Pierre Picocheten 'Axigar'
Pierre Picocheten ‘Axigar’ –
Gure Herria, 1924ko azaroa
Pierre Picochet (1899-1981) apez barkoxtarra Zuberoako berriemaile lanetan aritu izan zen Eskualduna aldizkarian eta administrazio batzordeko kide Baionako Gure Herrian. Azken honetan lauzpabost ipuin argitaratu zituen, denak zuberotarrez, tartean eskuartean duguna.
Axigar bertsolari bizizale bihurria da, ahalik eta lanik gutxien eginda gainerakoen kolkotik bizi zalea. Nafarroako erregeak Atharratzera egindako bisita batean bertsotan hartzen du berau eta erregeak dema luzatzen dio: zaldian, karrozan edo oinez egin gabe Pauen erregek duen jauregiraino iristen asmatzen badu idi parea oparituko dio.
Aker handi baten gainean abiatzen da Axigar, parean topatzen duen guztiari bertsotan eginez, eta bidaian zehar nahiz jauregira iristean bizitako abenturek ipuin luze baterako ematen diote Picocheti.
“ (…) Galta ezozü Ezpeleko etxekojaun zaharrari, Axigarren gazte lagünari: behin urdankako bertz handia sükaldetik ebatsi ziozün… Erranen deizü ere Ezpelek, Axigarren urdeak aüzoen alorretan gizentzen zirela (…) Axigar alde orotatik ontsa elkiten zen. Egiak erran behar dÜ koblakari errabiatüa zela, jaunen aitzinean koblaka has eta oro bere alteko ezarten zütüala.
Egün batez, Nabarreko erregea (ordüan Nabarren bazen errege bat, Pauen egoiten zena) igaran zen Zihigan, Iratiko oihanean izanik basurde ihiztekatzen. Besta handi izan zen Zihigan: dantzari zanpillak, peredikü ederrak, hitz batez ohore güziak. Peredikü baten ondotik, Axigar hasi zeion harri handi baten gainetik erregeari koblakan: ‘Agur jaun Errege, mündüan maitatüa!/ Heben da Axigar, gizon aipatüa,/ Orotan ezagütüa, Zihigan haütua…!’
(…) Biarnon ez zen agundaino holakorik ikusi!… Axigar aldiz aitzina, Aita Saintü bat bezain lerden!
Gizon batek espantatürik baitzion: ‘Ques aquo?’. Axigarrek ihardets: ‘Ako, mako! Biarnes, zankoak tük kako!/ Akerra ene aski, sobera dük hiretako…’
Beste batek beitzion: ‘Das bis pasa aquero?’. Axigarrek: ‘Hi akerro, hau aker, zihigarra Ezpeleko,/ bere etxeko jaunak ez egün han ikusiko!”