Behetik gora elkar hartuta
Behetik gora elkar hartuta –
Doinua: Bizkorra ez naiz baina badaukat
Garai ilunak datozkigula
ei dator aro makurra,
Covid-arekin ostu ziguten
barruko kemen apurra.
Ukrainako gerra hau ere
ez da izango laburra.
Denok izutzen eta bakantzen
sutsu ari da lapurra,
lanean dauka zakurra. (BER)
Zabaltzen ditu erdi egiak
edota gezur gezurra,
garagardoak bitsa bezala
behar du sistemak beldurra. (BER)
Farmazeutikek atera zuten
sekulako etekina,
armagin eta energetikek
lortu nahi dute berdina.
Etsaiak sortu, argia igo
ongi probokatu Txina…
Etengabeko krisian soilik
baitabil martxan makina,
kapitalismo zikina. (BER)
Gutxik gehiegi nahi duelako
du askok bizi ezina,
eta gaitz erdi tranpa horretan
eroriko ez bagina. (BER)
Politikoak dira enpresen
txotxongilo erosoak,
demokrazia deitzen dioten
zirkuaren pailazoak.
Horien oso gainetik datoz
aginduak, erasoak.
Kikildu egin gaitezke edo
batera eman pausoak
jan ez gaitzan marrazoak. (BER)
Behetik gora elkar hartuta
sortu sistema osoak,
Goitik inortxok ez baitizkigu
konponduko arazoak. (BER)
MIKEL ARRILLAGA BEREZIARTUA