Goizueta - Unai Elorriaga

Goizueta –

Nora hoa? Zertara hoa? Zer duk bide hau? Galdera sorta hori sortu da bere buruan, buru barruan agertu zaizkio esaldiak. Modu zakarrean egin dizkio baten batek, ezagutzen ez duen gizon batek, ahots erlatsa daukana. Ez du ulertzen tratamendu hori gainera, hika: inork ez du hika erabiltzen berarekin, ez dago ohiturarik bere inguruan. Ez daki erantzun behar dion… Bakarrik doa autoan eta Zergatik ez, erantzun dio azkenean behar baino ozenago. Esan nahi dio zergatik ez den joango, zergatik ez duen bide hori egingo, hori eta nahi dituen bide guztiak. Ez daki bere buru barruan galderak egin dizkion horrek erantzuna ulertu ote duen, baina berdin dio, bakarrik doa autoan, gogoa zuen bide hau egiteko eta egiten ari da.

Egun asko kendu dizkio gaixotasunak, etxetik irten gabe, baina azken hiru pilulak hartu behar ditu gaur, kalera irteteko unea heldu zaio. Autoa hartu du, horregatik doa. Hori guztia pentsatu du bere buru barruko galdera zakar eta arraroak egiten dizkionari erantzun barik, bigarren planoan pentsatzen ariko balitz bezala, bere buruarekin hitz egiten ariko balitz bezala, galderak egin dizkionari kasurik egin gabe.

Horregatik ez duk egin behar, ez duk gidatu behar, gaixorik hago. Gaixorik hago? Berriro ere esaldiak buru barruan. Nor zara? Galdetu du normalean ez daukan inozentziaz, bolanteari estuago helduz. Tximista luze batek argitu du orduan lehenengoz inguru guztia, zuhaitzak, mendiak, lokatzak, euria bera. Orain arte fokuek baino ez diote erakutsi basoaren zatiren bat; tximistak filmatu egin du orain baso osoa, auto aurreko euria.

Zer duk eguraldi hau? Normala duk eguraldi honekin autoa hartzea? Horren urrun joateko? Zergatik Goizueta? Erabaki du ez diola erantzungo. Autoa hartu nahi zuen eta hartu egin du. Saio horretan egon nahi zuen, aspaldiko partez, hainbeste denbora etxetik irten gabe izan eta gero. Euzkitze, Sarasua, Amets Arzallus, Oihana Iguaran… Noiztik lehenengo biak entzun gabe: itzulera ederra, nahasketa ederra, estiloak, ahotsak, kantaerak… Horretarako hartu du autoa etxean hainbeste egun eman eta gero, horren zain egon da. Ohean sartuta irudikatzen zuen saioa, sei bertsolari guztira, baina ez dio hori erantzungo, ez du nahi. Hala ere, ez daki galdetu dionak pentsatzen ari dena entzun ahal duen, zer entzuten ari den, zer dakien.

 

Goizueta
Paula Heras

 

Euriaren bortitzak behe-lainoa zartatzen du, aurreko kristalean, begi aurrean, biolentziaz lehertzen dira tantak, unean-unean gutxiago ikusten du, abiadurari erreparatu behar dio, martxa moteldu du, aldats behera doan honetan. Zergatik egun hau? Ez zagok besterik? Egongo dituk beste saio batzuk, beste Goizueta batzuk… Galderei ez erantzuteko, galderak burutik kentzeko, gogora beste gauza batzuk ekartzea deliberatu du bolante aurrean. Esate baterako, Nikolai Gogol gogoratu du, edo haren arima hilak, edo jainko hilak, eta horrekin batera Nietzsche, edo Zaratustra, Walkiriak, helikopteroak, surfa. Guztiarekin ere, hori guztia gogora ekartzeko ahalegin handia egin duen arren, “beste Goizueta batzuk” esaldiaren oihartzuna entzuten ari da eta Nikolai Gogolekin batera Goizuetako kirolariak datozkio burura, hango hizkera, hango parajeak. Ez daki galderak egiten dizkionak bigarren pentsamendu horiek entzuten dituen, ulertzen dituen, zer dakien benetan.

