2023-02-17
Okupazioa
Okupazioa –
Ari dira albisteetan beste behin, halako ekimen Euskal Herrian ospatzeak lurraldera ze aberastasun dakarren neurtzen, kulturari herri honetan medio nagusiek ematen dioten balio unitatean: alojamendu eskaintzaren okupazioaren ehunekotan. Irudikatu dezakezue inor Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala Iruñean egiteak dakarrena unitate horretan baloratzen edo Barakaldotik atera izanaren inpaktua galera horietan neurtzen? Ez, ez luke zentzurik; badakigu furgoneta egokituen eta karabanen komunitatea dela gurea.
Interesgarria da hala ere, urteko egutegia hartu eta logika horretan begiratzea. Alegia, uda goi denboralditzat har liteke, eta negua denboraldi apaltzat, egun seinalatu jakinak salbu. Eta gure lan egutegietan bezalaxe, bertsolarion egutegian santutegiak sekulako pisu espezifikoa duela ulertzeaz gain, ikusiko genuke modu desorekatuan biltzen zaigula gehienoi lana.
Akaso otsailean gaudelako ari naiz kontu hauei bueltaka, astebururoko joan etorriak baretu eta atsedena martxorako indarrak bildu nahian baliatzeko. Beste hiru dei jaso nituen atzo, martxoan eguerdi-arratsalde zein gau gainezka ageri diren asteburuetarako. Ezetz erantzun behar, otsailean nahi badute ia edozein egun izan litekeela irentsiz. Baina otsaila ez baita martxoa, halako goi denboraldi bat diseinatu dute ustezko berdintasunaren izenean. Eta hotel handiak betetzeak txikiei mesede egiten dien neurrian, Santa Ageda bezperak bertsolari desberdin asko entzuteko aukera dakar, edonor libre egonik ezagutuko ez genituzkeen bertsolariak deskubritzekoa. Berdintsu martxoan, sarea begi berrietara zabaltzen da eta hori gauza ederra da.
Osinagari irakurri nion, goi denboraldiari dagozkion tarifak aplikatu behar litzaizkiokeela martxoan egiten den pink washing eszenikoari. Ez dakit horrek urteko desoreka ezertan baretuko lukeen, baina praktikan egia da martxoko estualdiak ordainduko dizula otsaileko autonomo kuota.
Eta Itzuliko etapak hotel handiei baino kanpinei gehiago eragiten dien bezala, guk gasolindegi, aparkaleku ireki eta ordu txikietan hartuko dugu elkar martxoko bideari ekiteko. Gure okupazioak alojamenduarekin baino zerikusi handiagoa du bidaiekin; eta erregaien prezioa goi denboraldia gailurrera eramaten ari den honetan, zorionez ez gaitu horrek mugitzen batetik bestera.