena guztiena… Etorkinen semea izateak laguntzen dit horretan, baina mugitzen naizen beste esparru batzuk ere ematen didate ikuspegi hori. Orduan, ba al dakigu zer esaten ari garen Euskal Herria esaten dugunean? Nik uste dut askotan ez dakigula eta gure analisiak ere hortik egin beharko genituzkeela, errealitate horiek denak kontuan hartuz. Nire etengabeko ideia da nola eraiki Euskal Herri berri bat.
Identitate kolektiboaren beharra isiltzen ez den xuxurla da zure ibilbide osoan.
Bai. Identitate kolektibo inklusiboa, anitza, baina herri bezala ezaugarritzen gaituen gauzak diluitu gabe. Eraldaketan bai, eraberritze etengabean bai, anitza bai, baina gure izateari berezitasuna ematen dion hori galdu gabe. Euskara da ezaugarri horietako bat, eta kultura, bere zabaltasunean ulertuta; geografiagatik eta klimagatik baldintzatua, hizkuntzagatik, komunitate bezala partekatzen ditugun istorioengatik… Identitate kolektibo horren bilaketa etengabea asko gustatzen zait. Eta asko maite dut horrekin jolastea kantuetan. Faktore intimoen eta kolektiboen nahasketak egiten gaitu garen bezalakoak. Eta gustatzen zait euskaldun izatearen kontzeptua ere zabaltzea.
Migrazioa oso presente daukazu, zure abuela eta abuelotik gaur egun Termibusera egunero iristen direnenganaino.
Zorionez jende asko ezagutzen dut. Nire kontzertu guztietan igo dira migratzaileak testu bat irakurtzera euskaraz; afrikarrak, hego amerikarrak, ekialdeko Europakoak… Eta hitzaldi asko ematen ditut horri buruz. Nik garbi daukat, niretzat euskara da etorkin iritsi berri baten integraziorako aterik eraginkorrenetakoa. Askotan oztopo bezala erakutsi nahi digute euskara etorkin batentzat, eta niretzat egon daitekeen aterik garrantzitsuenetakoa da, bizitza asko erraztuko diona. Euskaldunok lehen lerroan egon behar dugu gai horretan.
Zure poema irakurrita, 50 orrialdetan eta 40 minutu inguruko errezitalean, herri bezala erantzun beharreko gako asko sumatzen dira.
Nire ustez mahai gainean jarri beharreko gaiak dira. Nik ez dut egiten literatura edertasunaren bila bakarrik, nire herri ikuspegia proposatzeko egiten dut. “Kantu bat gara” eta “Kantu berri bat gara” nire herri ikuspegia dira, nire herri proposamena. Hor esaten ditudan gauzak irakurleek eta entzuleek barneratzea nahi nuke, hori da nire helburua. Horregatik esaten dut nire helburua ez dela abeslaria izatea, nire burua ez dut abeslaritzat, nire helburua gehiago da ekarpen bat egitea.
Kanpotik begiratuta, sentsazioa da gero eta errazago egiten duzula gogoak ematen dizuna.
Hori egin nahi dut. Ilusioa egiten didan guztia, nire herriarentzat, hizkuntzarentzat, alabentzat edo lagunentzat ona dela pentsatzen dudana, egin egiten dut. “Kantu bat gara” proiektuarekin jauzi handi bat eman dut, lehen aldiz nire buruaren jabe naiz. Salto estrategiko bat egin dut, nire proiektua da eta aukera daukat nahi dudana eta nahi dudan bezala proposatzeko. Salto bat da eta nik nahi dudana egitera noa. “Kantu bat gara” ondo joan da eta horrek konfiantza ematen dit orain segitzeko. Proiektu integrala da: kantuak, poemak, iruditeria berria… Ormaiztegiko Balu artistak egin du iruditeria berria, eta Odei Barrosok animazioa. Kantuetatik harago doan lan osoa da. Orain plana da proiektua plazaz plaza defendatzea.