Leku lauago batera heltzen ari da, baina basoak lehen bezain sarria izaten jarraitzen du, euria, trumoiak berdin, behe-lainoa. Beste tximista batek errepidearen zati handi samarra argitu du eta urrun, zutunik eta geldi, pertsona bat ikusi uste izan du. Nola izango duk pertsona bat? Pertsonak ikusi nahi dituk? Badaezpada adi jarri da bolanteari eutsita, ondo daki non agerrarazi dion argitasunak espektroa, berrehun bat metro aurrerago.

Pertsona ikusi uste izan duen lekutik hogei metrora heldu denean, ez du hainbesteko sorpresa hartu neska bat dela ikusi duenean, emakumea, soineko zuri-beltza daramana, marraduna, euripean, goitik behera bustita. Espanturik egin gabe, natural, autorantz hurbiltzen hasi da neska. Lau bat metrora hurreratu denean, aurpegia ondo ikusi dionean, ohartu da ezagutzen duela, nola ez du ezagutuko, Pello Urionaren lehengusina. Ez du izena gogoratzen, esango luke ikusi zuen azken egunean soineko bera zeramala, zuri-beltza, marraduna. Ez du ulertzen zer egiten duen hemen, eguraldi honekin, udako arroparekin, hotzak umilduta egon beharko luke, Goizuetarako bidean, etxetik horren urrun.

Gustatzen zaik, ala? Beste galdera bat bere buruan. Zerbait daki galderak egiten dizkion horrek, baina oker dabil: bikotea dauka aspaldi, urteak, Pello Urionaren lehengusina baino ederragoa, askozaz ere atseginagoa; autora bidean datorren neska hori gustatzen zaio bai, baina beste modu batean. Egiten dituen mugimenduak gustatzen zaizkio, ibilera, hitz egiteko manera, ironia, barre erdia, kuadrillako lagunak gustatzen zaizkion moduan, bere anaia nagusia gustatzen zaion moduan, amama bezala, izeko Pilar.

Atea brau ireki eta auto barrura sartu da Pello Urionaren lehengusina. Galderak egin nahi dizkio, zergatik errepide erdian, nola, hain urrun, baina neskak ez dio utzi, segituan hasi da hitz egiten. Nora hoa? Zertara? Zer dok bide hau? Harrituta begiratu dio, iruditzen zaio ez daukala halako galderak egiteko eskubiderik, errepide galdu batean, inoren autora baimenik gabe sartuta, goitik behera bustita udako arropaz. Hi ez haz makalik egon? Kotxea hartu behar dok makalik? Makalik egon haz, eztok?

Orain galderek eurek harritu dute, neskak dakienak. Zergatik daki gaixorik egon dela? Eta hizkera hori? Orain arte gutxi hitz egiten izan du Pello Urionaren lehengusinarekin, baina badaki euskara traketsa darabilela, tatarrez heltzen dela esaldi guztien amaierara, kostata, Pello bera bezala, eta hara hor gaur hitano zuzen hori, egokia, non eta Goizuetara bidean. Ikusi dok denporalea? Ezin dok gaur kotxea hartu… Goizueta? Zergaitik Goizueta?

Inoizko astiroen darama autoa, tarteka begiratzen dio neskari, eta erantzun ez erantzun egon da une batez, etxetik irten beharrarena, saioarena… Konturatu orduko ahots goran ari da, neskari azalpenak ematen, Sarasua, Euzkitze, Amets Arzallus, Lazkao Txiki, saio berezi hori, nola aurreikusi duen ohean, nolako gogoa zeukan Goizuetarako, Lazkao Txiki, Oihana Iguaran, Uxue Alberdi… Baie ez haz konturetu? Eztok ikusten inposible dala, saio hori?

