Bertsolari gazteak: 25 azpiko 25

Argazkiak: Conny Beyreuther eta XDZ

25 azpiko 25 –

Jaio ziren urtean dorre bikiak eraitsi zituzten, edo Euskaldunon Egunkaria itxi, edo Ameriketako Estatu Batuek Afganistan inbaditu, edo euroa indarrean sartu zen Euskal Herrian, edo horiek denak gogoratzeko umeegiak ziren orduan.

Denak dira Bertsolari aldizkaria baino gazteagoak, askoz gazteagoak batzuk. Badira Andoni Egañak Euskal Herriko azken txapela jantzi ostean sortutakoak, edo BECeko Txapelketa Nagusiko finalik ezagutu ez dutenak. Eta, beraz, ia irakurlerik gehienak baino gazteagoak. Askoz gazteagoak gehienak. Hogeita bost urtez azpiko hogeita bost bertsolari elkarrizketatu ostean egindako bilduma da hau, baina askoz gehiago dira hogeita bost urtez azpiko bertsolariak.

Badira Bertsolari aldizkarian aurrez agertu direnak, eta badira azken Txapelketa Nagusia jarraitu duen edonori ezagunak zaizkionak. Horiei baino, bertsoaren korapiloaren beste mataza batzuei tiraka osatutakoa da zerrenda hau.

 

25 azpiko 25

 

  1. Haira Aizpurua Ibargarai.

Saran (Lapurdi) sortu zen 2006an, otsailean. Xabier Silveirak laugarren Nafarroako txapela jantzi zuen urtean, eta Xabier Payak Bizkaiko txapela lehen aldiz. Bestelakoetan, urte hartan piztu zen Iruña-Veleia auzia, eta urtea hastearekin batera sartu zen indarrean Hego Euskal Herrian tabakoaren aurkako legea.

Aldizkari hau argitaratu denean hamazazpi urte ditu Aizpuruak, eta hala ere, urte asko daramatza bertsotan: “Bertsotan gaztea nintzela hasi nintzen, ez dakit zehazki noiz, ttipitatik baititut bertsoak entzun, eta kantatu, eta handitu ahala, kantatutakoek bertsoaren gero eta antz handiagoa zuten”. Etxe giroan hasi eta bederatzi urte zituenerako bertso eskolan ari zen Aizpurua: “Bertsolaritzara hurbildu nintzen ingurukoek pasatako zaletasun bat delako. Aitak anaiari eta bioi transmititu digun zaletasun bat da”. Bertso eskolan ari da egun ere, eta plazan ere bai: “Orain arteko plazarik gustukoena aukeratzekotan, Euskal Herria Zuzenean festibalak antolatutako bertso bazkari bat aukeratuko nuke, Beñat Gaztelumendi eta biak aritu ginen, jende gutxi zen eta aski intimoa izan zen. Anitz maitatu nuen sortu zen giroa”. Bide berean, zein saioetan kantatzea nahiko lukeen galdetuta, Euskal Herria Zuzenean jaialdian egiten den bertso saioa aukeratu du.

Eskubaloian aritzen da orain, eta hori ere gehitu dio asteko martxari: “Saiatzen naiz ikasketei, bertsoari eta eskubaloiari ematen nahikoa denbora. Nire ustez, bertsoak badu azkenaldian aski leku garrantzitsua niretzat, lotzen nauelako, eta aukera izan dut beste urteetan baino denbora gehiago emateko bertsoari”. Motiborik galdetu gabe erantzun du berak: “Bertsoari ematen diodan denbora horretan biziki ongi pasatzen dudalako”.

Iparraldeko Eskolarteko Txapelketa irabazi zuen 2020an, baita 2021ean eta 2022an ere. Euskal Herriko Eskolarteko txapela ere jantzi zuen 2021ean, Abadiñon (Bizkaia) jokatu zen finalean. Bertsolari gazteentzako Berritxu saria ere irabazi zuen 2022an.

 

25 azpiko 25

 

  • Bertsolari bat: Nerea Ibarzabal.
  • Film bat: Le Fabuleux Destin d’Amélie Poulain.
  • Liburu bat: Eraikuntzarako materiala, Eider Rodriguez.
  • Abesti bat: Lemak, aingurak. Berri Txarrak.

 

  1. Jon Mendiluze Mujika

2005ean jaio zen Mendiluze, Iruran (Gipuzkoa). Jaio zen urtean Korrika Orreagatik abiatu zen Bilbora, Olaizola II.ak buruz buruko lehen txapela jantzi zuen eta Euskal Herriko laugarrena Andoni Egañak.

Hemezortzi urte ditu Mendiluzek, eta bospasei daramatza bertso jardunean: “Hamabi-hamahiru urterekin hasi nintzen bertsotan, alde batetik, aitak, bertan jardunda, bidea ematen zidalako, eta bestetik, nik ere gustuko nuelako”. Aitor Mendiluze bertsolaria du aita. Hezkuntza arautuan horretarako aukerarik izan aurretik hasi zen bertso eskolan, eta eskolan ere landu zuen gero: “Plaza gustuko bat aukeratu beharko banu, eskolartekoa datorkit lehen kolpean; oso gustura jardun izan naiz orain artekoetan”. Zein bertso plazarekin amesten duen galdetuta, duda handirik gabe erantzun du: “Mitiko samarra izan liteke, baina BEC aukeratuko nuke”.

Bertsoak leku dezentekoa du Mendiluzeren bizitzan: “Astean bitan bertso eskola egiteaz aparte, askotan etxean ere aritzen naiz bertsotan, eta buruan ere askotan darabilkit bertsoa. Entzun ere, asko entzuten dut, izan etxean, izan saioetara joanda”. Bertsoak “lagun eta konexio asko” eman dizkiola dio Mendiluzek, eta horrek ere ematen diola jarraitzeko bidea. Hirutan izan da Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketako finalista, eta 2022an Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketara ere sailkatu zen.

 

25 azpiko 25

 

  • Bertsolari bat: Bakarra aukeratzekotan, Nerea Ibarzabal.
  • Film bat: Harry Potter sagako edozein.
  • Liburu bat: Percy Jackson eta Olinpiarrak saga. Rick Riordan .
  • Abesti bat: Koilarak. Izaro.

 

  1. Irune Basagoiti Agirre

Hogeita bat urte betetzear ditu Basagoitik aldizkari hau argitaratu denean. 2002an sortu zen, Ermuan (Bizkaia). Euroa ezarri zen urte hartan, eta Euskal Herriraino heldu zen Prestige ontziak Galizia parean isuritako fuel astuna. Urte hartan desegin zen Hemendik At! taldea.

Berrizko bertso eskolan hasi zen bertsotan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren mailan: “Eskolan, orain Ermuan ikastolan badute hezkuntza arautuan bertsolaritza lantzeko aukera, baina ni adin horretan nengoenean ez. Ez nuen izan bertsolaritza ikasgelan jasotzeko aukerarik, baina gure ama bertsozalea da, eta izan du ohitura inguruko herrietan antolatutako bertso saioetara edo Bizkaiko Txapelketako saioetara joateko. Akorduan daukat saioetara eramaten ninduela berarekin batera”.

