Bertsolaritzaz fikzionatzen: hamar ipuin eta poema narratibo bat

Bertsolaritzaz fikzionatzen: hamar ipuin eta poema narratibo bat –

Aldizkariak 30 urtetik gora baditu ere ariketa berria da hau guretzat: kazetariak edo bertsolariak beharrean, idazleak jarri ditugu lanean. Eta euren berezko langintzan, fikzioa egiten. Honela, nolabait, eta batetik edo bestetik, bertsolaritzarekin zerikusia izango zuten fikziozko testuak eskatu dizkiegu.

 

Bertsolaritzaz fikzionatzen: hamar ipuin eta poema narratibo bat

 

Luzaroan esan izan da euskal idazle askok, auzokoen arteko gaizki-ulertu eta karrankak edo, ez ziola sinpatia handirik bertsolaritzari. Guk ez dugu horren arrastorik topatu, abegikor erantzun diote idazle guztiek gure deiari, eta hamaikako
dotorea osatu dugulakoan gaude: Joxean Agirre, Oihana Arana, Bertol Arrieta, Itxaro Borda, Unai Elorriaga, Martin eta Xabier Etxeberria, Julen Gabiria, Miren Gorrotxategi, Miren Agur Meabe, Juan Luis Zabala eta Iban Zaldua.

Enkarguz egindako ipuin bana ekarri digute —Miren Agur Meaberen kasuan hitz lauz beharrean poesia narratibo gisa osatua—, Juan Luis Zabalak salbu. Honek jada idatzia zuen bertsolaritza eta zientzia fikzioa uztartzen dituen pieza luzea, eta ez zaigu zentzuzkoa iruditu berri bat eginaraztea. Horregatik du bereak nabarmen orrialde gehiago, gainerakoei eskatu dieguna ipuin labur bana izan baita.

Oso lan anitzak eta interesgarriak ekarri dizkigute, eta dotore gelditu dira Paula Heras ilustratzailearen irudiekin jantzita. Azkenik, sarrera gisa funtzionatzen duen testu bat ere eskaini nahi izan dugu, prentsako ipuingintzan bertsolaritzak izan duen presentziaren errepasoa eginez.

Urtero saiatu ohi gara Durangoko Azokara begira neguko zenbakian zerbait berezia egiten. Eskuartean duzun hau ere, ezin uka, bada zerbait berezia.

Ale hau paperean eskuratu nahi bazenu galdetu zure auzoko liburudendan, ELKAR-en dendetan, edo nahiago izanez gero idatzi zuzenean helbide honetara: administrazioa@bertsolari.eus

Gozatuko duzulakoan, agur bat.

Bertsolaritzaz fikzionatzen: hamar ipuin eta poema narratibo bat