2023-05-02
Espazioak
Espazioak –
Herrialdeetako eskolartekoak jokatzen hasi diren honetan, hamabortz urteko ni hartan hasi naiz pentsatzen. Gure belaunaldiko gazte gehienek bezala, nik ere kantatu dut gazte sariketetan. Eskolarteko txapelketan hasi eta ia elkarren segidan etorri ziren gazte sariketetako plazak niretzat. Ez nago hagitz ziur zein helbururekin erabaki nuen eskolartekoan lehen aldiz izena ematea, baina badakit, hura izan zela nire burua bertsotan jendaurrean probatu nuen lehenbiziko aldia (ez zen hain ongi atera).
Bortz bat urte pasatu izanen dira ordutik, ez da hain denbora tarte luzea agian. Hemezortziak bete arte antzeko formula izan zen urterokoa: astean behin gustura joaten nintzen ohiko hitzordura bertso-eskolan, eta apirila-maiatza aldera, hain gustura hartzen ez nuen eskolartekoaren saio hura. Errateko zerbait izanen ote nuen ziur jakin gabe, salto oholtzara, eta hala moduan saiatu ariketa guztiak isilik geratu gabe pasa zitezen. Eta saioan kantatu eta aste edo hilabete batzuetara, zorterik baldin bazenuen, deiren bat gazte sariketa baterako. Zuri deitu izanaren ilusioz baietz erantzun arren, eguna heltzean zeure buruari “eta nik zergatik erran dut baietz?” galdegitera eramaten zintuen dei hura.
Luze egonen nintzateke gazte sariketei buruz solasean. Baina laburki erranda, ez nuke erranen oraindik eten ez den gazte sariketen sokak ito egin nauenik. Estutu bai, zenbaitetan. Nahiko nizuke erran nire burua prestatzeko eta bertsotan hobetzeko aitzakia gisa hartu izan dudala sariketetan kantatzeko deia, baina gezurretan ariko nintzateke. Eguna iritsi arte ez nuen ezer berezirik egiten, astean behin (edo bi astean behin) bertsotarako gelditu, eta listo. Eguna iristen zen, eta behin eta berriz galdetzen nuen neure baitan ea zergatik ez nuen gehiago entrenatu, ea zergatik ez nuen aukeratzat hartu plaza hura.
Kontuak kontu, pandemia osteko buelta honetan iritsi zait sariketak ez diren plaza zenbait ere probatzeko aukera. Eta hala ohartu naiz bertsotan espazioak duen garrantziaz, ordura arte beti antzekoa iruditzen zitzaidan espazio horrek. Jabetu naiz saioa bera nola aldatzen den herriko bestetako saiotik soziedade edo elkarte bateko bertso-otordura. Elkartetik gaztetxeko saiora, eta gaztetxeko saiotik aretoko jaialdira.
Nahiz eta pare bat aldiz saioko antolatzaileari hargatik izan dela eskapatu izan zaion, ez nuke pentsatu nahi saio mota ezberdinak probatzeko aukera izan dudanik nire “bertsolari-profilari” esker (lurraldetasuna, adina, generoa…). Baina egia da era askotako espazioetan aritzeko zortea izan dudala; eta uste dut horrek harrapatu nauela ni, askotariko espazioek osatzen duten zirkuitu horrek, eta beharbada, nire buruari jada ez diodala (hainbertzetan) galdetzen ea zergatik erraten diedan baietz saioei. Edo behintzat, badakidala zergatik den.