Aurrerago, Basagoitiren Mallabiako lagun batzuk Berrizera joan ziren Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza egitera, eta bertako bertso eskolan hasi ziren: “Haien atzetik joan nintzen ni Berrizera; Miren Amurizarekin hasi ginen gu bertso eskolan”. Goi mailako ikasketak hasita ere eutsi zion bertsoari, sariketetan eta plazetan: “Esango nuke orain arte batez ere lagunarteko saioetan aritzen naizela gustura, bertso afarietan edo bertso bazkarietan, baina plaza bakarra aukeratu beharko banu, seguruenik garrantziagatik edo inguruan daukan erreferentzialtasunagatik Ermuko San Martin jaietako urteroko saioa aukeratuko nuke. Maila altuko bertsolariak etortzen dira; duela bi urte izan nuen bertan aritzeko aukera”.

Garrantzi “handia” du bertsoak ermuarraren bizitzan: “Alde batetik, bertsotan nabilelako eta astean pare bat bertso eskola egiten ditudalako, eta bestetik, haurrekin ere bertso irakasle nabilelako beste pare bat bertso eskolatan. Horrez gain, lagun asko eman dizkit bertsoak, eta haiekin denbora asko partekatzen dut”. Jardunean bakarrik ez, entzuten ere “denbora asko” egiten du Basagoitik: “Gustatzen zait bertsolari berriak deskubritzea, esateko era berriak aurkitzea…”. Bizkaiko Eskolarteko txapela jantzi zuen 2020an, eta urte berean, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako sailkapen fasean ere kantatu zuen, Udabarria Bertsotan ekimenean.

 

25 azpiko 25

 

  • Bertsolari bat: Oihana Iguaran edo Nerea Ibarzabal.
  • Film bat: Irati.
  • Liburu bat: Bar Gloria. Nerea Ibarzabal.
  • Abesti bat: Zegama. Unidad Alavesa.

 

  1. Janire Arrizabalaga Munduate

2003an jaio zen Arrizabalaga, Gernikan (Bizkaia). Euskaldunon Egunkaria itxi zuten urtean, Lula da Silva lehenengoz Brasilgo presidente izendatu zuten urtean, edo Michael Jordanek saskibaloia utzi zuen urtean. Ikastolan izan zuen bertsoarekin lehen harremana gernikarrak, hezkuntza arautuko bertsolaritza orduetan, eta handik bideratu zuten “bestelako taldeetara”. Bertso eskolan hamabi urterekin hasi zen Arrizabalaga, baina “bertsotan, bertsotan, hamabost urterekin”: “Bertso eskolan hasi eta hiru urtera hasiko nintzen bat-batean. Ordura arte ez nuen izan bat-batean egiteko asmorik; hasi ginenean, bertso eskolara joatearen helburua ez zen bertsotan egitea, bertsoa ezagutzea eta jolastea baizik”.

Orain arte, oroitzapenik onena duen plaza Bizkaiko Bertsolari Emakumeen Topaketetan egindako saio bat dela dio: “Bizkaiko bertsogintzan erreferente moduan dauzkadan bertsolari asko elkartu ginen bertan, eta bidaiakide ditudan emakume askorekin partekatu ahal izan nuen oholtza. Entzuleei begira ere, espazio oso segurua sortu zen; sekula ez naiz han bezain babestuta sentitu oholtza batean, eta oholtza batetik hain gustura jaitsi ere ez”. Aukeran emanda, aurten hirugarrenez egin den Señora Sariketa aipatu du Arrizabalagak: “Asko gustatuko litzaidake finalean kantatu ahal izatea, egun garrantzitsuenaren parte izatea gauza handia litzateke niretzat”.

Bertsoak “leku handia” du bere bizitzan: “Astean zehar Lilibertso bertso eskolara eta Durangaldeko bertso eskolara joaten naiz, hilabetean behin Ahalduntze bertso eskolara… Eta guk ere badugu gure taldetxoa, Bizkaiko hainbat neska elkartzen gara, batez ere orain, txapelketara begira entrenatzeko. Astean zehar, ia-ia unibertsitatean baino denbora gehiago pasatzen dut bertsotan”. Denbora asko eskaini dio bertsoari Arrizabalagak, hori dio, baina “kendu baino gehiago eman” diola.

Bizkaiko Eskolarteko Txapelketa irabazi zuen 2021ean, eta Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketan aritzeko aukera eman zion horrek. Horrez gain, Lokatz Loreak sormen taldearen parte ere bada, Izaro Bilbao eta Araitz Katarain bertsolariekin batera.

 

25 azpiko 25

 

  • Bertsolari bat: Maialen Lujanbio edo Nerea Ibarzabal.
  • Film bat: Parasite.
  • Liburu bat: Bar Gloria. Nerea Ibarzabal.
  • Abesti bat: Grace. Izaro eta Gartxot.

 

  1. Maider Altuna Urbina

Bilbon jaio zen, baina Arrigorriagakoa (Bizkaia) da. 2002an jaio zen, Anjel Lertxundik Zorion perfektua argitaratu zuen urtean, eta Mariasun Landak Krokodiloa ohe azpian. Arctic Monkeys taldea sortu zen, eta Joe Strummer hil.

Hamabost edo hamasei urterekin hurbildu zen bertsolaritzara, batez ere, “bertso udalekuek eraginda”: “Etxean gurasoengandik jaso nuen bertsozaletasuna, baina udalekuetara joan arte ez nion garrantzirik eman. Udalekuen ostean lagunekin elkartzeak piztu zidan zerbait. Horrek bultzatuta eman nuen izena ikastetxean bertso eskolan, bazkalorduan aukerako ikasgai moduan geneukan ikastetxean, eta han hasi nintzen. Gustatu, eta bertso eskolan eman nuen izena, institutuko ordu bakarrarekin ez zelako nahikoa”.

Orain arteko plazetan bakarra aukeratzen kosta egin zaio, baina “Ez da kasualitatea, nahita egin dugu” saioak aipatu ditu, adinkide dituen zenbait bertsolari eta bertsozalek propio antolatutako saio musikatuak. Bertsoak leku dezente hartzen du Altunaren bizitzan: “Gasteizen bizi naiz, bertan ikasten dut, eta egunerokoan ditudan lagun askok bertso udalekuetan ezagutu genuen elkar. Eurek ere presente dute bertsoa bizitzan, eta horrek beti ematen du bultzada”.

 

25 azpiko 25

 

  • Bertsolari bat: Nerea Ibarzabal
  • Film bat: Three Days of Christmas, telesaila.
  • Liburu bat: “Gehiago irakurtzen hasten naizenean…”.
  • Abesti bat: Hartxintxarrak. Desgaraian.

