Segidilla - Martin eta Xabier Etxeberria
Segidilla –
Ibonek ezin ditu bertsolariak jasan. Ikastolan zebilenean euskara irakaslea saiatu zen bertsolaritza zein dibertigarria den azaltzen, baina ez du inoiz ikusi non daukan grazia errimekin eta silaba kopuruarekin borrokan aritu beharrak. Are gutxiago euskararentzat edo euskal kulturarentzat zein garrantzi izan lezakeen horrek. Ez da ezer landua, ez dago ganoraz pentsatua. Momentuan inprobisatzen dute eta! Kantatzerakoan ondo intonatzen ere ez dakite gehienek, mesedez.
Han daude hala ere, Guggeheim bezalako kulturaren tenplu garrantzitsu batean, erakusketa berri baten inaugurazioan parte hartzen, aurresku dantzariaren ondoren eta gastro-luncharen aurretik. Sorbaldak altxatu ditu ia oharkabean. Pasako den moda bat dela bertsolaritzarena egin du berekiko Ibonek, jaken sorbaldako altuak, beganismoa edo piña zaporeko trinaranjusa bezala.
Kantari hasi direnean, sarrerako atea ireki eta plazara zigarrotxo bat erretzera irteteko aprobetxatu du aukera. Tabakoaren aurkako lege madarikatua, lanean erretzea eragotzi eta bizitza ezinezkoa egiten diona. Ibonek zigarroa piztu eta grinaz eman dio lehen kalada, kea xurgatuz, minutu bat ur azpian egon ondoren oxigenoa arnasten duenaren moduan. Begiak itxi ditu. Lepondoa laztandu du. Milioiduna denean, erabaki du, Churchillek baino puru gehiago erreko ditu eta inor ez da ausartuko itzaltzeko eskatzera.
Zigarroari beste kalada bat eman dio. Honakoan, hegan egiten utzi dio keari, haizearekin igotzen. Bada denbora hortaz pentsatzen ari dela. Ez itsuentzako kupoiak ez eta loteriak. Ez du bere etorkizuna bezain gauza garrantzitsua zortearen eskuetan utziko. Ez soilik behintzat. Zorte kolpeak ondo prestatuta harrapatu behar baitzaitu, bestela ez dago zereginik. Horretan, konturatu da ustekabean Ibon, bertsolariek arrazoia dute: bukaera pentsatuta hasi behar da inprobisatzen.
Gauzak aurrez ondo prestatu eta unea iristean aukera egokiarekin asmatu, hori da egin behar dena. Esaten errazagoa egiten baino, noski, baina azken batean, gogoratu dio bere buruari, Guggenheim museoan lapurtzea hain erraza balitz, edonork egingo luke egunero.
Berak, museoko segurtasun langile gisa, abantaila dauka. Sarbidea du informaziora. Ez guztira, noski, baina bai ezinbesteko datu askotara: guardia-txandak, bigarren mailako gakoak, larrialdi-prozedurak… Eta beste kontu bat ere badago, itxuraz azalekoa, baina bere helburua lortzeko aurrekoak bezain garrantzitsua dena: ondo ezagutzen du bertan lan egiten duen jendea. Zein lankidek hartzen duen lo goizeko ordubietatik aurrera, nork dituen inkontinentzia arazoak eta guardia erdia komunean pasatzen duen, mantentze-lanetako zein arduradunek uzten duen ordenagailua piztuta eta pasahitzarekin…
Dagoeneko, eraikinaren plano zehatza inprimatu ahal izan du, solairu bakoitzaren zehaztapen tekniko guztiekin. Gau osoak ematen ditu aireztapen bideen, segurtasun kameren eta lurpeko biltegien xehetasun guztiak aztertzen. Kalkuluak egiten. Distantziak neurtzen. Planeatzen.
