2023-11-10
Zerua goibel
Zerua goibel –
Doinua: Atmosferatik atera eta
Erreflexuaren beldur naiz (e)ta
ezin naiz egon begira
Begiak itxi (e)ta ez ikusi
errazago da, argi da
Onartu ezin ditugunei
egiten diegu bira
Iluntasunean gutxira
Begiak ohitutzen dira
Eta banoa itzalen leku
babeskor eta itxira
Berriz itzuliz koldar guztiok
babesten garen tokira
Ez gara beti gai ikusten
gure inguruko mina
Oso handia da gure baitan
hitzek duten eragina
Isiltasunak esan dezake
bostehun hitzen berdina
Omen dut azala fina
Baina dut uka ezina
Euriak beti bustitzen nahiz
izan daiteken arina
Baina urak ez nau sekula
busti tristurak adina
Nola ez dudan argi zer senti
Zu jarri ezkero parean
Dena atera ohi da nigandik
soilik urrun zudenean
Euria ari du kalean baina
ateri dago barnean
Ekaitz baten magalean
Eztanda egin beharrean
Ezin dut inoiz negarrik egin
benetan behar denean
Euria dabil bisaia bustiz
ni laguntzeko lanean