 

  1. Ekhiñe Zapiain Arlegi

Beran (Nafarroa) jaio zen 2002an, eta Beran bizi da egun ere. Biarritz Olimpique taldea Frantziako txapeldun izan zen urte hartan, hamalaugarren zortzimilakoa igo zuen Alberto Iñurrategik, eta Txillida, Kaxiano eta Xanpun hil ziren. Bertsoa “bilatu gabe” iritsi zitzaion: “Ez dakit seguru bertsotan noiz hasi nintzen. Txiki-txikitatik eta kontzientzia dudanetik bertsoa presente egon da nire etxean, zaletasuna bazegoelako. Aditzez behintzat beti egon da hor, eta kantatuko edo errepikatu egingo nuen nik. Harremana hezkuntza arautuko garaian estutu zen, bertsolaritza ikastolan sartu zenean, zortzi urterekin edo”. Buruak “klik” egin ziola dio, gustatzen zitzaion zerbait zela jakin zuela orduan.

Plaza bat aukeratzekotan “lehenengotako bertso otordua” aukeratuko luke: “Pandemiagatik bertso otordu oso gutxitan kantatu nuen plazan hasitakoan, eta oroitzapen oso ona dut konfinamendua igarota Beran bertan egin genuen bertso otorduaz. Herrian bertan izateak ere lagundu zigun”. Udazkenean hasiko den Nafarroako Txapelketan du orain burua: “Nire buruari motibazio puntua jartzeko finala aipatuko dut. Ea iristen garen, edo ea behintzat saiatzen garen iristen”. Egunerokoan presente du bertsoa, baina “lanak eta ikasketek eraginda” bertso eskolan elkartzeko “nahi baino denbora gutxiago” duela Zapiainek: “Entzun, bai, egunean zehar saiatzen naiz bertsoaldiak entzuten, eta saioetara ere ahal beste joaten naiz”.

Nafarroako Eskolarteko Txapelketa irabazi zuen 2020an, eta Abra saria ere bai urte berean. 2022an, berriz, Hernandorena saria eskuratu zuen.      

 

25 azpiko 25

 

  • Bertsolari bat: Iratxe Muxika.
  • Film bat: Pulp Fiction.
  • Liburu bat: Ez erran inori. Maddi Ane Txoperena.
  • Abesti bat: Xirarena. Ibil Bedi.

 

  1. Beñat Astiz Isasi

2004. urtean jaio zen Astiz, Barañainen (Nafarroa), M-11ko atentatuak gertatu ziren urtean, Espainiako polizia batek eta bere semeak Angel Berrueta hil zuten urtean, edo Richter eskalan 9,1 graduko lurrikara batek Indiako Ozeanoa astindu eta ondorengo tsunamiak 200.000 lagun baino gehiago hil zituen urtean.

Lehen Hezkuntzako “hirugarren edo laugarren mailan” hasi zen bertsotan: “Bertsolaritzara gurasoen zaletasunetik hurbildu nintzela esango nuke, beti izan direlako bertsozaleak. Ama akaso aita baino gehiago. Nik hamar urte inguru nituenean hasi zen aita Barañaingo bertso eskolan, eta hortik bideratu nuen nik ere zaletasuna”. Gero joan zitzaien ikastetxera Xabier Terreros, hezkuntza arautuko ekimenaren barruan: “Horren ostean, ikastetxean besteak jolastorduan zeudenean antolatzen ziren eskolaz kanpoko jardueren artean zegoen bertso eskolan izena eman nuen”.

Bertso udalekuak ere aipatu ditu Astizek: “Faktore garrantzitsua izan zen banuela lehengusu bat bertso udalekuetara joaten zena garai horretan. Hala izan nuen bertso udalekuen berri, eta urte hartan joan nintzen Zuhatzara bertso udalekuetara. Euskarri garrantzitsua izan da urte luzez Euskal Herriko beste zenbait gazterekin zaletasuna konpartitzea”.

Urte sasoiaren arabera, bertsoak “leku handiagoa edo txikiagoa” du Barañaingoaren agendan: “Ikasturte hasieran leku handia hartzen zuen, Txapelketa Nagusia oso hurbiletik jarraitu dudalako, gero hilabete batzuk pasa ditut presentzia gutxiagorekin, eta berriro itzuli da orain bertsoa, Nafarroako aurrekanporaketa gertu dudalako”.

Saio bat aukeratzekotan, urte hasieran Irurtzunen (Nafarroa) Pikuxar elkartean izan zuten bertso desafioa aukeratuko luke, Iruñerriko, Larraungo eta Sakanako hainbat bertsolari elkartu zituena: “Gustatuko litzaidakeen saiorik ez daukat, oro har, gustuko dut adin inguruko jendearekin aritzea, baina hortik aurrera”. Nafarroako Eskolarteko Txapelketa irabazi zuen 2021ean.

 

25 azpiko 25

 

Bertsolari bat: Oihana Iguaran.

Film bat: Harry Potterren saga.

Liburu bat: Antzinako berri berriak. Kae Tempest.

Abesti bat: Ze aldetan zaude. Ekida.

 

 

  1. Naia Arrizabalaga Arrieta

2004koa da Naia Arrizabalaga, Barakaldon BEC inauguratu zuten urtekoa, Osloko museo batetik egun argiz Garrasia koadroa lapurtu zuten urtekoa, edo Marlon Brando eta Martin Ugalde hil ziren urtekoa.

Hamabi urte izango zituen bertsotan hasi zenean: “Gogoan dut gure aitonak beti ikusten zuela Hitzetik Hortzera, eta bideoan grabatuta izaten zituela saioak. Harekin ikusten nituen bertsolariak, eta bestela ere, etxean beti izan da bertsorako joera. Izebak eramaten ninduen saioetara, eta handik hasi nintzen zaletzen”. Bertso eskola zer zen azalduz joan zitzaizkien Erniarraitz bertso eskolakoak ikastetxera, eta haiek “tentatuta” eman zuten izena Arrizabalagak eta lagun batzuek: “Ordutik nabil bertso eskolan. Pentsatzen dut bi astean behin eskolan euskara orduetan bertsolaritza ikasgaia izateak ere izango zuela zerikusia”.

Gustura aritzen da plazan: “Lizardi sariketako kanporaketaren oroitzapen ona dut adibidez. Lagunarteko beste plazak ere oso gustura hartzen ditut, eta halako bat hartuko nuke gustura. Bertso afari bat adibidez”. Bertsoak eta bertsoak emandako lagunek, biek hartzen dute tarte handia Arrizabalagaren bizitzan: “Bertso eskola asteartero egiten dugu, eta beste aitzakiaren bat aurkituz gero, beste egunen batean ere elkartzen gara”. Hirutan kantatu du Gipuzkoako  Eskolarteko Txapelketan, eta 2021ean Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketan aritzeko txartela eskuratu zuen.

 

25 azpiko 25

 

  • Bertsolari bat: Amets Arzallus.
  • Film bat: Irati.
  • Liburu bat: Bar Gloria. Nerea Ibarzabal.
  • Abesti bat: Betazalak erauztean. Katamalo.

