Aralarko Santutegiko lapurreta
Aralarko Santutegiko lapurreta –
Lapurrak ez dira izan tarteka-marteka, izar uxoek zerua nola, gure lurrak zeharkatu dituzten ez-ohiko gaizkileak. Gerrak eta gerren ondoren testuinguruak orube ezin hobea sortzen dute lapurretarako, eta gehien dutenei aberastasunak kentzeko gogoak pertsona blaitzen du, goizeko lanbroak larreak blaitzen dituen gisan. Lapurreta langile askoren ofizioetariko bat zen, ez besterik.
Beharrak bultzatuta iritsi zen behinola gazte kuadrilla bat Aralarko San Migel santutegira, 1797an, eta ez otoitz egiteko asmoz, preziso. Han gertatu zenari bertsoak jarri zizkioten, eta gaur, zorionez, haien berri daukagu, Erratzuko Andresek eta Berueteko Sabinak Aita Donostiari abestu zizkiotelako.
San Migelen irudia
Artxueta mendi magaleko larre eta basoak otoitzerako eta bestelako praktika erlijiosoetarako tokia izan ziren egun zutik dagoen santutegia eraiki aitzin. Tenpluari buruzko lehen aipamena XI. mendekoa da, baina gutxienez bi mende lehenago gurtzarako erabiltzen zen beste eraikin baten arrastoak topatu dira, karolingiar estilokoa. Horretaz gain, Aralarko beste hamaika txokotan bezala, inguru hau ere trikuharriz josia dago.
Kondairak dio San Migel zerutik jauzi zela kazkabarra balitz bezala Goñiko Teodosiori laguntzeko, eta zirti-zarta akabatu zuela herensuge bat. Xede politiko, kultural edo erlijioso erabatekoa duen kontakizuna da, garaiko abagunean aingeru zerutiar bat jartzen duelako herensuge bat (Sugaar, edo kristautasunaren aurretik zeuden sinesmenak) akabatzen.
Egungo santutegian balio historiko eta artistiko handiko piezak daude, ezagunenak erretaula esmaltatua eta Aralarko San Migelen irudia.
San Migelen irudia urtero ateratzen dute santutegitik Pazko Egunez, eta Nafarroa osoko hirurehun herri baino gehiagotara eramaten dute. Gainontzeko egunetan santutegian izaten dute. 1756. urtean zaharberritu zuten Juan Lorenzo Irigoienen eskutik: zilarrezko kapa bat jarri zioten, eta jatorrizko irudiak halakoak izango zituela pentsatuz hegoak, besoak eta gurutzea ere berriztatu zituzten. Latan kokatutako gurutze bat ere jarri zitzaion, Lignum Crucisaren puskekin. Lignum Crucis (latinez, «gurutzeko zura») kristautasunaren erlikia bat da, erromatarrek Nazareteko Jesus gurutziltzatzeko erabilitako gurutzearen ezpal edo zati benetakoak izendatzen dituena.
Idatzita utzi dutenaren arabera, hiru aldiz saiatu dira obra hau lapurtzen. Lehena 1620an, santutegiko abadea On Migel Leitza zenean. Lapurrak geldirik, mugitu ezinda gelditu zirela dio kondairak… miraria! Bigarrena 1687an. Manuel Gonzalezek eta Juan Jauregik irudia lapurtu eta burua santutegitik gertu bota zuten, ez baitzegoen zilarrez estalia. Gonzalez heldua zen, eta Jauregi adingabea, eta Tomas Burgi fraideak idatzita utzi zuenez, ez ziren nafarrak. Bietako bat, gutxienez (Gonzalez), urkatua izan zen, eta hori dela-eta errezatzen dute oraindik ere errespontsua Takoneran, irudia Iruñera eramaten dutenean. Eskuak moztu zizkioten, eta San Migeleko santutegi kanpoan zintzilikatu. Jauregiren inguruan gauzak ez daude hain garbi: batzuek diote urkatua izan zela, beste batzuek bizi osoko espetxe zigorra jaso zuela. Hirugarren lapurreta, sonatuena eta orrialde hauetan hizpide duguna, XVIII. mende amaierakoa da.