Edozein modutan, koadro txiki batekin nahikoa lukeela esaten dio bere buruari. Itsusi bat, modernoa, inork faltan botako ez duena, eta ikerketa gehiegirik ere eragingo ez duena. Baina, merkatu beltzean behin saltzen duenean, mendi aldean etxalde eder bat erosteko aski emango diona. Palentzian esate baterako, zergatik ez, bere gurasoen herritik gertu. Bizitzeko gutxiago behar da han. Bertako enpresa batean inbertitu lezake agian edo, onenean, baita mahasti on bat sortu ere. Bai. Milioiduna denean, errepikatu dio bere buruari, egunero erreserbako ardoa edango du eta Churchillek baino puru gehiago erreko ditu.
Ahots distortsionatu batek, ordea, Iboni zigarroa amaitzea eragotzi dio. Are gehiago Sir Winstoni konpetentzia egiten hastea. Saileko burua, walkietik deika. –Bai, esadazu. Isilik entzun du une batez. –Ados, berehala joango naiz.
Transmisorea itzali eta poliki-poliki plazaren beste aldera zuzendu da Ibon. Oinezkoei huskeriak saltzen dizkien marokoar gaztearengana. Kokotsa hazkatu du Ibonek. Ondo zakilmokoak dira nagusiak. Ezin dute eraman koitadu hauek euren itzalpean lau sos ateratzea ere. Emigrante horiek museoaren inguruko irudia kaltetzen dutela iritzi diote. Hasperen egin du, baina gerrikoan daraman porra oratu du. Milioiduna denean, erabaki du, izango da justuagoa pobreekin.
Halidek ez du ikusi Ibon hurbiltzen. Horren ordez, bere gatibua jakin-minez aztertu du. Txikia da. Gaztea, oraindik. Azalaren leuntasun hori, bere gerri mehea. Ederra da. Besoak gora eta behera amorruz mugitzen ditu ihes egiten ahaleginduz. Alferrik. Halidek ondo oratua du. Ez estuegi, ez eta bigunegi ere. Atzetik, sabelaldearen azpitik, aitonak aspaldi irakatsi zion gisan. Ziztadarik jaso nahi ez bada erle bat oratu behar den moduan.
Bazen denbora Halidek ez zuela erlerik ikusi. Eta are gehiago ez zela aitonaz oroitzen, haren ahots erlastuaz, eta ibai-harrien gisako haren aholku biribilez. Inoiz hartaz pentsatzen jarriz gero, oroitzapen horiek bere herrixka eta Zaouia Ahansal haran osoa inguratzen duten Atlas mendilerroaren tontor elurtuak igaro ezinik geratu zirela pentsatuko luke. Edo Tangerrera oinez eginiko bide luzean galdu zirela bazterren batean. Ez zutela Melillara sartzeko hesiaren gainetik salto egiten asmatu. Eta, edozein modutan, Afrika Europatik bereizten duen itsasarte izoztuan ito zirela behin betiko.
Horregatik, ia sinetsi ezinik begiratzen dio Halidek fularrez beteta duen mahaitxo tolesgarrian pausatu eta orain hatz artean duen erleari. “Oker zaude”, esaten dio ezpainik mugitu gabe. “Hauek ez dira loreak, turistentzako koloretako bufandak baizik”. “Nahastu egin zara”, errepikatzen dio, “begiratu ondo, ez zaude Tarbouk mendiaren magalean. Hau Bilbo da. Erreparatu iezaiozu ibaiaren distirari, astiro-astiro itsasora irristatuz. Jendearen aurpegi grisari. Plazaren beste aldetik zelatatzen gaituen metalezko museoari. Konturatzen? Bilbo da hau. Nahastu egin zara”.
Hasperen egin du. Libre duen eskua burura eraman du, ilea lisatzen saiatuz. Oroitzapenak, aldiz, irauli egin zaizkio ustekabean. Artelatz eta adobe usainak ekarriz gogora, bizitza idealizatu baten oihartzunak, beste norbaitenak balira bezain ederrak eta arrotzak. Begiak itxi ditu. Almendra biltzeko garaia izango dela honezkero pentsatu du. Olibak eramanak izango dituztela dolarera. Eta azken pentsamendu hori da arreta erabat galarazi eta hatzak bereiztera eraman duena.