 

 

  1. Ane Beloki Lopez

Joan den mendeko hondarrekoa da Beloki, 1999koa. Mundua bukatzear zela sortutakoa, Legazpin (Gipuzkoa). Korrika Iruñean abiatu eta Donostian amaitu zen 1999an, Gara egunkaria sortu zuten, eta Lance Armstrongek lehenbizikoz irabazi zuen Frantziako Tourra.

Etxean jaso zuen bertsoa Belokik: “Aitona bertsolari izandakoa da, aitari pasa zion hark zaletasuna, eta aitak niri. Umetan aitak eta biok bertsoarekin jolasten genuela gogoan dut, oporretara bidean puntuka edo elkarri oinak emanez”. Hamar edo hamaika urterekin hasi zen bertso eskolan: “Lehenago ez, bakarrik izena ematearen lotsaz, baina gurasoek animatu ninduten”.

Orainmenean bertso saio berezia du gogoan Belokik, orain arteko gustukoena aipatzeko eskatuta: “Oihana Iguaran, Maider Arregi eta hirurok aritu ginen, eta ez dakit pandemia garaia zelako izango zen, baina entzuleak oso gogotsu zeudela daukat gogoan. Aurrera begira, gustatuko litzaidake bertsotan aritzea, hori eskatzea nahikoa, baina edozein herri txikitako gertuko saioa hartuko nuke gustura”. Izen “handiagoa” dutenen artean, Tolosaldeko Atariak urtero antolatzen duena aipatu du: “Osinaldeko finala ere gustura hartuko nuke, baina dagoeneko pasa ditut bertan kantatzeko aukerak”.

Lanean edo aisialdian, bertsoak hartzen du Belokiren bizitzan orain “toki gehien”: “Hezkuntza arautuan bertsolaritza klaseak ematen ditut, eta horrez gain, Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkargunean ere banabil bertso eskolak ematen”.

 

25 azpiko 25

 

  • Bertsolari bat: Nerea Ibarzabal.
  • Film bat: Los renglones torcidos de Dios.
  • Liburu bat: Erraiak. Danele Sarriugarte.
  • Abesti bat: Besamotza. Tapia eta Leturia.

 

  1. Bittor Altube Sarrionandia

Abadiñon (Bizkaia) jaio zen Altube, XXI. mendea estreinatu berritan. Belodromoko azken finalaren urtea izan zen 2001a, Korrikak Big Beñat kantua atera eta Bertsozale Elkartea omendu zuen urtea, edo mundua dorre bikiei begira jarri zen urtea.

Bederatzi urte zituenean hasi zen bertsotan, Txaber anaia zaharragoaren bidetik: “Bertsotan hasi nintzen anaia ere horretan zebilelako. Hasieran, eskolari lotuta. Bazkaltzeko garaia aprobetxatuz egiten zen bertso eskola, ikastetxeko ekintza moduan, eta han hasi ginen taldetxo bat. Horri segika hasi nintzen gero Abadiñoko bertso eskolan”. Abadiñoko bertso eskolari lotuta jarraitzen du oraindik, ikasketengatik Gasteizen (Araba) egin dituen urteetan beste ikasle batzuekin elkartu den arren.

Orain arteko plazarik gustukoena horietako batekin egin du: “Ondarroako (Bizkaia) gaztetxean Aitor Tatiegirekin egindako bertso bazkari bat dut akorduan. Librean aritu ginen, buruz buru, eta oso oroitzapen ona dut”. Aukeratzekotan, otordu bueltako saio bat aukeratuko luke noizbait bertan aritzeko; Zaldibian (Gipuzkoa) urtero egiten den zapi-janztea.

Bertsoak “leku handia” du Altuberen bizitzan: “Ez asko egiten dudalako edo asko aritzen naizelako, buruan asko erabiltzen dudalako baizik. Asko entzuten dut, eta plan asko eta lagun asko ditut bertsoari lotutakoak”.

 

25 azpiko 25

 

  • Bertsolari bat: Amets Arzallus.
  • Film bat: Shrek.
  • Liburu bat: Behi euskaldun baten memoriak. Bernardo Atxaga.
  • Abesti bat: Bat gehiago. Desgaraian.

 

 

  1. Martin Abarrategi Sarrionandia

2001eko irailean jaio zen Abarrategi, Aramaion (Araba), AEBek Afganistango gerra hasi zuten urtean, edo Apple etxeak lehen Ipod gailuak aurkeztu zituen urtean. Bertsotan Lehen Hezkuntzako laugarren edo bosgarren mailan hasi zen: “Ez dut gogoan, baina badakit institutuan hasi aurretik izan zela. Peru anaia nagusia ere bertsotan zebilen ordurako, eta gurasoek animatuta hasi nintzen ni ere. Banekien anaiak oso ondo pasatzen zuela, eta nik segitu nion. Behin probatuta, bertan jarraitu nuen”.

Aramaioko bertso eskolakoek urtero antolatzen duten kopla txapelketa du buruan gordeta: “Aurrera begira, Gasteizko jaietan Aihotz plazan egiten diren saioak aipatuko nituzke. Aurten kantatuko dut lehenengoz, eta gogoz nago”.

Aramaioko bertso eskolan irakasle ari da orain: “Hiru ikasleko taldetxoa dut ostiraletan. Nahi nuke ni neu gehiagotan joatea bertso eskolara, orain nahi baino gutxiago joaten naiz eta. Hala ere, bertso munduko lagun asko ditut, eta entzuteko askotan dut presente bertsoa”. Arabako Binakako Bertsolari Txapelketa irabazi zuen 2021ean, Manex Agirre herrikidearekin batera.

 

  • Bertsolari bat: Sustrai Colina.
  • Film bat: As bestas.
  • Liburu bat: Miñan. Amets Arzallus.
  • Abesti bat: Amets bat. Raimundo el Canastero.

 

25 azpiko 25

 

  1. Aitor Tatiegi Loidi

Oñatin (Gipuzkoa) jaio zen Tatiegi, 2001ean. Sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak herrialde batean lehenengoz legezko egin zituzten urtean, Windows XP ordenagailuetara iritsi zen urtean, edo Shrek eta Donnie Darko filmak estreinatu zirenean.

 Hezkuntza arautuko programarekin izan zuen “lehen harreman serioa” bertsolaritzarekin, eta orduan hasi zen bertso eskolan, Lehen Hezkuntzako bosgarren mailan: “Etxekoak joaten ziren noizbehinka saioetara, eta ni ere joango nintzen noizbait haiekin, baina ezer gutxi”.

Osinalde sariketako finala du buruan gordeta: “Berrogeita hamargarren urteurreneko finalean kantatu nuen lehenengoz, eta asko gozatu nuen. Amets moduan, gustura egingo nuke noizbait Iturengo (Nafarroa) inauterietako kontu eguneko saioa”. Garaiaren arabera izaten dela dio, baina “buruan batez ere, leku dezentekoa du bertsoak” bere egunerokoan. Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa irabazi zuen 2019an, eta Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketan aritu zen urte hartan.