Ikazkin faltsuak
1797ko maiatzaren 11ko arratsean 8 gizon iritsi ziren San Migeleko santutegira, eta Pedro Dorregarairen zerbitzura lanean zebiltzan ikazkinak zirela esan zuten. Dorregarai gizon aski ezaguna zen inguruan, eta bere izena aipatuta ate guztiak ireki zizkieten. Sukaldean majo jan eta handik tarte batera gaua bertan pasatzeko eskaera egin zieten elizgizonei, eta noski, baiezkoa jaso zuten bueltan. Mutilak armatuta zihoazen, eta ez zitzaien batere kostatu monasterioaren erabateko kontrola hartzea. Bertan zeuden txakurrak aizkoraz akabatu zituzten.
Badirudi taldea Bidarrain (Nafarroa Beherea) antolatua zela, eta honakoak zirela ekintzan parte hartu zutenak:
- Pedro Bidarrai, taldeburua, Bidarraiko Arlepoa etxekoa, Arlepo izenez ezaguna..
- Pedro Andikol, Luzaiden sortua eta Luhuson bizi zena. Taldeko helduena.
- Sebastian Noblia, Bidarraiko Txotxasuania etxekoa, eta bertako alkatearen semea.
- Juanes eta Martin Etxeberria anaiak, Bidarraiko Bordaberri etxekoak.
- Juan Lapurtxipi, Bidarraiko Nikolasena etxekoa.
- Domingo Abanz, Ezpeletakoa.
- Pedro Gameto, Makeakoa.
- Pedro Dibar, Luhusokoa.
Bidarraitarrak herri kanpoaldean dagoen Joanikotenia etxean elkartu ziren, eta Erratzuko (Nafarroa) Buzinaga bordan batu zitzaizkien gainontzeko taldekideak.
Batzuk objektu pertsonalak kendu zizkieten, beste batzuk janaria, eta noski, azkenengoek santutegiko altxorrak: kalizak, patenak, gurutzeak, lanparak… eta, bistan dena, goiaingeruaren irudia. Erlikia, errazago garraiatu eta saltzeko, zatikatu egin zuten, eta jakina da hegoak kentzea lortu ez zuten arren burua eta gurutzea separatu zituztela.
Lapurrek ez zituzten fundamentu handiz lotu santutegian zeudenak, eta ospa egin eta berehala apaiz gazteena ziztu bizian zihoan korrika Huarteko alkateari gertatutakoaren berri ematera. Erakunde ugari jarri ziren elkarlanean, eta, bertsoetan esaten denaren arabera, Larraul bailarako 300 gizonezko abiatu ziren lapurren atzetik (oso posible da bertsoak idatzi zituenak zifra hori puztu izana). Arrastoa Baztan aldean topatu zuten, mugarantz: Belateko portua, Berdarizko lepoa, Aldudeko bidea… Orduko artzain baten lekukotasuna jaso zuen Justiziak: lapurrak ikusi zituela atseden hartzen ari ziren une batean, santutegian bertan ebatsitako ogia eta lukainkak jateko asmoz, baina berehala mugitu zutela ipurdia, ederki baitzekitan armadun ugari zihoala haien urratsei segika. Une batean lapurretako batek honakoa esan omen zuen: “Deabruniac, igugiritezte laster” (“deabruak, mugi zaitezte laster”, Florencio Idoateren arabera).
Almandoz (Nafarroa) igaro ondoren, pilatutako altxorrak banatu zituen taldeak, eta, auto judizial batzuetan agertzen denaren arabera, Etxeberri anaietako bat bertan hil zuten ez zegoelako ados banaketa sistemarekin.