Poeman diozunez, irabazleek historia idazten dute, eta galtzaileek, kantuak.
Euskaldunon historia ez dago liburuetan idatzita, eta gutxiago garaian garaiko kronikariek idatzita. Baina bai bertsotan: gerra karlistetako lubakietan egindako bertsoak, Ameriketara emigratutakoen bertsoak, gosea pasatzen ari ziren baserritarren bertsoak, euskaragatik umiliatuak zirenen bertsoak, greba egiten zutenen bertsoak… Euskal Herriak bere historiak kantuetan eta bertsoetan idatzi du. Historia libururik ez daukagu.
Nik uste dut artearen bidez iristen garela errazen jendearen barruan eragitera. Atmosfera sozial bat sortzera. Gero posible egingo duena hainbat gauza aurrera eramatea, baina emozio hori, magma hori, nik uste dut kulturaren bidez dela. Zalantzarik gabe kantua edo bertsoa, Eva Forestek esaten zuen moduan, ‘eraikuntza masiborako armak’ dira. Kantuaren boterea infinitua da, eta ekarpena, neurtezina.
«Katastrofearen erdian, oihanaren erdian, anabasaren erdian, intimitate burbuila bat da, babesleku bat, maskara bat, eskafandra bat, neopreno traje bat…». Hori dena da kantua.
Niretzat bai. Askotan mundua erortzen ari da eta zu kantatzera zoaz. Edo etxean desastre bat daukazu eta zu kantatzera zoaz. Kantuaren edo bertsoaren barruan sartu eta hor ni nire etxean sentitzen naiz, amaren sabelean. Hori da sentsazioa. Silvio Rodriguezek esaten du ‘la ciudad se derrumba y yo cantando’. Sentsazio hori askotan etortzen zait. Kantua bada babesleku bat, bertsoa burbuila bat. Niretzat bai, eta jende askorentzat ere bai. Nik uste dut pandemian kantuek, liburuek, kulturak balio handiagoa hartu dutela. Eta bertsoaren edota kontzertu baten kasuan bezala, kultura hori modu kolektiboan jasotzen dugunean, are gehiago. Batu egiten gaituzte eta emozioak azaleratzen laguntzen digute kantuek eta bertsoek. Horren balioa kalkulaezina da. Zoritxarrez ez dagoena batere baloratua eta oso prekarioa dena.
Olaia Inziarterekin kantatzen duzun kantuan diozunez, «orain ez bada noiz izango gara». Hor bada herri izateko aldarri bat.
Olaiarekin kantatzea oso sinbolikoa izan da. Baztanen ezagutu nuen, Arizkun Rock-en. Gero, Amaiurren, nik zuzendutako “Amaiur 500 urte. Aurkituko gaituzuenoi” izeneko ikuskizunean parte hartu zuen, eta gerora ikusi dut zer nolako ibilbidea egin duen. Pentsatu nuen belaunaldi eta aro historiko desberdinen ispilu joko bat egin nezakeela berarekin. Eta daukan talentua izugarria da. Mezu hori kantatzen dugu elkarrekin. Bitxia da, grabaketan hasi baino ordu erdi lehenago sortu bainuen mezua. Eskerrak aldatu nuen. Horrelako gauzak eginzalea naiz. Kantuaren aurreko bertsioan mezua nahasiagoa zen, ez nengoen erabat gustura. Eta igual bertsolaria naizelako edo, behin betikoaren aurrean motibatu egiten naiz. Eta hor idatzi nuen hori. Eta esan nahi du premia daukagula izatekoa, eta nik neuk hori ikusi nahi dut. Gure herriak irautea nahi dut, eta gure alabek eta gure alaben alabek hori ikustea. Baina nik orain nahi dut iritsi ametsetara eta nik ikusi nahi dut hori. Ez gaitezen lokartu, ez gaitezen erosotasunean geratu. Goazen orain izatera.