 

25 azpiko 25

 

  • Bertsolari bat: Maialen Lujanbio.
  • Film bat: Sherlock Holmes.
  • Liburu bat: Obabakoak. Bernardo Atxaga.
  • Abesti bat: Espaloi hutsak. Errime.

 

 

  1. Aroa Arrizubieta Barredo

Gasteizen jaio zen Arrizubieta, 2001ean. Urte hartakoa da The Fast and the Furious filma, baita Parke Jurasikoa sagako hirugarrena ere. Hezkuntza arautuko programan hasi zen bertsotan, Lehen Hezkuntzako bosgarren edo seigarren mailan: “Ondoren erabaki nuen asialdian ere egin nahi nuela bertsotan, eta hala hasi nintzen bertso eskolan. Egun, bertso eskolako irakaslea naiz, eta astean hirutan ematen ditut eskolak. Gero, saiatzen naiz nire kantukideekin ere biltzen, nik ere bertso eskola egiteko”.

Orain arte egindako saiorik gustukoena nekez aukeratu dezakeela dio gasteiztarrak: “Asko errepikatuko nituzke, bakarra aukeratzea ez da erraza. Baina bat esatekotan, Andoainen duela gutxi egin genuen bertso rap saio bat aukeratuko nuke. Oso bitxia izan zen, baina oso eskertuta zegoen jendea”. Eta aurrera begira, “bertso afari bat edo” hartuko luke gustura: “Egañarekin edo Lujanbiorekin, adibidez”.

Arabako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa irabazi zuen 2016an, 2017an eta 2019an. Euskal Herriko eskolartekoko txapela jantzi zuen 2017an, eta Abra saria irabazi zuen 2018an. 2019an Arabako Bertsolari Txapelketako finalista izan zen.

 

25 azpiko 25

 

  • Bertsolari bat: Andoni Egaña
  • Film bat: Titanic
  • Liburu bat: Telefonozko ipuinak. Gianni Rodari.
  • Abesti bat: Esadazu egia. Desgaraian.

 

  1. Gorka Pagonabarraga Agorria

2000. urtean jaio zen Pagonabarraga, Durangon (Bizkaia). Sidneyn izan ziren Olinpiar Jokoak, bigarren Tourra irabazi zuen Lance Armstrongek, eta Gorde nazazu lurpean argitaratu zuen Ramon Saizarbitoriak.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren mailan hasi zen bertsotan, nahiz eta aurretik, hamaika edo hamabi urterekin hezkuntza arautuan bertsolaritza landu zutenean gustatu zitzaion: “Ohartu nintzen ikaskideen aldean bazela oso neure sentitzen nuen zerbait, nahiz eta ez nion jarraipenik eman. Geroago izan zen, hamabost urteen bueltan, inguruko batzuk ari ziren bertso eskolan (Iker Apraiz adibidez, nagusiagoa izan arren), eta ikusten nuen ez zela afizio bat bakarrik, plan ederrak ematen zituen zerbait zela”. Horrek erakarrita hurbildu zen: “DBHko bigarren mailan, ez dakit nola, baina bertso eskolako ikasturte amaierako meriendan amaitu nuen, publikoan, bertsoak entzunez. Egun horretan edo handik aste gutxira erabaki nuen nik ere bertsotan hasi nahi nuela, eta ikasturte hasieran eman nuen izena”:

Otordu bueltako saioetan ari da gustura: “Orokorrean gaztetxeetan mugimendu sozialistarekin lotutako saioak izan litezke. Gustura hartuko nukeen saioa, berriz, elite deitzen zaion horretako bertsolariren batekin otordua. Nerea Ibarzabalekin Aramaion buruz buru egindako saio bat dut gogoan, asko gozatu nuena”.

Bertsotan hasi zenetik “gero eta leku handiagoa” hartu du jardunak bere bizitzan, nahiz eta saioen edo txapelketen arabera gorabeherak dituen: “Izan liteke garai bete baten ostean bertsoa ahaztea gero pare bat hilabetez”.

2018ko Bizkaiko eskolarteko txapelduna izan zen 2018an, eta Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketa ere irabazi zuen urte berean. Bizkaiko Bertsolari Txapelketan lehenengoz 2018an parte hartu zuen, eta finalera iritsi zen 2021ean. Bertsolari Txapelketa Nagusian kantatu zuen 2022an.

 

25 azpiko 25

 

  • Bertsolari bat: Txirrita eta Maialen Lujanbio.
  • Film bat: 12 Angry Men
  • Liburu bat: Gorde nazazu lurpean. Ramon Saizarbitoria.
  • Abesti bat: Ziakhusen edozein.

 

 

  1. Xabat Illarregi Marzol

2001ekoa da Xabat Illarregi ere, Chihiroren bidaia zinemara heldu zen urtekoa, Maialen Lujanbio Euskal Herriko txapeldunorde izan zen urtekoa, Ken Zazpi taldeak lehen diskoa atera zuenekoa.

Leitzan (Nafarroa) jaioa, Joanes anaia nagusiaren atzetik hasi zen bertsotan: “Zortzi urterekin hasi nintzen bertso eskolan. Joanes eta bere lagun bat ari ziren ordurako, eta lagun horren anaia eta biok hasi ginen atzetik. Ikasturte amaierako meriendara gonbidatu gintuzten, eta hala hasi ginen”. Aitor Mendiluzerekin Leitzan bertan egindako bertso bazkari bat du memorian gordeta, eta aukeratzeko jarrita, otorduak ditu buruan: “Maialen Lujanbiorekin edo Iker Zubeldiarekin egingo nuke gustura bazkari edo afariren bat”.

Astean zehar bertso eskolan eta otordu bueltan egiten du bertsotan, eta asteburuetan, orain, “noizbehinka” ditu saioak. Nafarroako Eskolarteko Txapelketa birritan irabazi du Illarregik, lau aldiz kantatu du Euskal Herriko eskolartekoan. Berritxu saria irabazi zuen 2018an, Abra saria 2019an eta Erniarraitz eta Izeta sariak 2020an. Nafarroako Bertsolari Txapelketan birritan kantatu du, eta bietan iritsi da finalera. Txapelketa Nagusian kantatu zuen 2022an.

 

25 azpiko 25

 

  • Bertsolari bat: Manuel Lasarte.
  • Film bat: El bola.
  • Liburu bat: Obabakoak. Bernardo Atxaga. Edo The Mousetrap. Agata Christie.
  • Abesti bat: Efemerideak. Anari.

 

  1. Irati Alcantarilla Urdanpilleta

2001ean jaio zen Irati Alcantarilla, Euskarazko Wikipedia abian jarri zuten urtean, Unai Elorriagak SPrako tranbia liburua argitaratu zuen urtean, edo Harry Potter sagako lehen filma estreinatu zen urtean.

