Aitzol Barandiaran
Aitzol Barandiaran

2023-03-06

Elurrak ezin estali, ordea

Elurrak ezin estali, ordea –

Doinua: Martxoaren lehenengo

 

Elurrak ezin estali, ordea

 

 

Otsailak egin digu
azken faborea,
atarira ekarriz
postal dotorea;
bazterrek hartu dute
zuri kolorea
ezin elurrak dena
estali, ordea.

 

Pozik Josu Jon eta
bere sektorea;
krisi historikoan
etekin doblea.
Gurean hotza dago
erradiadorea.
Ezin elurrak dena
estali, ordea.

 

Soldata arrakala…
eraso oldea…
gizarte gaixo baten
adierazmoldea.
Zortzian jantz dezagun
kareta morea!
Ezin elurrak dena
estali, ordea.

 

Erdal akelarretan
harro umorea
grazia Akerbeltzen
uzkian gordea.
Lotu dezagun gure
barne-zentsorea…
ezin elurrak dena
estali, ordea.

 

Zenbait epailek ere
badu balorea
euskarari kentzeko
bere balorea.
Fobia ez da egun
bateko lorea…
ezin elurrak dena
estali, ordea.

 

Barkatu ez uztea
aho-zaporea
lehenengo aldirako
hau baino hobea;
nahiko nukeen ezkuta
nire dolorea
ezin elurrak dena
estali, ordea.

 

Elurrak ezin estali, ordea