2023-05-05
Erabakitzeari jarriak
Erabakitzeari jarriak –
Doinua: Uztailaren 19a
Zenbait garaitan sahiestearren
tripa-barrenak lehertzea,
beharrezko dut ―nola azaldu―
zerako zera zertzea.
Biak bat dira, hauteskundeak
ate-joka etortzea
eta zalantzak piztea edo,
behintzat, auzitan jartzea:
ea benetan gustuko dugun
erabakiak hartzea.
Mundura ere nola gatoz ba?
Bultzada ta zaplazteko;
inork baimenik eskatu gabe
sabeletik erauzteko;
ezarritako ordena segiz
jaiki, jan eta janzteko.
Obeditu ta men egitea,
ez duzue ba usteko,
oinarri oso sendoa denik
erabakitzen hasteko?
Patu bakarra daukazunean
(etorkizun ez-ziurra)
hautu guztiak ihesak dira;
ta kontrakoa, gezurra.
Ikasi-lana-etxea-drogak-
-bikotea-sosak-haurra-
aukera orok josita dakar
bere galdera ikurra.
Arraroa da ez izatea
erabakiei beldurra.
Nahiz “agintea herriarentzat!”
esan zuten demokratek,
niri zalantza sortzen didate
hainbeste kasualitatek.
Zer eta zenbat hauta nezakeen
badio sistema batek,
aukeretan bat apartatzera
behartzen banau norbaitek…
sinetsarazi didaten beste
erabaki al dezaket?
Zure desira, beldur, iritzi…
doaz bulego-bulego,
enpresentzako urrezko datu,
algoritmoetan-edo;
zer pentsatuko zenuke, lagun
―zalantza horretan bego,―
zuk hartutako erabakia
ez balitz zurea, ergo,
zuk hartu baino askoz lehenago
erabakita balego?
Asanbladaren bertuteengan
ez dugu nahikoa fede,
modernitate garai hauetan
norbera hain da norbere.
Aukeratzea hain da lan zaharra…
latinetik decidĕre…
Beste norbaitek gure lekuan
egingo balu, mesede;
bihar egunak argituko du
ez erabakita ere.
Tiroen-hotsak isildu ziren
bi mila eta hamarrean,
gaur esku huska jokatzen dugu
hormatzarraren aurrean.
Zalantzan nago ez ote gauden
lasaitasun ederrean
endredatuta eskubideen
aldarrikapen zaharrean,
zer, zeinek, nola eta noiz egin
erabaki beharrean.
Honekin koplak amaitzen ditut
sermoi luzea izaki.
Norentzat ziren ez daukat argi;
zertarako? Batek daki.
Sortarekin zer egin nahi duzun
zure esku dago, baiki:
ipurtzuloa garbitu edo
munduaren aurka jaiki.
Inork ez dizu kargu hartuko,
nahi duzuna erabaki.