Donostian (Gipuzkoa) jaio, baina Urruñan (Lapurdi) bizi da haurra zenetik. Bertako ikastolan izan zuen lehen harremana bertsoarekin: “Sei edo zazpi astez jaso genuen bertsolaritza ikasgaia. Odei Barroso etorri zen, haurrak bertso eskolara animatu zitezen. Bertsolaritzak ez ninduen bereziki motibatu, baina Odeirekin sortu genuen giroak-edo eraman ninduen bertso eskolara. Jolasen bidez landu genuen bertsoa, eta deigarria egin zitzaidan klasea emateko modu hori”.

Bertsoa “gehiegi interesatu gabe” hasi zen, eta gogoratzen duenez, “lehen hiru urteetan-edo gauza gutxi” egin zituen, “hizkuntzarekin jolasteaz aparte”. Bertsozaleak ditu etxekoak, eta “pixkanaka” bera ere sartu zen arrastoan: “Txapelketako saioetara joaten ginen, edo inguruko jaialdietara. Horrek asko lotu ninduen girora. Adinean gora egin ahala, gero eta argiago neukan entzuten nituen haien modukoa izan nintekeela, edo izan nahi nuela”. Gaur egungo jardunean, “plaza seguruak” gustatzen zaizkio: “Saio informalak, gune seguruetan. Izan Ernaik antolatutakoak, edo gaztetxeetako zein talde feministetako egitarauetan antolatutakoak”. Señora Sariketan kantatzea gustatuko litzaioke: “Azken edizioan izan nuen kantatzeko aukera, deitu ninduten, eta pozik esan nuen baietz, baina gaixotu egin nintzen. Badut arantzatxo hori”. Hirugarren edizioaren aurkezpenean kantatu zuen Miren Amurizarekin, eta horrek lagundu omen zion “arantza kentzen”.

Gaur egun “egun osoko kontua” da bertsolaritza Alcantarillarentzat: “Bertsularien Lagunak elkartean ari naiz irakasle, astelehenetik ostiralera ikastetxez ikastetxe ari naiz. Eta azkenaldian saio asko ditut, beraz, aste osoan darabilt bertsoa inguruan”. Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketa irabazi zuen 2019an, eta urte berean jaso zuen Berritxu Saria. Plazatik Gaztetxera, Xenpelar, Mikel Laboa eta Osinalde sariak ere irabazi ditu.

 

 

  • Bertsolari bat: Miren Artetxe.
  • Film bat: Vidas de papel.
  • Liburu bat: “Ez naiz irakurzalea, ezin dut bat aukeratu”.
  • Abesti bat: Olaia Inziarteren edozein

 

 

  1. Irantzu Idoate Funosas

Baionan sortu zen 2005ean, eta Hazparnen (Lapurdi) bizi da egun. Andoni Egañak txapelketak utzi zituen urtean, YouTube sortu zen urtean, edo Aupa Etxebeste! zinema aretoetara iritsi zen urtean.

Zazpi urte ingururekin hasi zen bertsotan Idoate: “Ofizialki-edo behintzat bai, eskolan eta bertso eskolan orduan hasi nintzen, baina etxetik jasoa da bertsoa niretzat. Aita bertsotan ari zelako, ohitura nuen berarekin saioetara joateko, eta hala hurbildu nintzen mundu horretara. Hezkuntza arautuaren garaian hasi nintzen bertso eskolan, orduan hartu nuen bertsoari lotutako lehen erabakia, aurretik inertziaz ari nintzela uste dut”. Geroztik ari da bertso eskolan: “Orain arteko plaza gustukoenak eskolartekoak edo gazteen arteko saioak izan dira, orduan gozatu izan dut gehien, adin ingurukoekin. Entseatu nahiko nuke Ez da kasualitatea edo gisa horretako saioren bat, plaza mota hori ezagutzeko gogoa dudalako”.

Bertsoak garaiaren arabera du lekua Idoateren bizitzan: “Denok bezala. Baina orokorrean aski leku handia du, nire egunen joan pertsonalean anitz ekarri izan dit bertsoak, barneko mugimenduetan. Plazan eta bertso eskolan garaiaren araberakoa da, baina presente badut”. 2022an Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketa irabazi zuen,

 

25 azpiko 25

 

  • Bertsolari bat: Miren Artetxe.
  • Film bat: The Help.
  • Liburu bat: Ez erran inori. Maddi Ane Txoperena.
  • Abesti bat: Zure mina. Olaia Inziarte.

 

 

  1. Maddi Agirre Epelde

Gasteizen jaio zen Agirre, 2005ean. Neguko zirkua argitaratu zuen Harkaitz Canok urte hartan, Euskal Herriko Unibertsitateak 25 urte bete zituen eta Maddi Treku hil zen.

Lehen Hezkuntzako bosgarren mailan hasi zen bertsotan Agirre, hamar urterekin: “Bi bidetatik hurbildu nintzen bertsolaritzara. Batetik, gurasoek eman zuten nire izena bazkalorduan ikastolan Oier Arbinarekin bertso eskola egiteko, eta hamar neskako taldea hasi ginen. Bestetik, garai horretan hezkuntza arautuan ikasgai moduan genuen bertsolaritza bi astean behin. Biak uztartuz hurbildu nintzen bertsora”.

Lokatz Loreak sormen taldekoek sortutako friki saioak aipatu ditu Agirrek: “Harry Potterri buruzko saioan kantatu nuen, iazko abuztuan. Asko gustatzen zait gaia, eta halako gai bati buruz ahalik eta modurik arraroenean bertsotan egitea kontu polita izan zen. Non kantatu nahiko nukeen zaila zait esaten. Txapelketako saioek ematen didate atentzioa, baina batez ere publiko gaztea dutenak gustatzen zaizkit, komunikazioa errazagoa delako”.

Nahi baino leku “gutxiago” du bertsoak gasteiztarraren bizitzan, batxilergoko bigarren mailak “asko estutu” duelako: “Ostiraletan bai, bertso eskolara joaten naiz, baina bestela, saioen araberako lekua du. Hori bai, aste barruan sarean asko jarraitzen dut bertsolaritza, eta nire buruan beti darabilkit bertsoa”.

Arabako Eskolarteko Txapelketa irabazi zuen 2021ean eta 2022an, eta bi urteotan txapeldunorde izan zen Euskal Herriko eskolartekoan. 2023an Abra Saria irabazi zuen.

 

25 azpiko 25

 

  • Bertsolari bat: Sustrai Colina
  • Film bat: Akelarre
  • Liburu bat: Eraikuntzarako materialak. Eider Rodriguez
  • Abesti bat: Ez geratu azalean. Merina Gris

 

  1. Maite Sarasola Isazelaia

Deustun (Bizkaia) jaio zen Sarasola, 2001ean. Jasone Osorok Jara argitaratu zuen urte hartan; Bitartean heldu eskutik, Kirmen Uribek; Eskuak/Ukabilak diskoa, Berri Txarrak taldeak.

