2023-11-08
Epaileak
Epaileak –
Patxi Zabaletari irakurri nion behin esaldi borobil hau: askoz arriskutsuagoa izan daiteke epaile gaizto bat, mila lapur baino. Argi uler bedi idazle eta euskaltzain leitzarrak ez ziela aipamen egiten egun jokoan dauden bertso-txapelketetako puntuatzaileei; justizia arlokoei baizik, eta Nafarroan euskararen aurka hartutako neurriak salatu nahi zituen, zehatzago esanda.
Tamalez, gaurkotasunik galdu ez duen esaldi ezin aproposagoa da Zabaletarena, azken urteotan bata bestearen atzetik iritsi baitira euskararen aurkako epai judizialak. Ez bat ez bi, 2020. urteaz geroztik administrazio ezberdinetan euskara eskakizuna baliogabetu duten 20 epai inguru plazaratu dituzte Hego Euskal Herriko auzitegiek. Orekaren eta justiziaren izenean. Epaileen aburuz, gaztelania desabantailan uzten dutelako euskara suspertzeko eta euskal hiztunen eskubideak bermatzeko helburuz adostutako hizkuntza-politika ausartegiek.
Argi dago zein den epaileen enegarren mailu-kolpearen emaitza: iltze pare bat gehiago jartzea bizi nahi eta uzten ez zaionaren kaxari. Bitartean, milaka herritar oldarraldiaren aurka Bilboko kaleetan bildu bai, baina euskararen defentsan kontsentsu politiko eraginkor eta aurrerakoia inoiz baino urrutiago. A, eta Ruper Ordorika zaindu-maite-duzun-horika.
Ez dut esango erabiliegia izan ez denik, baina ez du arrazoi-punturik galdu oñatiarraren kantu ezagunaren errepikak; baliozko zerbait zaindu ezean, alferrik da gero damutzea. Horri tiraka, poztu nau duela aste gutxi Eusko Jaurlaritzak egin zuen iragarpenak: bertsolaritza ondare immaterialeko kultur ondasun izendatzeko prozesuari ekin dio (lerro hauek idazterakoan, oraindik izendapen ofizialik iritsi ez den arren). Pozgarria da kultur adierazpide baten alde egindako keinua, bestelako ondasunak gurtu eta lehenestera ohituagoak gauzkan euskal gobernuaren partetik.
Ahozko euskal literaturaren eremuan egungo diziplinarik konbentzionalena edo adierazgarriena da bertsolaritza. Horretarako, ezinbestekoa izan du irauten eta belaunaldiz belaunaldi transmititzen asmatzea; derrigorrezkoa euskal komunitateak bere nortasunaren zutabe modura ulertu, sentitu eta babestea; eta, zertarako ukatu orain ez diola kalterik egingo erakundeen aitortza eta bizkarrekoak jasotzeak ere.
Zentzurik ez luke, ordea, lumak harrotuta kukurrukuka hasteak. XXI. mende hasierara bertsolaritza osasun egoera onean heldu bada ere, bai baitakigu zein meheak eta higatuak diren kultur transmisioaren hariak, hizkuntza gutxitu baten baitako ahozko jardun batentzat, bereziki. Ondorioz, balio beza aipatu izendapenak gerora ere bertsolaritzaren arnasak eta taupadek luzaz iraun dezaten.
Luzaz iraun dezaten, diot… eta gerora ere… inposizio linguistikoa egitea leporatuta, euskara hutsez inprobisatzea galaraziko duen mailu-kolperen bat iristen ez den bitartean, noski.