Fokuek zerbaiten soslaia marraztu diote orduan errepidean, metro batzuk aurrerago. Astoak ematen dute, mandoak beharbada, nekez bereizten ditu, ez du uste zaldiak direnik. Bi direla esango luke, uztartuta datozela, zerbaiti tiraka. Errepidea gurutzatu nahi dute, baina oraindik aurreko hankak baino ez dituzte asfaltoan. Autoa segituan gelditu du, guztiz. Abereek aurrera egin arau, atzean gurdia dakartela ikusi dute auto barrukoek, gurdiaren gainean kutxa luzanga bat. Abereak eta gurdia bakarrik doazela pentsatzen hasi direnean, ohartu dira atzean segizioa daukatela, zazpi-zortzi lagun, beltzez, burua bera ere estalita. Ematen du euriak ez dituela bustitzen, auto barrutik esango lukete ohetik irten berri daudela.

Hamen bajeko nok. Hamen egin behar joat, horrekaz pertsonakaz. Sartu bezain kolpera zabaldu du atea Pello Urionaren lehengusinak. Auto barrutik ikusi du nola galdu den neska segizioarekin batera errepidearen beste aldeko zuhaitz artean, ingurukoen arropen aldean hain desberdin, soineko zuri-beltza, marraduna, udakoa, ilea estali gabe.

Burua arinduago dauka orain, bakarrik doa berriro, ez da hainbeste denbora ere faltako Goizuetarako. Errepide ertzeko zuhaitzak saretzen hasi dira, lantzean behin etxe bakanen bat ikusi ahal izan du han-hemen, bidetik urrun samar oraindik. Euri tantak ere urritzen hasi dira, iruditzen zaio aurreko kristalak ez duela hainbeste sufritzen. Ematen du mendiak atzean utzi dituela, pendizean ez dago orain gorabehera handirik. Pertsonak bizitzeko leku atseginagoa da hau, laster hasiko da etxe multzoak ikusten, herri txikiren bat beharbada, auzoren bat.

Uste baino denbora gehiago behar izan du, baina konturatu da asmatu egin duela: errepidea nabarmen zabaldu da halako batean, apenas agertzen da zuhaitzik inon eta etxeak maizago ikusten ditu. Etxe batzuk, etxe multzo batzuk, ezagun egin zaizkio; hori iruditu zaio guztiz logikatik kanpo, sekula ez baita Goizuetan egon, Goizueta inguruetan. Ezagun sentsazio hori, gainera, desagertu beharrean, areagotu egin zaio aurrera egin ahala. Laster ez dauka inongo zalantzarik: Larrabetzu pasatu du, Loiuko aireportu parean dago, baina eskuman uzten ari da, ez ezkerrean; horrek esan nahi du etxera itzultzen ari dela, ez dela han Goizuetarik, saiorik, mendirik, basorik. Etsia hartu du, ulertu du alferrik izan dela ahalegin guztia.

Atertu egin du, hiru-lau tanta baino ez datoz kristalean behera, minutu batean desagertu direnak. Errepidea bera ere nahiko lehor dagoela ematen du, mundu zati honetan euririk egin izan ez balu bezala. Zazpi minutuan heldu da herri-sarrerara eta etxe ondo-ondoan aparkatu du autoa, ataritik bost metrora. Etxeko eskailerak igota, ate aurrean, eskertu du inor ez egotea bertan. Giltza emanda dago.

Logelara joan da zuzen eta soineko zuri-beltza kendu du mugimendu motel batez, soineko marraduna, udakoa, goitik behera bustita dagoena; ohartu da pisua daukala. Aulki baten gainean jarri du sikatzen. Bularretakoa lurrean utzi eta ohera sartu da emeki, ordu honetan hartu beharko lukeen pilula hartu gabe.

Goizueta Goizueta Goizueta Goizueta Goizueta Goizueta Goizueta Goizueta Goizueta Goizueta Goizueta Goizueta Goizueta