2023-03-02
Ez isuri odolik
Ez isuri odolik –
Ez digute lehiakorrak izaten erakutsi, batzuoi besteei baino gutxiago. Edonola ere, lehoietara bota gintuzten txikitan, eta lehiatu egin gara umetatik.
Lehia zaitez, baina ez desio irabaztea, talde bat zarete, hau ez da kirola. Ez dakit bateragarriak diren gure diskutso lagunkoiak eta bertsolaritzan dagoen lehia. Agian bateragarriak bai, baina noren zaurien, noren odolaren kontura?
Sariketa batean ondo kantatzen ari zara, eta irabazi zenezakela uste duzu, baina ez esan hori sekula altuan. Ondokoek esan dizute aurretik zoazela, eta orduan bai, sinestu duzu zertxobait gehiago, baina inoiz ez duzu esango “bai, nik ere irabaziko dudala uste dut”, hori ez dago ondo, harroputzegia emango duzu. Iritsi da gai-jartzailea puntuekin, epaia: hirugarren egin duzu. Krak. Egin irribarre, publikoa zuri begira egongo da eta. Hurrengo orduan “zorionak e” pila entzungo dituzu, eta zuk “eskerrik asko”, “bai, bai, gustora” eta horrelako orokorkeriak erantzungo dituzu. Ez dira guztiz faltsuak, egindakoarekin gustura geratu zara, eta zinez pozten zara irabazi duen kidearengatik. Baina kotxean, bakarrik zaudenean, hautsi egingo zara. Odola.
Ez jarri itxaropenak goregi, erortzean kolpeak min gehiago egiten du. Hori errepikatu izan diot behin baino gehiagotan nire buruari. Hobeto helburu egingarri bat jartzea: ez egin azken.
Txapelketa, sariketa edo dena delako batean egon arren, lehiari garrantzia kendu behar diogu, guk ez dugu ondokoa zapaldu nahi eta. Baina batek egiten du aurrera, edo hiruk lortzen dituzte beraien helburuak, eta hamabostek bukatzen dute zaurituta, odoletan.
Kontua da min, itxaropen eta beldur horiek ez direla norberarenak, kolektiboak direla. Lehiatuko bagara, gutxienez zintzoak izan beharko ginateke elkarrekin, edo behintzat norbere buruarekin. Ezin dugu jasotzen dugun kolpe oro irribarre baten atzean ezkutatu, ezta gure espektatibak eta gogoak ere. Nola, zertarako, norekin eta noren kontra lehiatu nahi dugun erabaki beharko dugu.
Zuk ikusi “gu” horren barruan islatuta sentitu zaren edo ez, baina batzuei erakutsi dizuete lehiakorrak izaten, irabazten, eta norgehiagoka kudeatzen. Lehia ez dago besteon neurrira eginda, ezta lehiaketaren arauak ere.