Aitzol Barandiaran
Aitzol Barandiaran

2023-06-08

Aulki-jokoa

Aulki-jokoa –

Doinua: Saltarina da txepetxa eta

 

 

 

 

Iragan udal-hauteskundeetan

zausk egin zuen bihotzak,

konturatzean ezkerraldera

aldatu zirela bozak.

Ziklo-aldaketaz mintzo zirenak…

Garaipen historikotzat

jo zuten horien analisiak

ez al ziren hankamotzak?

Gutxi iraun zuen pozak.

 

 

 

Gasteiz, Kuartango zein Zigoitia,

Oion nahiz Durangokoa

alderdientzat udal-trukea

noiz izan da oztopoa?

Gehiengoaren erabakia

ez denean gustokoa

demokraziak badu truko bat
(eta gero gerokoa):

has bedi aulki-jokoa!

 

 

 

Astelehenean besaulkigintza

lanari zitzaion ekin,

Ituna deitzen dioten hori

hain da banaketa gordin:

Zuk Gipuzkoa, niretzat Gasteiz…

Iruñea berdin-berdin,

sinestezina da zenbat hari

mugitu behar den arin,

ezer aldatu ez dadin.

 

 

 

Zein dira aulki-jokotik kanpo

utzi dituzten bakarrak?

Toki askotan gailendu diren

Iriarte eta abarrak.

Arauak jartzen dituenetik

jainkoak ta lege zarrak

herri honetan gorri-gorriak

dira alfonbrak ta marrak;

baina ezberdin xamarrak.

 

 

 

Aulki-goseak irudimena

eramaten du noranahi:

gaur jolaskide izan litezke

kanpainan zirenak etsai.

Jeltzale eta sozialistentzat

maldak direnetik zelai

noski direla eskuinaldean

lagunak aurkitzeko gai…

ta eskuinerago ere bai!

 

 

 

Egun gutxira ikusten bada

benetako aurpegia,

gezurra zela agindu eta

esandakoen erdia…

Zergatik ez da aurrez azaltzen

itunen ikuspegia?

Zer da ba zure hautesleari

argi esatea egia?

Demokratikoegia?

 

 

Akordeoiak jotzen uztean

nor izango da aurrena?

Aulkira ipur-masailak josten

hautagairik azkarrena?

Lasai, joko hau luzatuko da

ekain osoan barrena

ta hauteskunde orokorretan

ikusiko da hurrena

zein aulkik duen herrena.

Aulki-jokoa