2023-04-18
Bertso urdinak
Bertso urdinak –
Kantatu izan dugu bertso zuririk inoiz, zertan ukatu. Nahi baino gehiagotan geratu zaigu burua zurian, bertsoaren oinarri guztia finkatu duen azken puntua gogoratu ezinik. Umore beltza esploratu dugu bertsotan ere; eta inoiz, gorriak ikusitakoak gara oholtzan. Hala ere, hil honetan jakin dut bertso urdinak zer diren: Marea Urdina elkarteari esker.
Azpeitian antolatutako sentsibilizazio kanpainaren baitan bertso saio bat antolatu dute Marea Urdina elkarteko kideek aurten, eta bertan kantatzeko aukera eskaini ziguten. Autismoaren inguruko sentsibilizazioa lantzeko elkarte bezala ezagutu genuen gehienok, nahiz azken urteotan inklusioaren sarea esparru zabalagora zabaldu duten.
Lehen telefono deitik sumatzen zitzaion mimoa egitasmoari eta erronka suposatuko zuela jakin arren baiezkoan kokatu ginen bost kide. Guk hartuko genuen mikrofonoa ahoan, baina saio aurreko afarian beste bat zen partekatzen genuen sentipena: ikasteko aukera bat zen saio hura, entzutekoa. Eurek esaten duten moduan, begirada urdin genezan aukera bat eskaintzen ziguten, euren eguneroko gaiak gizarteratzeko bide zen saioa eta gu, gu horretarako tresna bat gehiago ginen oholtzan. Ez protagonista nagusi, inondik ere.
Ezezagun zaizkigun errealitateez jardutea askotan tokatzen zaigu, bertsolarioi. Denetik jakin beharraren zama egozten zaigu, edo denetik jakitearen ospe zalantzagarria. Ekitaldipeko saio asko egiten dira eta baita tematikoak ere, bai literarioak, bai zientifikoak, bai bertso derbiak eta baita kausa jakinen inguruan elkarteek antolatutakoak ere. Horrelakoetan, norbere luzimendutik baino gehiago izaten du irekiduratik eta enpatiatik saioak, batez ere lan sozialean diharduten elkarteetara goazenean. Adituei eta arituei ezingo diegu guk euren egunerokoa azaldu, nahi izanda ere.
Orain arte elkarte mota batzuekin modu naturalean egin izan ditugu elkartasun saioak, baina azken boladan esparru hori ere zabalduz doa eta bertsolari bezala (eta noski, pertsona bezala) irakaspen handia ari dira izaten bai Inurri elkartearekin egiten ditugun ‘Tabuen kutxatik oholtzara’ saio bereziak eta bai kasu honetan Marea Urdina elkarteak prestatutakoa.
Ez ditugu gure bertsorik onenak uzten hor, seguruenik. Zaila zait, ordea, gure bertsoentzat funtzio interesgarriagorik pentsatzea, gordean edo itzalean geratzen zaizkigun errealitate horiei begira jarri eta gure ahotsa eta besterik ezean zalantzak eskaintzea baino. Azpeitian marea urdin bat pasa zitzaidan (eta akaso zitzaigun) gainetik parte hartzaile zein entzuleoi. Bertso urdinak eskaini genizkion guk. Eta hark, niri, bertsolari bezala, hondarra utzi zidan hortzetan; eta parte naizen gizarteko kide bezala maskorrak utzi zizkidan soinean, galdera ikur eta harridura ikur forman.