Pitbull eta Pello Errota Gernikan
Pitbull eta Pello Errota Gernikan –
Juan Ignazio Zulaika, BERRIAko bere blogean.
Zuzeneko emanaldia ematen ari ziren ETB1en, Gernikako Jai-Alai pilotaleku dotoretik, hain justu. “Urriko azken astelehena”, egun handia Gernikan; hori gutxi balitz, Winter Seriesen lehenengo jardunaldia jokatzekoa zen. Pantailatik sumatu zitekeen sekulako giroa zegoela jai-alaiaren katedralean.
Hara! nire artean, kamerak harmailetan jarri zuen fokoa eta bat-batean konturatu nintzen aurpegi haiek ezagunak egiten zitzaizkidala. Are gehiago, ETB1eko kazetariak esan zuenean Jose Anjel Iribar Athleticeko atezain historikoa bertan zegoela, baina ez zuela adierazpenik egin nahi partida lasai ikusi nahi zuelako.
Harrigarriena da Euzkitze ere ez konturatzea zeintzuk zeuden Makatzaren (Iribar) alboan. Ni berehala ohartu nintzen zeintzuk ziren. Pitbull rap-abeslaria eta Pello Errota bertsolaria; honen alboan Mikela alaba ote zegoen ere iruditu zitzaidan, ilea gorriztatuta eta larruzko traje beltz batekin.
Winter Seriesera agertzen dira ospetsuak, artistak, beste kiroletako punta-puntako kirolariak… Jon Ander Peña, esku-huskako izarra ere elkarrizketatu zuten. Baita Onintza Enbeita bertsolaria ere. Iaz, gogoan dut Iñaki Artola eskularia agertu zela edo Iker Vicente aizkolaria.
Iñaki Artolak zestapuntari buruz hitz egin ziolako azaldu ote zen Gernikan Pello Errota? Elkarrekin etorri ote ziren, lehendabizi feria bisitatu, bapo bazkaldu eta pilotalekura gero?
Batek daki.
Bolo-bolo zebilen aspaldian Pitbull Euskal Herrira etortzekoa zela. Nik apenas entzuna nuen izena zen Pitbullena, ez naiz ni musikazale amorratua, atzean gelditu nintzen musika kontuetan, Sinatra, Don Mclean edo Simon eta Garfunkelekin.
Pitbull? Txakur arraza bat zela hori banekien, baina rap-abeslaria, hiru grammy irabazitakoa? Sakira edo Ricky Martinekin orpoz orpo ibiltzen dena?
Miamin (Florida) hazitakoa da Pitbull, jatorriz kubatarra. “Miami” marka, bertako kultura, asko estimatzen duena. Hainbat negozioren jabe egin da, baldin eta Miamirekin zerikusia badute. Miami Grill jatetxe katearen jabea da bera.
Duela aste gutxi, sare sozialetan agertutako albistea zen Pitbullek World Jai-Alai Leaguearen akzioak erosi dituela. Jai-alai Miami inguruko kulturarekin lotuta dagoelako. Florida hegoaldeko ezinbesteko partea delako. Kirol hau orain ia ehun urtetik esistitzen dela Floridako hegoaldean eta bultzada bat merezi duela zioen musikariak.
Irudi batean Pitbull ikusi nuen berebiziko azalpenak ematen Pello Errotari. Zer ote zuen mingainaren puntan Pitbullek? Rap-abeslarien eta bertsolarien arteko desberdintasunak zeintzuk ote diren?
Edo Miamin jokatzen den jai-alai mota eta tradizionalaren arteko diferentziaz ari ziren? Miamin, Magic City Jai-Alai pilotalekuan, 36 metroko kantxa batean jokatzen dute, paretak polimeroekin egindakoa, porlanarekin ezer gutxi ikusteko dutenak; pilotak ere, bestelakoak, plastikozkoak, nolabait esatearren.
Horretaz ari ote zen Pitbull?
Makatza, berriz, isil-isilik, zintzo demonio partida jarraitzen. Goiko eta Leke sekulako jipoia ematen ari zitzaizkien Erik eta Minvielli. Iribar ez da berriketan aritzen den horietakoa; Pitbull ez bezala.
Bitxia egiten zait Euskal Herrian, Ipar eta Hegoaldean, sortu berria duten marka: Jai Alai League liga, alde batetik. Bestaldetik, Miamin, World Jai-Alai League.
Perspektiba kontua?
Gurea lokala, etxetik ibiltzekoa? Floridakoa, aldiz, munduari begirakoa? Denborak esango du.
Bat-batean, ideia zoro bat pasatu zitzaidan burutik. Ez ote da Pitbull Eraman!-en (Gernikako enpresa) akzioak erostera etorri? Miamin egin duen bezala? Bi ligak bat eginda.
Hoberena, Asteasutik pasatzea, Pello Errotaren etxetik, jakiteko nire burutazio horrek funtsik ba ote duen. Zarautzera joan eta Makatzari galdetzen badiot badakit ez didala ezer kontatuko.