Gai gara

Gai gara –

Jon Martin Etxebeste (EHUko irakaslea, doktorea Psikodidaktikan, bertsolaria) BERRIAn.


 

Txapelketako gaiek eta ideiek balio dute herriaren interesguneak detektatzeko, adostasun zaharrak finkatzeko eta berriak eraikitzen hasteko. Jendartean bolo-bolo dabiltzan iritzien formulazioak dira batzuetan bertsolarienak, eta besteetan iritzi publikoaren aurretik doaz haien diskurtsoak. Bertsolariek denetariko ikuskerak dituzten pertsonak ezagutzeko aukera dute plazaz plazako ibileran, eta gutxik bezala hartu dezakete besteen interesen neurria. Txapelketa iristerako badakite zeri eta nola kantatu nahiko lioketen. Ez dute beti gaiek hori ahalbidetzen, eta hala behar du gainera bat-batekotasuna bermatzeko.

Aldatu da mundua azken bost urteetan eta aldatu dira gaiak ere. Familiaren instituzioak garrantzi gutxiago izan du final honetan aurrekoan baino. Aurrekoan guraso posiziotik kantatu zuten ofiziotan zein bakarka, eta oraingoan guraso-seme posizioa behin soilik kokatu zuen gai-jartzaile taldeak, familiako kide izaera bakarkako batean soilik aipatu zen eta guraso ez izateko desioa bera izan zen kantagai. Bestalde, bertsolariak ez zituzten behin ere bikotekide roletan kokatu ofizioetan. Oraindik ere orientazio sexuala gai zentral izateko bezainbesteko pisu daukan gaitzat jotzen da eta transgresorea izan daiteke kulturalki.

 

Gai gara

 

Bost urteko gaiak

Duela bost urteko finaletik aurtengora, ordea, errepikatu egin dira lanarekin zerikusia duten hainbat gai. Lan baldintzak eskastu direlako lana uztea edo grebara jotzea presente egon da aurten ere (aurrekoan zamaketariak eta irakasleak izan ziren protagonista, eta aurtengoan osasuneko langileak). Bolondres lanean dabiltzan pertsonen profesionalizazioa eta zahartzea ere errepikatu da, baita denda txikien jabeen eta abeltzainen zailtasunak ere. Helduok egiten dugun teknologiaren gehiegizko erabilera, hondakinen kudeaketa, eta genero indarkeria kasu baten aurrean jarraitu beharreko pausoen aurreko zalantzak dira errepikatu diren beste gai batzuk.

Txapelketako gairik garrantzitsuenak ganbarakoak izaten dira. Zortzi bertsolarien gaitasunaren neurgailurik objektiboena da, zortziak abiatzen baitira egoera bertsutik. «Irribarre konplizea egin diozue elkarri», iradoki zuen Ion Altunak. Gaiak bi pertsonaren arteko ez ahozko komunikazioa zuen ardatz: lotura afektibo bizia, gertaera baten aurreko erreakzio baikorra. Duela bost urteko ganbarakoak, berriz, bide ezkorretara zeramatzan: «Atetik sartu zarenean, isildu egin dira denak». Sartu aurreko zarata eteten zuen ezustean protagonistak. Lehen pertsonan aurkezten zen protagonista eta gainontzekoak ziren erreakzionatzen zutenak; «bestetasuna» azpimarratzen zen, beraz. Final honetan bistakoa izan da baikortasunerako joera. Ezaren gudaz baietza sortzetik baiezkoaren gudaz ezezkoak urratzera igaro da bertsogintza.