Lehen Hezkuntzako seigarren mailan hasi zen bertsotan, Deustuko Ikastolan: “Familia euskaltzale eta kulturzale batetik nator, beraz, euskal sorkuntzak beti izan du lekua etxean. Hori ere izango zen bertsolaritzara hurbiltzeko arrazoia, baina zaletu-zaletu Ikastolan zaletu nintzen. Etxahun Lekuerekin ibili ginen hezkuntza arautuan, eta hor sortu zitzaidan bertso eskolara joateko motibazioa”.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen mailan eman zuen izena Deustuko Elorri bertso eskolan, eta bertan jarraitzen du gaur egun ere: “Leku handia du bertsoak nire egunerokoan. Elorri bertso eskolan irakasle ere banabil; helduen eta gazteen taldearekin aritzen naiz, eta umeen taldearen irakaslea ere banaiz. Hortik harago, aisialdian, saioetara joatea ere gustatzen zait”. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren mailan bertso udalekuetara joan zen Sarasola: “Jende asko ezagutu nuen, gaur egun ere hurbil dudan jende asko, eta horrek ere eman zidan bertsotan jarraitzeko indarra”.

Orain arte egindako plazen “oroitzapen ona” du, baina “aukeratzekotan”, Deustun egindako saioren bat edo bertso eskolakoek antolatutako Aferak saioetako bat aukeratuko luke: “Oso berezia da niretzat auzoan eta auzokoentzat kantatzea. Aurrera begira, amestea libre denez, esango dut nahi nukeela Bizkaiko final batean edo Euskal Herriko final batean kantatzea, baina hurbilago ikusten dudan errealitatean, udazkenean Bizkaiko Txapelketan kantatu nahi nuke, nahiz eta lehentasuna gozatzeari eman”. Bizkaiko Eskolarteko txapelduna izan zen 2019an, eta Euskal Herriko eskolartekoan kantatu zuen urte hartan.

 

 

  • Bertsolari bat: Oihana Bartra.
  • Film bat: As Bestas.
  • Liburu bat: Harizko zubiak. Jon Sarasua.
  • Abesti bat: Litekeenarena. Ibil Bedi.

 

 

  1. Hodei Munduate Etxeberria

Zaldibian (Gipuzkoa) jaio zen Munduate, 2003an. Iban Mayok Euskal Herriko Itzulia irabazi zuen urte berean, edo Amets Arzallusek Nafarroako txapela laugarrenez irabazi zuenean. Etxetik datorkio zaletasuna Munduateri: “Bertsolaritzarekin lehen kontaktua, uste dut, umetan izango nuela. Aitak jarritako bertso zaharrak gustatu, ikasi eta berriz kantatzen nituela dut gogoan. Nahiko erraz ikasten nituela gogoratzen dut”. Bertsotan Lehen Hezkuntzako bosgarren mailan hasi zen, hamaika urterekin: “Zaldibiko bertso eskolan belaunaldi aldaketa izan zen, Aitor Irastorza zebilen irakasle, eta harekin hasi nintzen, inori ezer esan gabe”. Zaldibiko bertso eskolan “gustuko inguru bat” aurkitu zuen, eta “gustua hartu” zion bertsoari.

Bilbo eta inguruetan bizi diren edo bertan ikasten ari diren bertsolarientzat sortutako Bertso Erronda sariketa aukeratu du orain arte gehien gustatu zaion plaza moduan: “Bi urtez kantatu izan dut bertan, eta egia esan, eroso kantatu izan dut. Lagunarteko saioak dira, parrandarako giroa dutenak, eta gustura kantatuta, hori aukeratuko nuke”. Aurrera begira, nahiko luke Osinalde sariketan kantatzeko aukera izatea: “Gertuko sariketa dut, orain arte ez dut aukerarik izan, baina gustura kantatuko nuke”.

Bertsozale “amorratutzat” du bere burua, eta inguruak laguntzen dio horri eusten: “Kuadrillan eta lagunartean bertsozale batzuk bagara, eta ohitura badugu bertso saioetara joateko. Bestela ere, parrandan-edo elkartutakoan bertsotan asko egiten dugu, eta bertsoa bada gure arteko hizketagaia”. Aste barruan “astean behin behintzat” Deustun elkartzen dira inguruan dabiltzan bertsolari batzuk, “pare bat orduz edo” bertso eskola egiteko, eta bestela ere “bertsoa oso presente” du egunerokoan: “Askotan darabilt bertsoa buruan, izan dakizkidanak errepikatuta edo nire buruarekin bertsotan arituta”.

 

 

  • Bertsolari bat: Aitor Sarriegi.
  • Film bat: Good Will Hunting.
  • Liburu bat: Black is Beltza. Harkaitz Cano eta Fermin Muguruza.
  • Abesti bat: Arnasa. Bake Faltsua.

 

 

  1. Aner Peritz Manterola

2002koa da Peritz, Zarautzen (Gipuzkoa) jaioa. Urte hartan, Igor Elortzak bigarrenez jantzi zuen Bizkaiko txapela, eta Amets Arzallusek hirugarrenez Nafarroakoa.

Euzkitze, lehen baino gehiagotan da orain Aner Peritz. Aner Peritz edo Aner Euzkitze moduan aurkituko duzue karteletan. Etxean jaso zuen bertsozaletasuna, eta bertsotan hasi, etxean hasi zen: “Serioxeago hamahiru edo hamalau urterekin hasiko nintzen, bertso eskolan izena emandakoan”.

Orain arteko plazetan, Señora sariketa aukeratuko luke, bat aukeratzekotan: “Eta aurrera begira, nahiko nuke Izan Iñurri saioetan kantatzeko aukera izatea”. Plazan, orain, hilabetean saio “bat edo bi” egiten ari dela dio: “Beraz, ezer handirik ez. Astean zehar bertso eskolarik eta apenas ari naiz egiten orain. Baina lagun asko ekarri dizkit bertsoak, eta parranda edo planetan askotan elkartzen gara. Beraz, jarduna gorabeheratsuagoa izan arren, bertsoak eragin eta garrantzi handia du nigan”.

Xenpelar saria irabazi zuen 2021ean, eta Lizardi saria 2022an. Aurrez, Gipuzkoako Eskolarteko txapela jantzitakoa ere bada. Haizea Arana, Oihana Arana eta Leire Vargasekin batera sortutako eRRe ikuskizunarekin ere dozenaka oholtzatan aritu da.

 

 

  • Bertsolari bat: Miren Artetxe.
  • Film bat: Pretty Woman.
  • Liburu bat: Poz aldrebesa. Juanjo Olasagarre.
  • Abesti bat: Zebra. Anari.

 

 

  1. Maddi Aiestaran Iparragirre (2001, Beasain)

2001ean jaio zen Aiestaran, Itxaro Bordak %100 basque argitaratu zuen urtean, dorre bikiak eraitsi zituzten urtean, Moulin Rouge zinemetara iritsi zen urtean. Beasainen (Gipuzkoa) sortua, zortzi urterekin hasi zen bertso eskolan: “Adin horretan hasiko nintzen etxean nire kabuz bertsoak sortzen. Bertsozaleak ditut etxekoak, eta ia nahi gabe iritsi nintzen bertsora. Gerora, bertso eskolak eta bertsoari esker ezagututako jendeak animatu naute jarraitzera”.

