Amets Arzallus: “Dramaren erabilerarekin zalantza etiko pertsonala dut”

Dramaren erabilerarekin zalantza etiko pertsonala dut –

Eli Pagolak ARGIAn.


 

Abenduaren 3an, Bilboko azken finalaurrekoan, Anttoniri eskean hasi eta honek “ea barrura zatozen” erantzun. Nori eta Amets Arzallusi, jokorako horrelako deirik alperrik galtzen ez duen azeriari.

 

Dramaren erabilerarekin zalantza etiko pertsonala dut
Amets Arzallus Bertsolari Txapelketa Nagusiko Bilboko finalaurreko saioaren ostean. Argazkia: Xenpelar Dokumentazio Zentroa.

 

Jokoan ez zegoen gutxi eta hasierako agurretan nabari zen nor zer gorputzaldirekin zetorren. Ze giro zenuten oholtzakideek?

Saioa baino ordubete lehenago elkartzen gara, beraz, denbora pixka bat pasatzen dugu elkarrekin.

Larunbatean talde giro oso ona izan genuen, halakoetan bakoitza berea egitera doa bere korapilo eta helburuekin, baina, taldeak garrantzia du eta elkar laguntzeko giroa zegoen. Ni banaiz batzuetan ixtekoa, nirean biltzen dena eta, alde horretatik, atzokoarekin oso eskertua nago.

Seigarren Txapelketa Nagusia duzu honakoa eta bosgarren finala. Lehen itzulian finalera sartzeko langa izan zara. Hala ere, inork gutxik jartzen zuen zalantzan finalean izango zinenik. Berdin bizi izan duzu hori?

Hori errazago ikusten da kanpotik barrutik baino. Hala ere, nik zalantzak irakurtzen nituen ingurukoen aurpegietan, ziurrenik nireak zirenak, neronek proiektatzen nituenak.

Beste aldera, Bilboko saiorako banuen ilusio baten sinesmena, esperantza nuen haria harrapatuz gero finalerako bidea egin nezakeela. Nire zalantza, ikara eta barne fronte askorekin, ez nintzen finalerako beroketa saio bat egitera joan, nire ustez, ez nuen finalik eskutan.

Zenbait bertsoalditan jolasti ibili zara, hala Donibane Garaziko bakarkakoan, nola Bilbon hamarreko txikian. Txapelketan jolaserako dirudiena baino leku gehiago dago, ala?

Txapelketa bertso txapelketa da eta ezin da jolasetik bereizi. Batzuetan, jolasak dena baino azalekoagoa dirudi. Agian tono serio eta arrazionaltasun lehorretan erortzen gara arrisku gutxiago ikusten diogulako, jolasak labainkorragoa dirudielako. Nire kasuan, jolasti banabil, ez dakit adinaren kontua den, arriskuak eragiten duen tentazioa edo gaiek horretara bideratu nautela sentitu dudalako unean. Behar bada, denaren nahasketa bat.

Mami aldetik, hasiera batean behintzat, epika askorik gabeko gaiak hautatu dituzu, marihuana probatu duen agurea, futbol taldetik kanporatu izana ulertzen duen jokalaria… Gertuko bertsokera baten bila zabiltza?

Donibane Garazikoa ez zen nire gustu osoz hautatua, kontsignari ez nion aurkitu besterik.

Bilbokoa, berriz, beste gai bat da, kontzientziatik gehiago zuen. Ez da txapelketako kontua, oro har, saiatzen naiz nire bizitzako gaiekin loturak aurkitzen eta hortik kantatzen. Dramaren erabilerarekin zalantza etiko pertsonala dut eta ez da ekiditea, baizik, eta drama txiki eta handiak daudela eta txikien artean pisuzko gaiak egon badaudela.

Dramaren desdramatizazioak badu jolas puntu bat eta hari horiekin josi nahi ditut bertsoak, nire terreno eta gogoetetatik.

Ze gorputzaldi utzi dizu BTN22-k biharamunean?

Oraindik Bilbokoa barneratu gabe dut, baina, gorputzaldi ona utzi dit, eta aurrera egiteko aukera, jakina. Egindako lan batzuekin gustura geratu naiz eta, saio bezala, uste dut, bizipen ederra izan zela. Atzera begira jarrita, finalak aipatzen dira eta final bat beti da berezia, baina, finalerdi batzuk memorian geratzen zaizkio bati eta hau horietako bat izango da.

Dramaren erabilerarekin zalantza etiko pertsonala dut Dramaren erabilerarekin zalantza etiko pertsonala dut