Begiak kliskatu ditu Halidek, Bilbora itzuliz, eta alferrik saiatu da erlearen hegaldia jarraitzen. Baina, erdi-irribarre baten antzerako keinu bitxi batekin, etxera bidea hartuko zuela pentsatu du, hegoalderantz, Zaouia Ahansal haraneko mendi magaletara.
Lorez osatutako txakurkume erraldoirantz abiatu da erlea ordea, Josebaren buru gainetik hegan eginez. Hartaz ohartu gabe lurpeko aparkalekura abiatu da Joseba, hainbeste jira eta bira ematearen ondorioz aparkaleku-txartela erditik tolestua duela. Errua Internetena da, egin du berekiko, dioena sinesten saiatuz. Sare hori, armiarma sare maltzur hori, non bere moduko koitaduak eulien pare amiltzen diren. Irristada txikiena egin eta bertara erortzeko amarruz josia dago.
Nagusiari horixe bera azaltzen saiatu da hain zuzen ere. Akats bat izan dela, nahasketa bat. Benetan. Segurtasun sarrailen eta ateen sektorean dugun lehiakideari buruz (TERA) informazioa bilatzen nuen. Baina mekanografia huts bategatik (kasualitate madarikatua, patu puta) T sakatu nuen R ordez (jainkoa, zergatik jartzen dituzte elkarren ondoan hizki horiek teklatuan?) eta hor hasi zen dena. Sarrailen salmentarako atari industrial bat (www.tera.com) aurkitzeko ustetan eman nion enter-i, eta horren ordez, mezu likitsez eta paparra agerian zuten emakumeen irudiz josia zegoen orri batekin egin nuen topo (www.teta.com). Zin egiten dut, nagusi jauna. Nahasketa izan zen.
Josebak bere nagusiari ez dio kontatu noski, eta ez da azaltzen saiatu ere egin, zenbat denbora igaro den hitztripu hark pornografia orriraino eraman zuenetik. Ezta zenbat aldiz bisitatu duen harrezkeroztik (patxadaz, sakon). Kafe makinaren eta komunera bisitaren ostetik, goizeroko errutina bihurtzeraino: norbait ote datorren ziurtatzeko zeharkako begirada (bizkarra estaltzen dion herdoildutako armairu bedeinkatua), Internetera sartzeko klik bat eta bost/hamar minutu inguru begiak gozatzeko. Ezer txarrik ez duen ohitura eta lasaitu egiten duena.
Hainbeste, non gaur ez den ohartu bere nagusia poliki-poliki hurbildu eta bere mahaiaren ondoan jarri zaion arte, txosten bat eskuetan eta begiak zabal-zabalik bere pantailaren irudietan.
“Jainko maitea, Jainko maitea. Bihar honi buruz hitz egingo dugu”, esan dio nagusiak zorrotz. Josebak listua irentsi du haren begirada gogorraz eta mahai gainera txostena botatzean atera duen zarataz gogoratzean. Ziur dago kaleratu egingo dutela.
Ia oharkabean iritsi da aparkalekuaren oinezkoentzako sarrerara. Barandari oratu eta eskaileretan behera abiatu da, infernuetara jaisten ari denaren aurpegiarekin.
Lehenengo solairuan, urez betetako ontzi bat nekez garraiatzen ari den garbitzaile batekin gurutzatu da. Eskaileren angeluak eta uniformearen lepo zabalak kolkoaren ikuspegi bikaina eskaintzen diote, baina Josebak kopeta zimurtu du eta zoru fregatu berrira begiratzen saiatu da. Poliki-poliki ibiliz, irristatzeko beldur balitz bezala.
