Antonio Arrueren 'Pernando Amezketarra’rekin elkarrizketa'
Antonio Arrueren ‘Pernando Amezketarra’rekin elkarrizketa’ –
Testua: Antxoka Agirre
Zeruko Argia, 1963ko irailak 20
Antonio Arrue (1903-1976) asteasuarra saltsa guztietako perrexila eta figura polemikoa izan zen frankismo garaiko euskal kulturgintzan. Karlista eta tradizionalista sutsua, irabazleen bandoan borrokatu zen 1936ko gerran, eta ondorengo hamarkadetan frankismoaren hainbat organotako ateak ireki zizkion horrek. Euskaltzalea ere bazen, ordea, eta euskaltzain ere izendatu zuten, adituek azaltzen dutenez, Euskaltzaindiak frankismoan nolabait bizirauteko erabili zuen izendapenen estrategiaren baitan. Frankismoarentzat zentsore lanetan ibili zela seinalatzen dute hainbatek, baina beste batzuek bere ekarpena ere azpimarratzen dute: Antonio Zavalak, esaterako, Auspoako bertso liburuek zentsura gainditu ahal izateko ezinbesteko laguntza eskaini zuela dio eta adiskidetzat dauka.
Bertso munduan ere utzi zuen arrastorik: Euskaltzaindiaren txapelketetan epaimahaiko ibili zen, eta saioen antolaketarako ere agintari frankistekin bitartekari lanak egiten zituen. Bestalde, idazle joria izan zen, euskal historia, gastronomia edota umoreari buruzko hainbat lan argitaratuz, eta Egan aldizkariaren zuzendari nahiz garaiko euskal prentsako ohiko kolaboratzaile ere izan zen. Bere biografiaren alderdi hauei erreparatuta, bada, ez da harritzekoa bertsolaritza ardatz hartzen zuen fikzio txiki bat argitaratu izana.
Arruek Fernando Amezketarrarekin izandako elkarrizketa bat asmatzen du antzinako eta orduko bertsolariei buruz bere iritzia eman, zeruaz, infernuaz eta bizitzaz galdetuz katekesi pixka bat egin, baserritarrak goratu eta Amezketari buruzko bertso batekin bukatzeko.
-“Berriro jaioko baziñake, zer naiko zenduke izan?
– Bertsolaria.
– Bertsolaria?
– Bai, gaur gañera bertsolariak ondo irabazten baidute. Itxurak ala dira behintzat. Gure denboran kantu-lanak ezer gutxi ematen zuan, eta bertsolariak oso beartsu eta gaizki bizi giñan. Guziok, e? Baña entzun det, badirala gaur –dozenerdi bat baño geiago gañera- bertsolari motorizatuak ere. Lengoan entzun nion Txirrita’ri, gaurko bertsolari batzuek, bertsolari itxura baño amerikano-tankera geiago dutela.
– Ta Txirrita zana ere zuekin zeruan al-dago?
– Bai, aspaldi ontan gure artean dadukagu, baña ez det uste il zanean zuzen-zuzen zerura joan zenik. Purgatorioan edo bear bada taberna-zuloren batean –eztakigu seguru-, egun batzuek pasiak izan bear zituan.
(…) – Ze akats arkitzen dizkiezu gaurko bertsolariei?
– Galdera labaña da au, alazankoa. Baña, tira, zerbait erantzungo dizut. Nere ustez, elkar gutxitxo zirikatzen dute. Baliteke gure denboran guk kontrako ajea izatea, baña gaurko bertsolariak, aukeran, ta esan bezela, elkar gutxiegi zirikatzen dute, nire ustez. Gaurko bertsolariak badute beste akats txiki bat ere: guk baño geldiago, mantsoago kantantzen dutela”.