…eta hari matazak oraindik ematen jarraitzen du!
…eta hari matazak oraindik ematen jarraitzen du! –
Haurtzaroko irudi batzuek ametsetan sentiarazten naute eta zuri ere gogoratuko zaizu ama sukaldeko ekonomikaren bero goxoan babesturik, hari mataza edo artilezko pilota zintzilik zuela puntua egiten. Senideren batentzako jertsea, edo galtzerdiak, edo… zerbait izango zuen, premia galantekoa ziur.
Baina, guk kasu gehiago egiten genion etxeko katu xaharraren, Maxandarren kumearen jolas egin beharrari. Hark ez zuen jostailu hoberik aurkituko sekula bere atzaparretan hartzeko hain leuna zen hari mataza hura baino. Mugimendua zeukan, gainera, eta amak puntua egin ahala, jolaserako motiboa zeukan. Amak xapika hartuko zuen, baina hark berean jarraitu, begira geundenon algara eta inbidia eraginez. Hori zen gure haurtzaroko entretenimendu gutiziatuetako bat. Horrela hasi ginen jolasean bizitzen eta bizitzan jolasten, katakume hark bezala ezer serioegi hartu beharrik sentitu gabe. Helduagoentzat ziren ardurak eta katutxoarentzat gure fereka, goxotasun eta mimo guztiak.
Haurtzaroan ikasi genuen kantuan lanean aritzen eta lana kantuan arintzen. Denbora-pasa ere buruan soinuren bat genuela ibili ohi ginen eta denbora pasa ahala, soinua doinu bihurtu eta letra asmatzeari lotu nintzaion. Amak puntua lotzen zuen eta nik puntuak josten nituen, edozein zela ere egoera.
Bizia joan zait kantuan neure kasa, bertsotan plazaz plaza, ezorduetako jolasa, demasa! Nola ez eskerrak eman halako jostailua eskura jarri zidatenei…
Bai, lana egin nuen baita gai jartzen ere edo saioak eratzen, herrian zein kanpoan… irakaskuntzako jarduna ere haiei esker aurkitu eta burutu ahal izan nuen. Neu behitzat oso gustura, bizi esperientziak irakatsiari beste begi batzuekin behatuz, filosofia teorikoak adina eskarmentuak ematen duela sinetsirik. Ikasleek ere bizipenak estimatzen zituzten teoria enpatxua baino gehiago!
Pare-parean egokitu zitzaidan Elkartearen sorrera ere, eta hizketarako egokitasuna edo maina (entrenatuta egotearen ondorio nik uste; herriko jaietan aurkezpenak egiten eta…), hasieran idazkari lanak egitea suertatu zitzaidan eta bileretan entzuten ikastea, gehienbat, azkenaldian lehendakari izan banaiz ere.
Belodromoko finalak ezagutu ditut eta ez zaizkit ahaztuko. Zer ote du kontzienteki zeren aurrean aurkituko zaren ez jakiteak hain ausart bihur zaitzan? Bestalde, badakizunean zerekin aurkituko zaren, askoz ere ziurrago eta kontrolatuago daukazunean dena, zenbat indar xahutzen duzun alferrik!
Finala BECera eramateko aukerari heldu genion eta espazio huts erraldoi hura ikuste hutsak ematen zuen izu-ikara gorputzean betirako sartuta daramadan ustean nago. Hurbileko bertsozale ezagunek (gipuzkoarrek eta bereziki goierritarrek) zeinen gaizki hartu zuten finala BECera eramateko erabakia eta zenbat “laudorio” entzun nuen, ez da ahuntzaren gauerdiko eztula! Eskerrak uste baino ere hobeto atera zen dena, eta han bildu ziren dozena milatik gora euskaldun bertsozaleek gozatzeko aukera izan zuten, sentimenduak larru azaleko pinportetan erakutsiz.
…bizi esperientziak irakatsiari beste begi batzuekin behatuz, filosofia teorikoak adina eskarmentuak ematen duela sinetsirik. Ikasleek ere bizipenak estimatzen zituzten teoria enpatxua baino gehiago!
Orduan hasi eta gaur arteko ibilbidea egin dugu Gabirik eta gabiriar gazte multzo bikain batek (eta gabiriarrez gain beste batzuek ere bai, aurten bertan, esaterako) finaleko lanak borondatez burutuz; zer eskatu hura egiteko prest. Hogeitaka gazte BECeko aulkiak jartzen (IKEAn behiak jeztekorik ez omen zegoen, Andoni Egañak zioenez, eta ezta beharrik ere!) edo Nafarroa Arenakoak aurten, eta bertso egunetan aretoa prestatzen nahiz Osinalde Elkartean Txapelketa Nagusiko balorazio eta eskertze bilera/bazkariak egin ditugunetan ere.
Osinalde Sariketak landutako lurrak eman duen fruitua dela hori dena esango nuke, auzolanerako prestutasun hori, gauzak egitea zenbat kostatzen den jakinik beti prest dauden gazteak izan ditugu eta ditugu bidelagun. Bueno, egia esan, jada gu gara beren bidelagun!
Zorte ikaragarria izan dut zuekin batera bidea egiteko eta oraindik hasierako hari mataza hark badu zereginik, badu haririk zernahi egiteko, jolasean… lana esku artetik serio atera beharraren beharrez ari den ama, amona… amorraraziz, eta horixe du askotan urte pila bizkarreratzeak: jolasgurak akabo, umorea kito, aldartea petraldurik, pazientzia agor…
Bertso munduan egindako bideari begirada botatzean, esker ona besterik ez datorkit barru-barrutik, eta aurtengo finalean jaso nuen ustekabeko atseginean zenioten bezala: “Gaur gabiriar denok egingo dugu dar-dar”.
Baina herrikoak soilik gogoan hartzea ez da justua eta egunak edo hilabeteak esanda hobeto adieraziko nuke, Bertsozale Elkarteak zeinen goxo eta babestuta zaindu nauen ez sinestekoa da. Nik behintzat ez dut finala hainbeste mimoz bizi aurten arte sekula: nengoen tokian nengoela, beti norbait nuen nola bertsoak aletzeko, iritzia partekatzeko edo zernahi behar nuela ere. Egia da elkarrizketa mordoxka egin dudala eta didatela, baita egunean bertan ere eta, kazetariei eskertzen diet nik esateko neukana jasotzen ahalegintzea eta ez entzun nahi zutena atera nahian, hori ere gertatzen dena baita batzuetan. Baina oso pozik nago jaso dudanarekin eta hain detaile politak bizitzeko aukera izanda. Gainera, Txapeldunari (Maialen ez da edozein niretzat!) txapela jantzi eta denei besarkada bana emanda, denok ekipo egitea jendearen txalo zaparrada jasoz, emozio lubizi etengabea sentitzen dudan unea da orain hau idazten dudan bitartean ere. Bikain, eta zorionak Elkartekide denoi.
Hari matazak segi dezala ematen gaur eta beti, dardara guztien gainetik, puntua nork egina eta orratzak dantzan jartzeko trebezia izango dira, neurriko jantzia osatzen goazen bitartean!