Mugan taldea bitan banatu zen: bidarraitarrak (Noblia ezik) batetik, eta gainotzekoak bestetik. Noblia, Andikol, Abanz, Dibar, eta Gameto Aldudetik gertu zegoen baso batera iritsi ziren, eta goseak eta poltsikuetan zeukaten urreak axolagabekeria potolo bat egitera bultzatu zituen: Aldudera jaitsi ziren janari bila. Noblia geratu omen zen zorroak zaintzen, eta besteak herriko Bal d´Erro ostatua hurbildu ziren (gaur egun oraindik ere etxeko atearen gainean irakurri daiteke harrian zizelkatua Etxe hau Bal d´Errorena da. 1753 urtea). Laukotea leher eginda zegoen azken hiru egunetako martxarengatik, eta gehienetan gure ahuleziak gu baino indartsuagoak direnez, basoan hotza pasatzen ari zen Noblia koitaduaz ahaztu eta majo-majo afaltzeari ekin zioten. Amaieran ostatuan lo egiteko tokia eskatu eta bertan geratu ziren, ohean goxo (Noblia? Ze Noblia?).
Lau gizonen erosahalmena susmagarria egin zitzaion bertan zegoen norbaiti, eta Aldudeko alkatearengana jo zuen. Alkateak mezulari bat bidali zuen Berderizeko mendi lepora, Elizondoko errejidorearekin, Elizetxerekin, kontaktatzeko asmoz. Amarauna josten ari zen lozorroan zeuden eulien gainean… Ordu gutxiren buruan bertan zen Elizetxe, eta laurak atxilotu zituen. Nobliak, guzti honen berri izan gabe, eta adiskideak hainbeste tardatzen ari zirela ikusita, Aldudera jaistea erabaki zuen, eta bera ere bertan harrapatu zuten.
Baina San Migelen irudia eta beste hainbat harribitxi Arleporen eskuetan zeuden oraindik. Garaiko kalkulu baten arabera San Migelen irudiak 3.000 erreal balio zituen, eta finetan finenak ziren lau libra eta erdi zilar zeuzkan. Dena den, ez zen piezaren balio ekonomikoa On Pascual Rodriguez de Arellanori, Nafarroako Gorte Errealeko Alkate Dekanoari, loa kentzen ziona. Frantzia fedegabeek eta iraultzaileek hauspotutako erokeria batean murgildurik zen, Espainia katoliko eta zintzoa mehatxatuz, eta Nafarroak, mugaren zaindariak, behar zuen azkenengo gauza bere morala hondoratuko zuen albistea jasotzea zen: San Migelen irudia, Mikel gurea, Nafarroaren defendatzailea, Jesukristo gurutziltzatu zuten gurutzeko egiazko zatiak zeuzkana… lapurtua eta desagerrarazia. Afera ez zen, beraz, lapurreta sinple batena.
San Migelen irudiari arrastoa jarraitu ahal izateko agenteek Noblia erabili zuten, baita bere aita ere, Bidarraiko alkatea, San Migelen irudia berreskuratuz gero ez zela exekutatua izango aginduta. Alduden adiskideak Nobliaz ahaztu ziren, bai, baina okerragoa izan Nobliarengandik bueltan jaso zutena: traizioa. Hainbat tirabiren ondoren erlikia Urbakura erreka eta Sumutsuko borda inguruan agertu zen, Erratzun, Bidarraiko alkate jaunak mugitu beharreko hariak mugitu zituen seinale. Inork bere golkoari galdetuko balio ea zergatik sartu zen halako lokatzetan alkate baten semea… bada ez zelako etxeko maiorazgoa, eta bizitza bere kontura atera behar izan zuelako. Bitxia zen lapurren artean maiorazgoren bat topatzea.
Sebastian Noblia, arestian aipatu gisan, urkamenditik libratu zen, baina espetxean galdu zuen bizia. Dibarrek 17 urte baino gutxiago zeuzkan, eta Cadizeko kartzelara bidali zuten. Abanz, Gameto eta Andikol heriotzera kondenatu zituzten 1799ko azaroan. Desesperatuta egoteak ekintza desesperatu bat egitera bultzatu zituen kondenatuak: 1800eko maiatzean, Iruñeko kartzelan, elizako kaliza eta ostiak hartu eta gotzaina (On Lorenzo Igual de Soria) bertaratzeko exijitu zuten. Gotzaina hurbildu zen, baina aurretik bidali zituen bi apaiz, itzultzaile lanak egitera, gatibuak euskaldun elebakarrak baitziren. Azkenean, elikagai sakratuak itzultzearen truke, Elizak fede ziurtagiri bat egin zien beren bizitzak salbatzen saiatzeko (acogerse a sagrado).