Estiloari dagokionez, Lujanbiok mikroekintzetatik irakurketa sozial zabalagoak egiteko joerari eutsi dio; eta zenbait bertsolarik formulazio poetikoagoen hautua hartu dute. Ametsek, adibidez, kontaketa lehen puntuetara eraman eta formulazio poetikoak azken puntutara desplazatu zituen, argudiaketen kontundentzia arrazionala lurmenduz. Formulazio aldetik azpimarragarria izan da kontsagratzen ari den belaunaldiaren estiloa. Twitterreko belaunaldikoak izanagatik sare sozial horretan ez parte hartzea erabaki duten bertsolarien erakusgarri izan zen Illarregik eta Gaztelumendik egindako hamarreko txikia, zeina leitzarrak «barka zaidazu, baina ez nuen espero» esanez hasi baitzuen, eta añorgarrak «lasai, ez zara eta lehenengoa izan», erantzunez. Ahozkoari lotua, sinesgarria, baina zartakotarako anbiziorik gabea.

Euskara erdigunera itzuli zen igandean. Euskararen gaia berariaz izan zen ardatz. Duela bost urte Sarriegik hizkuntza ohiturak ekarri zituen ganbarako lanera irakasle gelan gaztelaniaz hitz egiteko ohitura zuten langileei kargu hartzeko. Aurtengoan, ezagutzaren gorakada apaldu eta erabileraren datu askok beherantz egin duten garaian, euskaraz bizitzearen erronkari heltzeko gonbita berritu zen. Arzallusek euskararen ertzeko izaera («beltzetan beltzen eta transetan transen») ekarri zuen zentrora. Bilboko azken finalaurrekoan dagoeneko bere asmoen berri emana zuen Ametsek: «Gaur abenduak 3a / ta nik barrena dut sutan. / Hizkuntzaren agonia / saltzen da promes faltsutan. / Bortizkeriaz ezin da / mintzatu ez bada damutan / ta nik egunero bortxa / pairatzen dut mihi puntan / Euskaldun jaio izanaz / amorratzen naiz batzutan… / Orain larrialdi globala / dago guztion burutan. / Bukatua dagoela / dirudien mundu huntan / bukatu gabeko herri bat /gelditu zaigu eskutan».

Pandemia bat igaro du munduak eta haren osteko mundu zartatu bat geratu zaigu (Ametsen Bilboko agurra). Osasun krisiaren albo-ondorioak zentroan jarri zituen arratsaldeko lehen ofizioak: jende askorekin elkartzeak ezeroso sentiarazten zuen pertsona baten gorputzean jarrita; bertan performatu egin zuten pandemiak jarrerak, iritziak polarizatu egin dituela elkarrekiko enpatia ahultzeraino. Sustraik ideia indartsua formulatu zue sei puntuko motzean: «kapitalismo salbaian / jarri gaituzte salmahaian». Hitz jokoaren bidez sistema ekonomikoak zeharkatzen dituen osasungintza eta hezkuntza eztulkaria ekarri zituen gogora. «Erretako mundu honek sarri saltzen digu kea», aipatu zuen Ibarzabalek, eta Lujanbiok berariaz ekarri zuen zentrora azken ganbarakoan pandemia ondorengo mundu post-apoliktiko hau, zeinetan kudeaketa publikoaren eraginez komuna dena «komun zulotik» joan den eta indibidualismo pertsonalaren ondoren «elkar zaintza» haizeak eraman duen. Nortasun aldetik kolektibotasuna urratuta geratu zaigu, ixolaldiaren indibidualizazio prozesua azkartu du: «hobeak irten behar genuen / ta lehengoak irten gara», amaitu zuen lehen bertsoa. Txapela bururatu ondorengo agurrean, ordea, etsipen horren kontrapisuko mezua zabaldu zuen: «desesperantzari» «borroka irabazteko». Ibartzabalek gogorarazi zigun «ekintza iraultzaile bat» dela elkarri entzutea; eta hala izanik, dantzatu dezagun mingaina, eta besteren ekarpenak jasotzeko denbora guregana dezagun. Sor ditzagun mundu bukatu gabe honi forma emango dioten hiru (uni)bertso, nahi dugun doinu eta neurrian. Gai gara.

Gai gara Gai gara Gai gara Gai gara