Begok eskailerak igo ditu, harrituta. Bere ondotik pasatzean titietara begiratu dio bankuko kontable itxura zuen gizonak. Aspaldi luzean ez zaio horrelakorik gertatu. Bere senarrak, kamioi-gidari autonomo gisa lan egiten du Arrasatetik Frankfurtera makina-erreminten osagaiak garraiatuz. Beti presaka, beti larri. Etxean denetan, ohean nahiago izaten du gehienetan burkoa estutu emaztearen gerria baino. Edonola ere, hausnartu du Begok, bat edo bestea egin beti modu berean bukatzen du: bost minuturako ahituta eta zurrungan.
Eta hori Bego oraindik planta onekoa dagoela. Berrogeita hamar urte besterik ez ditu eta lan egitearen ondorioz sasoian mantentzen da. Eskaileretan gora eta behera egunero ibiltzeak, zalantzarik gabe, aerobikeko hamar saiok baino hobeto gogortzen dizute ipurdia.
Horixe erantzuten dio Anderri, bere seme bakarrari, haren lagun guztiak joaten diren gimnasioan izena emateko dirua eskatzen dionean nerabezaroko lotsagabekeriaz. Begok keinua gogortu du Guggenheim plazako diseinuzko estolda-zuloan kuboa hustutzen duen bitartean. Zenbat ziurtasun gabezia eta gehiegizko ergelkeria eragiten duen tontoleszentziak. Eta zenbateko egia den gutxiena duenak eskatzen duela gutxien. Berak, adibidez. Aita ezagutu ez (tuberkulosiak jota hil zen, oso gazte), baina ama lau seme-alabak aurrera ateratzeko lana beltz egiten ikusi zuen. Eta konturatzerako, familiako ekonomian bere alea jartzeko hainbeste gustatzen zitzaizkion ikasketak utzi eta hamalau urte mukizurekin textilean lanean hasi behar izan zuen berak ere.
Ez da gelditu harrezkeroztik. Ez senarraren kamioiaren irabaziek, ez eta bere garbitzaile soldatak ere ez baitute luxu askotarako ematen. Bizimodua oso garesti dago.
Horregatik ematen dio min Anderrenak. Ez hainbeste bere bizio ergelek (tabakoa, motoa, astebururo diskoteketara joan beharra), ezta auzo pobreko pijoaren zaletasun horiek ere (punta-puntako mugikorra, markako arropa, gimnasioa). Ez. Bere mespretxuak mintzen du gehien.
Begok kopetako izerdia alkandoraren mahukarekin lehortu du. Ohartua zegoen kalean ikaskideekin batera topatzen zuenean egiten zituen keinuez. Nola egiten zioten barre (erdi ezkutuka, erdi nabarmen). Bazekien hori, hortaz gehiegi ez pentsatu arren. Baina min sobredosia eragin diona, atsekabemetroa leherrarazi duena egunerokoarena izan da. Paper on eta azal gogorreko eguneroko hori, ederki ordainduta Gabonetan oparitu ziona.
Ez da bere asmoa izan zokomiran aritzea. Baina ohe gainean utzi duenez, zabal-zabalik, aurkitzea nahi balu bezala… Ez da tentazioari eusteko gai izan, eta lanera etorri aurretik irakurri egin du. Hain zuzen ere, beregatik hainbeste lan egiten duen eta hainbeste sufritzen duen seme maiteak berataz pentsatzen duena irakurri du: nazka ematen dio. Ezin du eraman bere lixiba usaina, ez bere esku ajatuak ez eta bere baserritar tankera ere. Gero eta gutxiago jasaten du olio litroa superrean nola igo den kontatzen entzutea, eta, are gutxiago, hitzak asmatzeko omen duen ohitura ergela. Gorroto du bere lagunek elkarrekin ikustea. Amak lotsarazi egiten du.
Irakurri ostean, Bego geldi-geldi geratu da, zutik, egunerokoa eskuetan. Zein aldetara erori ez dakien ebakitako zuhaitza bezala. Malko bat isuri du. Malko batzuk. Eta gero, mahai gainean boligrafoa bilatu eta egunerokoaren orrien gainean PUTAKUMEA idatzi du hizki larriz. Beti gogorra dena, baina batez ere zure semeari esaten badiozu.
