Manex Agirre
Manex Agirre

2023-09-08

KOKTAIL HURRUP 2.0

KOKTAIL HURRUP 2.0

Aurtengo abuztuak ere ia egin ditu bereak, eta ikasturte berriko erritmo frenetikoaren izuaren aurrean tekla-juntatzen ari den honek, iaz egin zuenaren antzera, auto-revival-aren bide zalantzazkoa hautatu, eta horra, udaren errepaso azkar eta gainetikoaren bigarren edizioa. Labur esanda, hiru inpresioko eta iradokizun bateko zerrenda laburra, bakoitzean sakontzeko nagiari gorazarre eginez:  

BAGA

Gaztetxeak, Hala Bedi irrratiak, Auzolana pilotalekuak, Errekaleor auzo askeak eta Sumendi espazioak, batuta, 100 urte borobil betetzen dituztela eta, ospakizun-urtea da 2023koa Gasteizen. Eta bertako jendeak ospakizunak ez dituenez edalontzia gora altxa eta kukurruku egiteko bakarrik erabiltzen, saio berezi baterako gonbidapena jaso genuen 6 pribilejiatuk. Lehenengo bertso-tune saiora pauso zalantzatiz gerturatu ginen, baina baita interesez ere. Antolakuntzako artista-jendeak ondo egituratu zuen jarduna, eta, azken finean, “ohiko” bertso saio batek izaten dituen gorabeherak izan zituen: gauza batzuek oso ondo funtzionatu zuten, beste batzuek ez hain ondo. Saioa ederra izan zen, oro har (esan beharra dago).

Post-hausnarketa: bertsolari-belaunaldi berriek gero eta gerri malguagoa dute saioaren berezko elementuetatik (ahotsa, gaia, hitza) aparteko elementuak bat-batean aritzerakoan modu naturalean integratzeko. Hori bai, beti dago arriskua integrazio-lan horretan ez asmatzeko, eta hori gertatzen denean, “kanpo-elementua” oso kanpoan geratzen da, oso nabarmen. Zentralitatea hartzen du, eta hori ez da komeni. Agian, egun batez, jaikiko dira autotunea bat-bateko bertsogintzan erabat integratuta duten bertsolari-labekada berriak, eta kanpo-elementu beharrean elementu diskurtsibo modura erabiliko dutenak, Ion Celestinok iradokitako bidetik. Hala bedi.

BIGA

Ezin ihesi, Gasteiz. Abuztuaren hasmentan, Aihotz plaza du erdigune Arabako bertso-mugimenduak. Egunero, eguerdian, saio bat. Egunero, plaza betea. Jai-giroko agendako hitzordu ezinbestekoa jende askorentzat. Txarangen eta blusen bozkarioa hondoko zurrumurru konstantea izan arren, entzuleak entzutera datoz. Paradoxikoa izateraino, ia. Oholtzatik jaitsi osteko tertuliatxoan hori dugu hizpide: mugimendua, soinu-zarata, dinamismoa ardatz duen testuinguruan gurea bezalako kultur-adierazpide soil bat frakasora kondenatutako zerbait izan behar litzateke. Ez da horrela. Gaineratu horri, Arabako Bertsozale Elkarteak koordinatuta, saioak prestatzen aritzen diren gai-jartzaileen lana: gai fresko-festagirokoak bai, baina beste aldarte batzuetakoak ere bai. 

Festak badu zerbait, definitzen saiatu arren, ihes egiten diguna: euforiara bideratutako jarduera-multzo baten barruan, beste tonu bateko topaguneek ere funtzionatu egiten dute. Funtsean gu geu ere horrelakoak garelako izango da. 

HIGA

Txema Abarrategi joan zaigu abuztu honetan. Aramaioko bertso eskolan, ageri-agerian ez bada ere, lana majo egindakoa, hainbat profiletan: fabulazio-kide, entzule zorrotz, laguntzaile, aita. Kantuan aritu ondoren (txapelketan, herriko bertso-agendako saioetan) bere iritzi kualifikatuaren bila joan izan naiz urte luzetan. Zurikeria gutxiko hitz egokiak beti. Zein zailak diren gauza hauek.

LAGA

Hiru puntuko kopla doinu zoragarri hau bat-batean gehiago erabiltzeko kanpaina batean interesa badu inork, hemen du lagun bat. Kontu barri bat suzediduko da bertso-munduan.