Kosta zaio orain arteko saiorik gustukoena aukeratzea: “Bat hartzekotan, 2021ean Jimmy Jazz aretoan antolatu genuen bertso saio musikatua aukeratuko nuke. Lagun talde bat bildu ginen eta gure neurriko saioa antolatu genuen. Indarra eman zidan momentuan, eta horregatik”. Gustatuko litzaioke bertso saio literarioren batean aritzea.

Plazaren araberako martxan “gehiago edo gutxiago” aritzen da bertsotan: “Sariketarik edo saiorik ez badugu, aste batzuetan bertso eskolarik ere ez dugu egiten, eta izanez gero, geure buruari presio pixka bat egiten ahalegintzen gara. Hori bai, saiatzen naiz bertsoa buruan izaten, eta saioetara joaten”.

 

 

  • Bertsolari bat: Nerea Ibarzabal.
  • Film bat: Amama.
  • Liburu bat: Arrain hezur bat eztarrian. Olatz Mitxelena.
  • Abesti bat: Piromania. Anari.

 

  1. Mikel Etxezarreta Lasa

Olaberrian (Gipuzkoa) jaio zen Etxezarreta, 2003an. Bernardo Atxagak Soinujolearen semea argitaratu zuen urte hartan; Kolosala izango da, Joseba Sarrionandiak; eta Zaharregia, txikiegia agian diskoa, Kirmen Uribe idazleak eta Mikel Urdangarin, Rafa Rueda eta Bingen Mendizabal musikariek.

Hamar urterekin hasi zen bertso eskolan, eta lehen aldi hartan hiru urtez aritu zen bertan: “Hamahiru urterekin beste kontu batzuei denbora gehiago eskaintzeko utzi nuen bertsoa, eta hamazazpirekin hasi nintzen berriro ere. Guraso bertsozaleak ditut, eta horrek eramango ninduen ni ere zaletzera. Horrez gain, lagun eta inguru oso bertsozalea ditut”.

Orain arteko plazarik gustukoena Olaberrian bertan egiten duten bertso afari bat du Etxezarretak: “Ehun eta hogeita hamar lagun inguru elkartzen gara, gazteak eta helduak, birritan egin dugu orain arte, eta bietan aritu naiz oso gustura. Eta bat aukeratzekotan, Osinalde sariketako finaleko saioa aukeratuko nuke aurrera begira bertan kantatzeko, giroagatik”. Bertso eskolara behin edo birritan joaten da astean Etxezarreta.

 

 

  • Bertsolari bat: Iker Zubeldia.
  • Film bat: Irati.
  • Liburu bat: Miñan. Amets Arzallus.
  • Abesti bat: Tapatata. Gozategi.

 

  1. Bittori Elizalde Soto

Iruñean jaio zen Elizalde, 2003an. Ahuntzaren urtea zen horoskopo txinatarrean, eta Ur gezaren urtea, Nazio Batuen Erakundearen egutegian. Bertsotan Lehen Hezkuntzako laugarren edo bosgarren mailan hasi zela oroitzen du: “Arrotxapeko bertso eskolan hasi nintzen. Gerora, eskolako euskara klaseetan bertsolaritza lantzen hasi ginen, eta horrek gehiago motibatu ninduen. Hala ere, eskolaz kanpoko eskola moduan hartu nuen”.

Orain arte ez dituela plaza “asko” bizi izan dio Elizaldek, baina gustura hartu dituenen artean plazarik “informalenak” direla: “Erosoago sentitzen naiz, eta ez dut halako presiorik sentitzen. Hala ere, Nafarroako Eskolarteko Txapelketan bigarren gelditzeak aukera eman zidan Alaia Martin eta Julio Sotorekin kantatzeko, eta ilusio handia egin zidan saio horrek”.

 Aurrera begira, berriz, bertso otorduren bat hartuko luke gustura: “Nahi nuke txikitatik jarraitu ditudan bertsolariekin kantatzea nire lagunen aurrean”. Bertsoak “leku handia” du iruindarraren bizitzan, eta nahiz eta ez duen “nahi beste” bertso eskola egiten, “egunerokotasunean oso presente” duen zerbait da bertsoa: “Lagun asko eman dizkit bertsolaritzak, eta egunerokoan saiatzen naiz Bertsoa.eus erabiliz edo saioetara joanez bertsoa jarraitzen”. Nafarroako eskolarteko txapeldunorde izan zen 2020an, eta Bertx(h)ori sariketaren lehen edizioa irabazi zuen Aner Peritzekin batera.

 

 

  • Bertsolari bat: Julio Soto.
  • Film bat, liburu bat: “Apenas dut denborarik…”.
  • Abesti bat: Gozategiren edozein.

 

 

  1. Andoni Rekondo Izagirre

1999an jaio zen Rekondo, Hernanin (Gipuzkoa). Urte hartan American Beauty filmak zortzi Oscar sari irabazi zituen, Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketa egin zen lehenengoz (Zarautz Jai Txiki taldeak irabazi zuen) eta urte amaieran hil zen Inazio Eizmendi Basarri.

Zerrendako gainerako bertsolariak baino beranduago hasi zen bertsotan Rekondo: “2019 bukaeran hasi nintzen bertsotan, urrian edo azaroan. Hasieran, “kasualitatez”, inguruan tokatu zitzaiolako bertsoa “parrandan-eta”: “Gero hasi nintzen serioxeago, hasieran gaztetxeko bertso eskolan, eta ondoren Hernaniko bertso eskolan”. Hernaniko gaztetxeko saioetan aritu izan da gustura orain arte, “otordu bueltako saioetan batez ere. Aurrera begira ia edozein saio hartuko nuke, ez gaude exijente jartzeko, baina saio mota bat hartzekotan kopla saio bat hartuko nuke”.

Orain, astean bertso eskola bat egiten du gutxienez, eta horrez gain, “lagunartean asko” egiten omen dute bertsotan: “Joera dugu gure artean bertsotan egiteko, eta bestela, tarteka herrian edo inguruan kantatzen dugu bertso poteoetan, saiotxoetan edo ekitaldiei lotuta”. Lizardi sariketako finalera iritsi zen 2022an, eta aurretik, Tabernetako Bertso Txapelketa irabazi zuen Hernanin, 2020an. Kazetari moduan, Naiz Irratiko Kantatzera Noazu saioa gidatzen du Eli Pagolarekin batera.

 

 

  • Bertsolari bat: Aitor Mendiluze
  • Film bat: El pianista
  • Liburu bat: Zozoak beleari. Andoni Egaña eta Jon Sarasua.
  • Abesti bat: Xiberoots taldearen edozein.
25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25 25 azpiko 25