Orain, ordea, hobeto sentitzen da. Pauso sendoagoz dabil. Arinago, eskuan kubo hutsarekin. Plaza karratua zeharkatu eta museora zuzendu da, bertan hiru orduko lana geratzen zaio. Kuboa garbiketa-orgatxoaren behealdean utzi du, denetik sartzen da han. Atearen isladan bere irudiari erreparatu dio gero. Oso zurbil dagoela erabaki du. Ondo etorriko litzaizkiokeela opor batzuk hondartzan (Benidormen edota, zergatik ez, Kanarietan) senarrarekin, mutikoaren unibertsitaterako gordeta zuten dirua erabiliz.
Bego garbiketa orgatxoarekin Guggenheimera sartu den une berean, Josebak autoa aparkalekutik atera du. Makinara iritsi eta leihoa jaitsi du. Txartel zimurtua nekez sartu du zirrikitutik. Hesia nola igotzen den begira geratu da. Buruari alde batera eta bestera eragin dio. Gaixo dago. Azeleragailua zapaldu eta aurrera egin du, leihoa igotzeaz gogoratu gabe.
Akats larria. Leiho horretxetatik sartu baita erlea. Joseba oihuka hasi da. Gorroto ditu. Haurra zenez geroztik ikara gorria sortzen diote erleek. Eskuarekin uxatzen saiatu da, bolanteaz ahaztuta. Baina efektua kontrakoa izan da. Bere burua defendatzeko erleak eraso egin eta eskuineko besoan eztena sartu dio Josebari. Garesti saldu du erremateko mazoa.
Josebaren min-oihua izu-garraisi bilakatu da burua altxatu duenean. Autoa, plaza kontrolik gabe zeharkatuz, zuzen-zuzenean turistentzako salmenta postu txiki baten aurka doa. Saltzailea eta polizia bat eztabaidan ari dira eta ez dute etortzen sumatu ere egin. Indar guztiz zapaldu du balazta Josebak, baina beranduegi da. Mahaia azpiratu eta farola baten aurka jo du bete-betean.
Talkaren danbatekoa, izu oihuak, jendearen zalapartak entzun ditu Halidek. Baina dena ahopean bezala, mutututa. Urrutitik baletor bezala hautematen du zarata hura guztia. Bat-batean, lurrean etzanda dagoelako izango da. Ikusmena lainotzen ari zaio, soinuak oihartzun bihurtzen. Hala ere, museoko segurata desatsegina entzutea iruditu zaio, oihu egiten, bere gainean makurturik.
Laguntza eskatu du Ibonek, bidali anbulantzia bat, berehala. Eskua kopetara eraman du. Non ostiatik atera da kotxe puta hori? Lepoa okertu du une batez barrura begiratzeko. Gidariaren aurpegiari erreparatuta drogatuta dagoela ematen du, edo agian berezkoa izango du ergel itxura hori, auskalo, airbagari esker bizirik dago edozein moduz. Lurrean etzanda geratu den gazte marokoarrak ez dauka hain itxura onik. Odol putzua handitzen ari da bere inguruan. Kauenlaputa. Bizitza ez da justua.
Anbulantziaren arrastorik ez oraindik. Guggenheimeko atera begiratu du Ibonek, jende taldetxoa dator handik jakin-min morbosoak erakarrita. Bisitariak, bertsolariak, baita bere auzokoa den Bego garbitzailea ere. Bitan pentsatu gabe korrika harantz abiatu da Ibon.
Bego ez da Ibonen aurpegi zurbilaz ohartu ere egin. Lurrean etzanda dagoen muitl gaztea ikusi duenean bihotzak jauzi egin dio. Ezin du begirada handik aldendu. Ibon bere ondotik korrika igaro da, laguntza eske doa barrura ziur aski nahiz eta istripu horrek kaos une bat eragin duen museoan bertan ere. Begok plazan aurrera oinez jarraitu du bitartean, begiak odol putzuan iltzatuta.
