Andoni Egaña nintzela egin nuen amets
Behin Andoni Egaña nintzela egin nuen amets. Kiroldegi batean nengoen, ehunka pertsonaren aurrean, puru bat eskuan nuela. Abestu nuen ahots erdi zartatu horrekin, eta jendeak gogoz txalotu ninduen. Aldarte ezin hobean esnatu nintzen, indartsu, baina pena pixka batekin, bertsotarako gaitasuna galduta.
Ez naiz betidanik bertsozalea izan. Etxean ez zegoen afiziorik eta inguruan ere ez dut zaletasun gartsurik izan duen lagunik izan. Bertsolaritza euskal kulturaren pack horretan zetorren zerbait zen, asteburuko irratsaioren batean zeharka entzuten nuena edota herriko festetan gau bat hartzen zuena, baina ez nion arreta handiegirik jartzen.
1996an joan nintzen lehendabiziko aldiz UEUko Udako Ikastaroetara lanera, Iruñeko Larraonara. Nire ibilbide profesionala izango zena ezagutzeaz gain, UEUko bertsolaritza sailarekin topo egin nuen bertan. Ordura arte ez zitzaidan burutik pasatuko Bertsolaritza eta unibertsitatea elkartu zitezkeenik, baina Iruñean pasatutako uztail bero haiek frogatu zidaten oker nengoela. Elkarrizketak egin nizkien bertsolariei UEUren prentsa bulegorako, mota guztietako bertso saioak entzuteko parada izan nuen (olerkia, musika zein antzerkiarekin konbinatuta) eta hainbat bertsolari ezagutzeko aukera ere bai.
Eta mundu berri bat ireki zitzaidan. Errima eta hitzen jolasetan murgildu eta hasierako ezjakintasuna miresmena bihurtu zen. Zer-nolako aztikeriak egiten du posible segundo gutxi batzuetan bat-bateko istorio borobil bat sortzea? Zer-nolako burmuin pribilegiatuk lotzen ditu “alai, dohai, uztai, lasai, etsai, zai, nolanahi, bai” hitzak istant batean? Nola da posible esaldi gutxi batzuekin hain gauza handiak esatea? Miresmena esan dut, aitortu dezadan sentimendu horrek bazuela inbidiatik ere. Kazetari bihurtzeko bidean zegoen honek zailtasunak zituen elkarrizketa ziztrin bat josteko eta Iturriaga, Lujanbio, Elortzatarrek 20 segundoan uztartzen zituzten ideia borobilak!
“UEUko bertsolaritza sailarekin topo egin nuen bertan. Ordura arte ez zitzaidan burutik pasatuko Bertsolaritza eta unibertsitatea elkartu zitezkeenik, baina Iruñean pasatutako uztail bero haiek frogatu zidaten oker nengoela.”
Pasatu dira hogeitaka urte aurkikuntza kopernikar hartatik eta, hitzak uztartzeko gaitasuna apur bat hobetu dudan arren, bertsolariekiko lilura-bekaizkeria binomioak zutik dirau. Orain badut ingurune bertsozalea eta, haien bidez, gero eta gehiago gozatzen dut bertsoekin, nahiz eta zortziko txikia, handia edo seiko puntukoa ez bereizi (eta maite naute oraindik).
Baina nolakoa den bizitza (eta lagun onak edukitzea). Azken Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa gertutik jarraitzeko aukera izan dut Hitzetik Hortzera telebista saioa medio. Eta nola gozatu dudan! Gozatu dut HHren gorabeherak grabatzen, taldearekin gozatzen, bertsoaldiekin hunkitzen, puntuazioak jarraitzen… eta nola ez, finala ikusten. Bertan hainbat esketx grabatu genituen; horietako bat, Egañarekin. Badakizue zer den Nafarroa Arena zeharkatzea berarekin? Nik bai: mundu mailako rock izar baten ondoan joatea bezalakoa izan zen!
Eta konturatu nintzen ametsak, batzuetan (bere erara), egia bihurtzen direla.