Haien eskaerak ez zuen ibilbide luzerik izan, ordea, eta urte bereko maiatzaren 27an exekutatu zituzten. Dibar exekuzioak ikustera behartu zuten, burdinezko uztai bat lepoan jarrita eta zaldi baten gainean. Bere adiskideen azken oturuntzan ere parte hartu omen zuen (ardo mindua eta bizkotxoa). Hilotzak mutilatu egin zituzten, eta lapurren eskuak santutegi kanpoan jarri.
Dibarrek Cadizeko espetxetik ihes egitea lortu zuen Trafalgarreko batailan zehar, baina berriz atxiki eta kondenatu zuten. Arlepo 1811n epaitu zuten frantsesek, eta Nafarroako Justiziak erreklamatu egin zuen.
San Migelen bertsoak nua kantatzera
Historiak kondairari utzi zion tokia, eta, hitzetik hortzera eta belaunaldiz belaunaldi abestu diren bertsoetan, mitoek izan zuten pisua: lapurrek ezin izan zutela muga pasatu, edo haizete batek orbela mugitu eta hantxe agertu zela irudia…
Aita Donostiak honako aldaera jaso zuen Erratzun 1912ko uztailaren 24an, Andres Jaimerenaren ahotik.
San Migelen bertsoak nua kantatzera,
aditu nai duenik iñor balín bada.
Berri txarrak dabiltze munduan barrena,
notizioso geyenak izanen al gara
Aingerua lapurrak eremana dela.
San Migela yuan eta ladronaren biotza (itzak?)
«Atariok edekitzen etziaudek errezak,
burniak kituk eta ez agiz beratzak».
Batek ez erran biar: «langai on utzak
bertan ez gaitxan artu geren eriotzak».
San Migela yuan eta ladronaren pregunta:
Ogiakin arnua eskatu omen dute,
orduko eginik zauden elkarrekin yunta,
«Orai para detxagun eskuetan lotuta,
guazin Franziara San Migel artuta».
San Migelen lenengo eldu zitzayona
bakarrik balabilke ura zer piona, (peona?)
etorri lakioke egunen bat ona,
akziyua egina damuko zayona,
projimuari Jauna usatzen zayona.
Iruetan egun gizon geyeguak gañetik
billa atera dira Larraungo balletik,
borondate onian guziok gogotik
or ibilli girade mendi oyetatik,
San Migel Aingerua zure ondoretik.
Iruñeko korteko Alkate Rodríguez,
barka bezares baño bertzu au adi bez,
bera portatu zaigu aditu dugunez,
Frantziara yuan da San Migelen galdez,
Aingeru ederrena opatu al balez.
Rodríguez Alkatiak San Migel opatu,
belauniko yarririk bertan adoratu,
berak gaitxala bada ongi faboratu;
bizi modu bat ona mundura logratu,
azkenian zeruetako gloriaz pagatu.
Frantzian mugako paraje batian,
San Migel opa tugu arrian ertian,
arrepatu dugunian konsola gaitzian
…………………………………………..
………………………………………….
Santura yuan zen yende guzia,
sokarekin loturik lapurrenzia.
Nonbait ageri dituk zuen maliziak
progatzeraz geroztik zer den merezia,
San Migelgo muñuan kentzeko bizia.
Azkeneko bertsoa eskatzen Migeli,
bitertekuan gerta dakigulaik guri,
biar ezten itzen bat on batzait neri,
eztakiten bezala aplitzen (aplikatzen) ongi,
barkatu, Aingerua, bakarrik neri.
