Xabi Paya: “Maialen Lujanbio hasieratik ibili zan ganetik”

“Maialen Lujanbio hasieratik ibili zan ganetik” –

Xabi Paya, Bizkaia Irratiko “Goizeko Izarretan” podcastean.


 

“Maialen Lujanbio hasieratik ibili zan ganetik”

 

Xabi Paya bertsolariarentzat, Maialen Lujanbio ganetik ibili zan atzoko finalean hasieratik. Holan azaldu deusku Goizeko Izarretan irratsaioan. Xabi Payak egindako kalkuluen arabera, bost puntura geratu zan Aitor Mendiluze buruz burukoan sartzeko Amets Arzallusen atzetik. Sustrai Colina be puntu gitxira lotu zalakoan dago. Xabi Payak ez eban Amets buruz burukoan ikusten. Nerea Ibarzabal bertsolari bizkaitarraz be itaundu deutsagu. Bizkaiko txapeldun markinarra goranzko bidean ikusten dau Xabi Payak.

Finalean egon ziran gai batzuri buruz nahiko kritiko berba egin dau Algortako bertsolariak. Gai zabalegiak izan dirala salatu dau eta bapatekotasuna oinarri dauen bertsolaritzan gai zehatzagoetara jo beharko litzatekela uste dau Payak.

Gogoratu daigun Maialen Lujanbiok jantzi dauela Euskal Herriko Bertsolarien Txapelketa Nagusiko txapela. Amets Arzalluzegaz buruz-burukoan lehiatu zan eta hirugarrenez txapeldun izatea lortu dau 46 urte daukazan hernaniarrak. Sekulako giroa atzo Nafarroa Arenan, 13 mila bertsozalek zortzi orduz bertsolarien ariketa guztiak hurretik jarraitzen egon ziran. Batzutan be dagoeneko finaletako ikur bihurtu dan olatuagaz olgetan eta pozik aulkietatik altxetan. Iñaki Muruak jantzi eutsan atzo Maialen Lujanbiori txapela.

Maialen Lujanbio buruz burukoan Amets Arzallus baino hobeto aritu, oreka berbearen aurpegi gehienak erakutsi ebazan eta munduaren etorkizuna gure esku badago B planik ez dagoala argi eta garbi erakutsi eban, oso dotore erakutsita.

Bigarren Amets Arzallus lotu zan. Buruz burukoan bederatziko txikian Oreka berbea emonda euskeraren orekez eta desorekez berba egin eban. “Ez dago B planik” gaia emonda hiru bertsotan aitari mutila dala esaten deutson alaba baten ahotik kantau eban Ametsek. Hirugarren postuan Aitor Mendiluze, 1.507 puntugaz; saio ederra egin eban teknikan maisua dan bertsolariak. Laugarren Sustari Colina Iruñean bizi dan lapurtarra, 1.495 puntugaz.
Puntu t’erdira, bosgarren Alaia Martin gertau da. Oiartzuarrak “Begirada konplizea bota deutsazue alkarri” gaiari jarraituta pasinoz betetako hiru bertsogaz publikoa bereganatu eban atzokoan.

Seigarren Beñat Gaztelumendi 1.443 puntugaz eta zazpigarren Nerea Ibarzabal Salegi bizkaitarra 1.435 puntugaz. Nereak, osabak sexu gehiegikeriak eragin eutsazan gazte baten azalean sartu zan atzo eta sekulako bertso sorta bota eban. Markinarraren hasierako agurra bikaina eta azken agurra enmarketako moduakoa.

 

Entzun audioa osorik

 

“Maialen Lujanbio hasieratik ibili zan ganetik”