2023-10-10
Nortasuna
Nortasuna –
Doinua: Nire tokia – Bi bala
Besteek diktatutako
guztia al da egia?
Zenbat arte entzun behar
noiz urrundu belarria?
Zu zeu izate hutsari
emaiozu garrantzia
Baina gure askatasunak
ez mugatzea bestia
Zeren libre izateko
ez da zilegi guztia
Balore handia baita
eukitea enpatia
Besteetaz preokupatzeko
inork ez dauka astia
Nik gehiegi preokupatzen
pasatu ohi dut eguna
“Lasai soilik zu zeu izan”
dut gehiegitan entzuna
Baina beste(e)n iritzia
izan ohi da astuna
Uste nuen nik nuela
sortzen nire nortasuna
Norberak eraikitzeko
zuela askatasuna
Ni nor naizen ez dakit ongi
nor da horren erruduna?
Beharbada ez dago inon
galdera horren erantzuna
Hegoaldean “gabatxa”
deitu didate andana
Ta iparraldean aldiz
daukat “española” fama
Beti atzerritar gisa
mugalari denen drama
Nahiz asko ibili izan
bi mundu haietan barna
beti naiz bi pertsona
leku bakoitzean bana
Ni nor naizen galdetzeko
inork ez du hartzen lana
Ta inon ez didate uzten
izaten nik nahi dudana