Aita Donostiak beste aldaera bat ere jaso zuen, non bai melodia eta bai bertso batzuk ezberdinak diren. Berueteko (Nafarroa) Sabina Oiartzunek zekizkien bertso hauek, eta herriko Nikolas Buldain apaizak jaso zituen ondoren Aita Donostiari pasatzeko, 1945eko otsailaren 25ean.
ARALARKO MIGEL SANTUAREN BERSUAK
San Migelen bersoak—noa kantatzera;
aditu nai duenik—iñor baldin bada;
berri txarrak dabiltza —mundutik barrena,
notezioso nasiak—geienak al dira
Aingerua lapurrak—eramana dala.
Maiatzeko ilaren—amaikagarrena
San Migelen lapurrak—sartu ziradena;
bai ta ere arrobatu—berak nai zutena;
Azkeneko Erlikide (4)—aingeruarena
orrek ematen digu—biotzean pena.
San Migela joan da—lenengo pregunta:
Ogi ta ardoa—eskatu digute,
oriek egan (edan) eta—egin dute junte;
«Orain para ditzagun—sokakin lotute,
goazen Franziera—San Migel artu-te».
San Migeli lenengo—eldu zitzaiona
bakarrik balebilke—ure zer peona;
etorri lioke—egun bat ona,
azio on egiña—damuko zaiona,
projimo lege jaunaz—usa dezaiona.
Projimoak bezela—esanen diet nik
zer modutan libratu—trantze orretatik;
deskuidorikan gabe—mundu onetatik
eska zaiok Migeli—biotzez gogotik
berak barkazioa—alkantzuko dik.
Aditu nuenian—ostu dute San Migel
nere lagunei itz bat—bela esan nien:
«Naiz dala Frantzian ta—igual Españian
baldin bada ere—leku estalian
begira milagroren bat—gerta ez darien».
Iru egunen bat gizon—geigoak gañetik
mile atera dira—Larrungo balletik;
borondate aundian—ni beintzat gogotik,
or ibili gerade—mendi oietatik
Migel, zure deiada—orain montañetik.
Endemas Imoz Larraun—gero Saganetik
zeren falta bai zaigu—guzion erditik
gu amparatutzeko— paraje aunditik
nork guardatuko gaitu—Aralar menditik.
Ez balirade sartu—San Migelgo kapillen
Jendeak orrenbiste—ez zuen jakiñen;
ez dakit ziertorik—kanpoan dabillen
ladron gaiztoen lanak—ara nola diren.
BIS, (bertso beraren beste bertsio bat)
Ez balirade sartu—San Migelgo kapillen
jendeak orrenbeste—ez zuen jakiñen;
ez dakit ziertorik—kanpoan dabillen
Aralarko mendien—dago an kapillen,
espiritu purua—beñ ê(ere) ezta illen.
Zure templo santua—Aralar mendian
lutoz janzirik dago—tristeza aundian;
ez da konsolorik—oraingo aldian
ez bazaigu itzultzen—curegana Migel. (guregana).
Nora zoaz Migel—Aingeru ederra?
Pena aundiz beterik—gu arkitzen gera;
ez tirudi montañek—lenengoa dela,
adizazu, Migel—emengo negarra
zu ez pa zera izultzen—gu galduak gera.
Nora zoaz, Migel—Aingeru Santua,
zeruetan zerok—asentatua;
denboraz emanen ditik — ark bere kontuek;
Migelek pisatuko ditik—bere pekatuak,
lana egongo duk an—ezin ukatua.
San Migel Aingeruak—Goizuetan bizita,
Naparroan gelditu da—zerutik jetxi da;
konsolatu egiten naiz—esaten asi ta
bere plan ederrakua—ala ikusi ta,
eldu zela usten nuen—zeruko musika.
San Migel Aingerua—burua berriturik
Nor ez da espantatzen—ori aditurik
Aingerua izanik—ain fideletatik
zerutik jetxi zana—mundura deiturik,
emen darabilgu—despreziaturik.
Iruñeko Korteko—Alkate Rodríguez
barka dezaiek baño—berso au ai (adi) bez.
