2023-10-17
Ordena
Ordena –
Kultura bisualak dena irentsi duela dirudien garaiotan, harrigarria da podcasta bezalako baliabide batek azken urteotan lortutako arrakasta. Nolabait, bada bihotz-altxagarri ere. Izan informazioa jasotzeko, izan entretenimendurako, input-kanal modura ahotsa (nagusiki) langai duen medio batek presentzia nabarmena izateak itxaropena ematen du. Bertsogintza bezain gauza definizioz audiobisualki prekario honetan aritzen garenontzat esperantzagarri, diot.
Tira, digresio sasi-alferreko hori, esateko Arpa argitaletxearen Arpa talks gaztelaniazko podcast saioan entzun dudala Jorge Dioni Lopezi egindako elkarrizketa mamitsu bat, hiri-eredu berrien ingurukoa. Hirigintza neoliberalaren gainbeheraz dihardu bertan, luze eta zabal, eta espazioaz, mugikortasunaz eta bizitzaz dugun ulerkera garaikidearekin lotzen du hiriaren irudia. Tartean, munduan zehar une honetan planifikatzen ari diren hiri berriek (hondoratze-bidean dagoen Yakartaren ordez egiten hasi diren Nusantara, edo Saudi Arabian egin-asmo duten The Line hiri-lerroaren proiektu eroa) duten ezaugarri komun bat aipatzen du: simetria, ordena, zuzentasuna, nahasmendu falta. Ez dela harritzekoa dio: edozein sistemak behar du ordena, biziraun nahi badu.
Kontua da, auskalo zein haizek emanda, Borges irakurtzera itzuli naizela azken asteotan. Eta argentinarrak El inmortal ipuinean dakarrela hiriaren (eta, beraz, ordenaren) gaineko beste zeharkako hausnarketa bat. Balizko gizarte hilezkor batek hiri bat eraikiko balu, ondorengo lerrootakoa izateko aukera handia luke, Borgesen ustez (itzulpena Juan Garzia Garmendiarena, 1998ko Ipuin hautatuak bildumatik):
Antzinakotasun eskergaren irudipenari bertzerik gaineratu zitzaion: azkengabea izatearena, lazgarria izatearena, konplexuki zentzugabea izatearena. Labirinto bat zeharkatu berria nintzen honi, Hilezkorren Hiri zehatzak ikara eta higuina sortu zidan. Labirinto bat gizonak tronpatzeko landu den etxe bat da; haren arkitektura, simetriaz oparoa, xede horretara makurtzen da. Oso nolabait ikertu nuen jauregi hartan, berriz, arkitekturak ez zuen xederik.
Beraz, bizitzea besterik ezagutu ez duen gizarte batek, heriotzarik usaintzen ez duenak, ez lukeela ordenarik behar: xederik gabeko eraikuntza-lanetarako izango lukeela dedikazioa. Hau da, guk, hilkorrok, ordena ezinbesteko dugula esateko beste modu bat, finean.
Eta bigarren digresio sasi-alferreko hori, esateko, udazkenarekin batera, Bizkaiko eta Nafarroako txapelketak hasi direla (Xilabako taldekakoa eta Arabako sailkapen-fasea ahaztu gabe), eta, hirugarren digresio (oraingoa osoki alferrekoa, seguru asko) batekin bukatzeko, txapelketak direla bertsogintza-sistemak bizirauteko behar-beharrezkoa duen ordena ezartzeko mekanismo krudel bezain justu (?) bat, balio dutelako piezak mugitzeko, “merkatua” antolatzeko, bertsozaleentzako bide-orri moduan, edo berrikuntza estetikoen plazaratzeko leku moduan. Eta baita hilkorrak garela gogorarazteko ere.