Bertaratu den arte, ez du arnasa hartu. Orduan konturatu baita lurrean etzanda dagoen mutikoa ez dela bere Ander, beste koitadu baten semea baizik. Ene. Mutil gaixoak ez du Anderren antzik egia esan, pentsatu du Begok bat-batean harrituta, zergatik bururatu zait ideia txoro hori?
Belaunikatu eta eskua hartu dio dena dela. Jainkoa, ze gaztea den. Eskua heldu dionean begiak beregana zuzendu ditu, ikaratuta bezala apur bat. Lasai, dena ondo irtengo da, esan nahi izan dio Begok baina ez zaio hitzik atera, negarrez ari da jada. Horrela iraun dute une luze batez, bat negarrez bestea inora begira. Ez du presaka datorren anbulantziaren sirena entzun ere egin.
Sirena aditu duenean, seinale bat dela ulertu du Ibonek. Ez du galtzeko astirik. Ezohiko kaos unea antzeman du Guggenheimeko sarreran. Erakusketaren inauguraziorako azaldu diren agintari eta politikariak atean daude plazara begira. Bertara joan ala ez zalantzan bezala. Haien aurpegiak interesen aritmetikarekin zimurtzen ikusi ditu: komeni da jendeak gu istripu horren ondoan ikustea ala ez.
Bertsolari batengana hurbildu da Ibon. Hobe duzue hemen geldirik geratu, esan dio Ibonek, emigrante bat da zauritu dena, ez du axola. Bertsolariak kopeta zimurtu du eta, Aita Santua baino serioago plazara abiatu da pauso bizkorrez. Haren atzetik joan dira agintari eta politikari guztiak ere, segurtasuneko langile guztiekin lagunduta.
Ibonek irribarre egin du baina, lotan geratu gabe, galeriara zuzendu da. Aretoaren angelu itsu batean zintzilikatu duten margolan txiki bat hartu eta zakarrentzako plastikozko zorro batean sartu du di-da batean. Ingurura begiratu du: ez dago inor. Batzuetan, pentsatu du Ibonek, ez dago burua estutu beharrik, gauzek berez errimatzen dute.
Sorbalda errime estutzen dion esku bat sentitu duenean, nekez jiratu du lepoa Begok. Ez daki zenbat denbora daraman han lurrean makurtuta, pixkanaka ahitzen ari den mutiko gazte haren alboan. Museo barruan zeuden gonbidatu eta pertsonaia ezagun ugari gehienak bere inguruan geratu dira. Bertsolarietako bat bere ondoan egon da une batez, benetan hunkitua zirudien.
Hura izango zela eskua sorbaldan pausatu diona uste izan du Begok, baina ez, Ibon da, larritu aurpegiarekin. Hau hemen uzten dizut esan dio, garbiketa orgatxoaren behealdean fardel bat ezkutatuz. Lurretik altxatzen lagundu dio. Anbulantzia iritsi da Bego, esan dio, uztazu, joan egin behar dugu hemendik.
Halidek harrituta begiratu dio eskua askatu dion emakumeari. Ez du ezagutzen, baina ez du joatea nahi. Geratu hemen, oihukatu nahiko luke, ez utzi bakarrik. Nahiz eta ez duen ondo ikusten jada, dena lausotua datorkio, eguna ehun izara ikusezinek estali balute bezala.
Bat-batean min zorrotza sentitu du saihetsean, arnasa eragotzi diona. Segundo gutxian airez husten ari dela iruditu zaio. Edo alderantziz, zuzendu dio bere buruari. Orain globo bat bezalakoa dela dirudi. Airean hegan dabilena. Irribarre egin du. Izan ere, azken pentsamenduarekin, erle bihurtu dela imajinatu du, eta etxera abiatu dela, beti hegoalderantz, Marokoko Atlaseko Zaouia-Ahansal haraneko almendraz beteriko mendi hegaletara.