Berori portatu da—aditu dedanez,
Franzira joan eta—San Migelen aidez
Aingeru eder ori—bilatu al bez.
Franzira joan eta—San Migel upatu,
belauniko jarririk—bertan adoratu;
berak gaitzala bada—arren amparatu
bizi modu onen bat—mundurako logratu,
ta gero zeruetako—gloriaz gozatu.
Lapurtarren deportazioa
Lapur, gaizkile, fedegabe… Zertzuk ez zituzten entzungo gatibu izan zirenek. Zinez uste dut, hasieran esan bezala, mutil horietako asko nekazariak, abeltzainak, zapatagileak, basomutilak, ikazkinak, arrantzaleak, larrugileak, artzainak, arotzak… zirela, eta testuinguruak hala behartuta, lapurtzen hasi zirela, eta ez zeregin esklusibo bezala, gainera, baizik eta urteko sasoi jakin batean. Ez hori bakarrik, ez zieten haien egoera berean zeuden bizilagunei lapurtzen gehienetan, baizik eta erromesei, merkatariei, aberatsei eta boteretsuei, eta kasu zehatz honetan, Elizari. Horregatik uste dut San Migelgo santutegira joan zen ikazkin faltsu taldea ulertzeko ezinbestekoa dela 1797ko lapurretaren aurretik jazotako zenbait gertaera historiko azaltzea.
1789ko Frantziako Iraultzak majo inarrosi zituen bazterrak, eta besteak beste, Ipar Euskal Herriaren patua aldatu zuen. Boterera heldu berri zen frantziar gobernuak hamaika birmoldaketa egin zituen lurralde antolamenduan, eta 1790 bukaera aldean Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa Biarnorekin kateatu zituzten, Départment des Basses-Pyrenées delakoaren txapelpean.
1793ko martxoaren 7an Frantziako Errepublikak gerra deklaratu zion Espainiako Erresumari, eta Euskal Herria bi erraldoien arteko gatazkan harrapatuta gelditu zen. Bi armadek hiriak suntsitu, elikagaiak ebatsi, jendea erail eta ehunka gazte igorri zituzten hiltzera eta erailtzera.
1794an, Konbentzio Gerra garaian, Mendebaldeko Pirinioetako Armada antolatu berriak Lapurdiren kontrola hartu zuen. Tartean zebilen Jean-Martin Mundutegi, Donibane Lohizune aldean biltzen ziren Chauvin-Dragoneko (iraultzaile frantsesek Donibane Lohizuneri ezarri zioten izen berria) gainontzeko iraultzaileekin batera. Jean-Martin Mundutegi Berthonet 1748an sortu zen Uztaritzen. Aita ainhoarra zen, Busunabaita etxekoa (orain Hodienea deitua). Ama, berriz, uztariztarra. Negozio kontuetara dedikatzen ziren, eta Jean-Martin Mundutegi antzeko zereginetan aritu zen luzaz. Iraultzaren aldekoa agertu zenez, herriko prokuradore izendatu zuten. Hilketa eta sarraski ikaragarrien arduradunetako bat izan zen Konbentzio Gerraren testuinguruan.
Frantziako Iraultzak Ipar Euskal Herriko foru, lege, usadio eta libertate ugari ezabatu zituen. Lapurtarren gehiengoak gogoz kontra hartu zituen neurri berriak: aginduak, zergak, gehiegikeria militarrak, erlijioaren aurkako legeak, euskararen eta euskal kulturaren kontrako neurriak… Herri askotako gazteek desertatu eta Bortziri eta Baztanera mendiz ospa egiten zutela argudiatuta, 1794ko martxoa eta urria bitartean, Sara, Itsasu, Senpere, Zuraide, Azkaine, Ainhoa, Biriatu, Luhuso, Larresoro, Kanbo, Ezpeleta, Makea, Lekorne eta beste zenbait herritako biztanleen bortxazko deportazioa agindu zuten, Landetara eta baita urrunagora ere. 3.000 lagun baino gehiago atera zituzten euren etxeetatik, eta horietarik 1.600 inguru hil egin ziren deportazioaren baldintza gordinengatik. Bitartean, herri horietan guztietan iraultzaileek sekulako lapurreta eta suntsiketak egin zituzten, eta bizirik itzuli zirenek ez zituzten ez haien etxeak ez eta haien herriak utzi zituztenean bezala topatu.
