Iñaki Murua: “Dezaketena egiteko aldartea izatea opa diet bertsolariei finalean”

“Dezaketena egiteko aldartea izatea opa diet bertsolariei finalean” –

Estitxu Eizagirrek ARGIAn.


Iñaki Murua. Gabirian 1956an jaioa. Bertsolaria. 1982 eta 1986ko Bertsolari Txapelketa Nagusietako finaletan kantatutakoa. Bertsozale Elkarteko lehendakaria 2005etik 2018ra. Aurtengo argazki nagusian aterako dela dakien bertsolari bakarra. Umore zorrotzez begiratzen dio momentu goren horri.

“Dezaketena egiteko aldartea izatea opa diet bertsolariei finalean”

 

Zein modutan jaso zenuen txapela janzteko proposamena?

Duela denbora dezente zuzendaritzako kide batek esan zidan. Nire “lan” horretan gustura aritu naiz, zoriontsua izan naiz, eta alde horretatik harriduraz hartu nuen, ez nuen espero. Jakin denean, jendeak azaldu didan pozarekin gustura nago, poz horren ordezkari izan naiteke finaleko oholtzan.

Txapelketa publikotik jarraitu duzu. Zerk eman dizu arreta?

Batetik, gaiek: ausartak iruditu zaizkit, gaiek bere lekua eta protagonismoa hartu dute. Orokorrean gai desberdinak, berriak izan dira. Asko gustatu zait gaien aldaketa.

Bestalde, iruditzen zait bertsolari gazteak oso indartsu datozela. Inbidia handia ematen du, gaiei zer txispa eta zer mami ateratzen dieten ikusita. Bat aipatzearren, Bilboko saioan Saioa Alkaizak ganbarako lanean Gabriel Arestiren “Nire aitaren etxea defendatuko dut” poemako ekarpenak sartu zituen. Ni neu han nengoen, baina Jon Martini telebistako iruzkinetan entzun nion arte, momentuan ez nintzen jabetu. Martinek hor egin duen ekarpena kontuan hartzekoa da eta bestalde, horrek Saioaren alde hitz egiten du, nahiz eta ez den sailkatu. Eta Saioa bezala beste saio asko egin duen jendea ekarri nahi nuke gogora.

Zure ustez, zein dira aurtengo finalaren bereizgarriak? Hogei urte barru atzera begiratuta zer ikusiko dugu?

Finalerako geratu den zortzikotean denek erakutsi dute sekulako lana egiteko gai direla, eta espero dugu saio bikain bat egitea. Dezaketena egiteko aldartea izan dezatela opa diet.

Finalak baditu beharrezko osagaiak bertsozaleok gustuko elikagaia izan dezagun. Nafar bat izatea, gu txapelketa antolatzen ari garen garaietan lehen aldiz, ederra da. Gaztea da gainera, txapelketako gazteena.

Genero ikuspegitik begiratuta, lehen aldia izango da historian hiru emakumezko arituko direna. Hori ere kontuan hartzekoa da.

Zu zara oholtzara igoko den bederatzigarren bertsolaria. Finaleko une gorenean, doinu berririk aterako duzu?

Doinu parkinsonianoa deitu beharko diogu. Ez dakit ikarak aukerarik emango didan kantatzeko. Ez nuke momentuan arriskatu nahi, txapeldunak izango duen emozio guztiarekin, eta ni hor garai batean elizaren ordezkari Juan Pablo II.a bezala, sekulako dardarekin neure buruari loreak jarri nahian hasi eta ezer tajuzkorik ez egiteko… Oraingoz behintzat lasai nago. Ez daukat kantatzeko konpromisorik ez obligaziorik, eta gustura nago. Gainera Joxe Agirrek txapela janzterakoan hiru bertso kantatu zituen eta Imanol Lazkanorena eta nirea ere hor botea izango du…

Zuri, Bertsozale Elkarteko lehendakari zinela, egokitu zitzaizun txapela eman behar zuenari deia egitea. Ba omen duzu pasarte berezi bat…

Zuzendaritzako bilera batean, txapelketa antolatzen buru-belarri zebilen Jon Agirresarobe “Torrotxo”k esan zidan Sebastian Lizasori ahalik lasterren esan behar zitzaiola txapela berak jarriko zuela.

Joxe Lizaso bertsolari handiaren errautsak Txillarramendin boteak zeuden eta Sebastiani hots egin nion leku hori bisitatzeko asmoz. Hor joan ginen Aritz Zerain eta biok.

Leku hartara iristean, Joxeri hizketan hasi nintzaion: “Joxe, zuk erabaki zenuen mundu honetatik ti-ta joatea, bere garaian bertsotan adierazi zenigun izaera horren froga gisa. Zeu beti txapelarekin ibili zinen, baina txapeldun bati txapela janzteko aukerarik ez genizun utzi. Hala ere, baduzu seme bat txapeldun izana, eta orain berak jarriko dio txapeldunari. Zuk izan ez zenuen aukera eskainiko diogu”.

Sebastian pasatuta geratu zen, maldizio bat atera zitzaion.

“Dezaketena egiteko aldartea izatea opa diet bertsolariei finalean” “Dezaketena egiteko aldartea izatea opa diet bertsolariei finalean” “Dezaketena egiteko aldartea izatea opa diet bertsolariei finalean” “Dezaketena egiteko aldartea izatea opa diet bertsolariei finalean”