Garai hartakoa da Maialen Larralde saratarraren kasua ere. Euskal Herrian eta Pirinioetan borrokatzen ari ziren Frantziaren eta Espainiaren arteko gerran armadari desertzioa bultzatzea egotzita hil zuten. Saran jaioa, 35 urte zituen preso hartu zutenean eta Beran ari zen lanean irule gisa. Gillotinaz burua moztuta hil zuten Donibane Lohizunen, 1794ko irailaren 19an, arratsaldeko 5etan.
Deportazioak eragin gogorra izan zuen Lapurdiko ekonomian, euskaltasunean eta bizikidetzan, eta gazte lapurtar ugarik Ameriketara jo zuen. Jean-Martin Mundutegi izan zen deportazio agiria izenpetu zuen agintarietako bat. Bi urte geroago, 1796ko martxoaren 16ko gauean, talde handi bat Mundutegiren Uztaritzeko etxera agertu zen, eta atea kolpeka bota. Denen artean jipoitu eta labankatu egin zuten, eta, amaitzeko, burua txikitu zioten.
2019ko udan Zuberoako Pagola herria arduratu zen Domingo Garat pastorala eskaintzeaz, Frantxoa Casetek idatzia eta Jean-Fabien Lexardoik zuzendua. Emankizunaren zati batean Mundutegiren heriotzaz mintzo dira: Mundutegi Saran deportazioen ondorioz jaberik gabe gelditu diren lur eta etxaldeak bere egin nahian dabil, eta herritar talde batek (tartean Domingo Garat) Mundutegi bere etxetik atera eta hil egiten du.
- 161. bertseta: Herritarrak hor ez direno, ontsa balia dezagün hontarzünak pikarraitüz, etxe güziak suntsituz. // 162. bertseta: Üztaritze herriari, izena diogü kanbiatüko, “Marat sur Nive” deitüra, aitzinara erabiliko. //
- Domingo Garat. 163. bertseta: Hor hiza traidorea, saldü dük gure Herria. Holako lan zikin hori, hire gain dük ezarria.
- Herritar bat. 164. bertseta: Heltü gosea bezala, nahi izan dük baliatü, ohoiner egiten dena, hiri gük eginen deagü.
- Domingo Garat. 165. bertseta: Orai hor da tenorea, traidoren erabakia, herrietan ebatsiak, zale gibel ützültzia. bertseta: Anaiak hola tratatüz, ez düzüe ahalkerik. Zorren egün pakatzea, züentako düzü jinik.
Iruñean urkatu zituzten gizonak gorriak eta bi ikusi zituzten herrietakoak ziren. Zer ez zuten sufrituko haien azaletan? 3.000 deportatu horien artean ote zeuden batzuk? Haien senideak gosearen, hotzaren, gaixotasunen edo burdinaren pean hiltzen ikusi ote zituzten? Jaio eta hazi ziren etxea Mundutegi bezalako norbaiten esku geratu ote zen? Haietako batek txikitu ote zion burua Mundutegiri? Batek daki, haien berri epaitu zituztenen eskutik baitakigu.
Iturriak
- Bandoleros vascos, David Zapirain Karrika (2006, Ttarttalo)
- Obras completas del P.Donostia. Editorial La Gran Encilopedia Vasca (Bilbo, 1983)
- Lurbinttoko Ohoinak, Adur Larrea (2022, ELKAR)
- Jean-Martin Mundutegi, Iraultzaren borrero gupidagabea. Joseba Aurkenerena (2022, ZuZeu)
- Maialen Larralde, Wikipedia.
- Las tres manos del monte Aralar. El robo que conmocionó Nabarra en 1797. Daniel Bidaurreta (Ulzama Ediciones, 2018)